Kauta taldea disko berriaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 19a, 12:10

Mikel Moreno (gitarra eta ahotsa), Adrian Elustondo (baxua) eta Gorka Mendizabal (bateria); zarauztar bat eta andoaindar bi. Hirurek, ordea, Kauta taldea osatzen dute.

Hasierako garaiak, kaleratuak dituzten bi diskoak eta etorkizuna hizpide izanik, hauexek Mikelek eta Adrianek kontatutakoak.

Kauta taldea, orain zazpi urte sortu zen Andoainen. Nola gogoratzen dituzue hasierako garai haiek?
A. Nostalgia puntu batekin agian. Zerotik hasi ginen; ilusio handiarekin geunden eta horrela, lokala lortu, guztia prestatu…,  oroitzapen politak.
M. Bai gainera badirudi aspaldiko zerbait dela taldearen sorrera hura. Egia da zazpi urte pasa direla, baina taldean ere aldaketak gertatu dira eta horrek sentsazio hori areagotzen duela uste dut.

Nola izan zen taldearen sorrera?
M. Egia esan, txiki-txikitatik izan dugu musikarako zaletasuna. Ikastolan gure planak egiten joaten ginen eta gure musika talde horretan asko pentsatzen genuen. Urte batzuen bueltan, garai hartan laukote bat elkartu ginen eta behin lokala lortuta, entsaiatzen hasi ginen.

Orain, urte batzuk badaramazue musika munduan. Zer eskaintzen dizue zuei musikak? Zer aportatu?
M. Niri pertsonalki gauza asko ematen dit musikak. Nire burua hobeto ezagutzen laguntzen dit, egun txarretan terapia modukoa ere izan liteke, gauzak adierazteko bidea ere bada, harreman handiak egiten dituzu…, puntu ezberdin asko biltzen ditu musikak.

Denbora laburrean jauzi handia egin zenuten. Taldea sortu eta hiru urtera, 2004an  “Izan zaitez zu” diskoa jada kalean zen. Zer sentipen duzue lehen disko haren inguruan?

A. Sentipen bat, agian, dena oso azkar pasa izana da. Abesti batzuk egin, maketa grabatu, Euskadi Gazteako maketa lehiaketako saria irabazi eta sei hilabetera diskoa grabatu genuen.
M. Egia da oso azkar pasa zela guztia baina lehen disko hartako oroitzapen oso onak ditut. Lehenengoa beti da berezia. Esperientzia berria da, xarma berezia du eta freskotasun handia.

Lehen diskoa kaleratu eta hirurogei eta hamar kontzertu egin zenituzten. Esan, erraz egiten da; baina, egin?
A. Batetik oso pozgarria da horrenbeste kontzertu egiteko aukera izatea. Baina bestetik, nekea ere handia dakar. Leku askotan jo genuen; sarritan, astean bi kontzertu egiten genituen eta batzuetan baita hiru ere.

2006. urtean argitaratu zenuten zuen bigarren diskoa: “Biluzik”. Zer dela eta “Biluzik” titulupean?
M. Momentu batean gitarjoleak taldea utzi egin zuen. Egoera berria zen hori guretzat, gure kezkak ere bagenituen…, baina jendearen aurrean “biluztea” pentsatu genuen; norbera den bezala orduantxe ikusten delako. Biluzketa bi zentzutan izan zen: bai musikari eta baita hitzei zegokionez  ere. “Biluzik” lana, zerbait gardena, pertsonala eta gu garena da.

Asier Serrano eta Joseba Sarrionandiaren hitzak ere musikatu zenituzten bigarren lanean. Nolatan ekimen hori?
M. Guk kantuak sortzerakoan normalean gai bat aukeratzen dugu eta gaiaren araberako musika eta melodia egiten dugu. Behin kantua egina dagoela, hitza jartzen diogu. Eta orain artean beti zentzu horretan egin izan dugunez, alderantziz egitea pentsatu genuen. Zerbait ezberdina probatzearren pentsatu genuen Asier Serrano eta Joseba Sarrionandiaren hitzak musikatzea. Eta egia esan, ondo egon zen esperientzia bezala.

Nahiz eta urte honetan kontzerturen bat edo beste eman, iazko urte amaieran eman zenuten bukatutzat “Biluzik” bira. Zer moduzko balorazioa egiten duzue?
A. Gu oso sentsazio onarekin geratu gara. Kontzertu ugari eman dugu, asko disfrutatu dugu, jendea ezagutu dugu…,  balorazio oso ona egiten dugu.

Kontzertu ugari eskaini duzue azken bira honetan. Horietatik bat, berezietan bereziena aipatzeko gai izango al zinateke?
M. Azkena eman genuen kontzertua “Hatortxu Rock”ekoa berezia izan zen. Denbora dezente generaman jo gabe baina, oholtza gainean oso gustura eta soinuarekin ere pozik gelditu ginen. Beharbada, leku handietan orain arte sentitu ez duguna lortu dugu azken kontzertu horretan.

Kauta taldearen bilakaeran, zenbait aldaketa ere jasan duzue. Esaterako, laukote izatetik hirukote izatera igaro zineten. Nola egiten zaio aurre egoera berriari?

A. Ba egia esan, kosta egiten da. Hasiera batean beste gitarjole bat hartzeko asmoa genuen eta lokalean ere jende ezberdinarekin proba batzuk egin genituen. Baina konturatu ginen, ordura arteko hirukotea oso batuta geundela; familia bat bailitzan. Horrek balio handia zuen guretzat eta horri eutsiz hirurok bakarrik aurrera egitea pentsatu genuen.

Zuri bereziki, Mikel, kontzertuetan kantari eta gitarjole bakarra izatea arraro egin al zaizu?
M. Bai eta batez ere lehenengo kontzertuak pixka bat gogorrak egin zitzaizkidan. Ni bakarrik nengoen gitarrarekin taulagainean eta hura, egoera berria zen. Baina denborarekin konfiantza puntu bat hartzen joan nintzen eta nire buruari esaten nion “ahal dena egin eta kitto!”.

Kauta taldea zertan aldatu da denboran zehar? Taldea gogorragoa edo bortitzagoa bilakatu da?
A. Urteen poderioz gauza berriak ikasten joaten da bat eta beraz, alde horretatik, garapena egon dela uste dut. Gainera, hasiera batean ez bezala, hirukote izateak ere eraginen bat izango du. Beraz, eboluzio bat eman da baina ez dut uste gogorragoak bihurtu garenik. Une indartsuak eta lasaiak ere gustuko ditugu.

“Izan zaitez zu” lehenik, “Biluzik” bigarren, eta une honetan hirugarren lana darabilzue buruan. Zein puntutan zaudete?
M. Konposaketa lanetan gabiltza orain. Nahiz eta oraindik letrarik gabe egon, bost bat kantu inguru eginak ditugu eta horretan gabiltza. Orain artean egin dugunarekin oso gustura gaude. Elkarrengandik kantuak ere ezberdinak dira eta neurri batean hori ere bilatzen dugu: kantu gogorrak, lasaiak, alternatiboagoak…

Noiz izango du entzuleak Kautaren hirugarren lana eskuartean?

A. Udan grabazio estudioan sartzea eta urrian hirugarren diskoa argitaratzea da asmoa. Barrutik, ateratzen zaigun hori egiten saiatuko gara eta ea nola ateratzen diren gauzak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!