Etxebizitza hutsen harira

Duela hilabete pare bat, 380 zenbakia idatzita zuten txartelak agertu ziren herrian itsatsita.


Duela aste pare bat, Villabonan 380 etxebizitza huts dagoela zehaztu zuen Segik. Eta etxebizitza horiek guztiak hutsik dauden bitartean, etxe berriak eraiki eta eraiki ari direla salatu zuen. Etxe huts horiek alokairuan edo salneurri duinean zergatik jartzen ez diren ere galdetzen zuen. Hainbat herritarrek gaiaren inguruan duen iritzia azaldu du.

 

Maialen Ezkioga
Etxe gehiegi, hutsik edukitzeko. Egun, dagoen arazorik handienetakoa dela ikusita, oraindik eta gehiago. Alokairuan jarri beharko lirateke, eta merkeago. Behar gehien duten herritarrei emango nieke lehentasuna, babes ofizialeko etxeetan sartzen ez direnei eta gazteei.

Sergio Barcina
Irtenbidea okupatzean dagoela uste dut, etxeak hutsik egoteak ez dauka zentzurik. Etxe bakoitzaren egoeraren arabera, berritu edo bere horretan utziko nituzke. Alokairua eta erosteko aukera, bi aukerak bultzatuko nituzke. Salneurri merkean, noski.


Jesus Parron
Gaizki iruditzen zait etxeak hutsik egotea, jende gazte asko pisu faltan baitago herrian. Erabiltzen ez diren etxe hutsei irtenbide bat aurkitu behar dio Udalak. Eskaera handia dago eta etxebizitza gutxi. Babes ofizialeko 20 etxebizitzen zozketarako begira zenbat jende.

Alazne Mendizabal
Lastima iruditzen zait horrenbeste jendek beharra eduki eta hainbeste etxe hutsik egotea. Neurria zein den ez dakit baina, etxeak hutsik egotearen arrazoia aztertu eta gaia bideratu beharko litzateke. Hutsik dauden etxeak erabili egin beharko lirateke, alferrik galtzen dira bestela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!