Ehiztarien joerak alda ditzake lege berriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 19a, 12:03

Natur ondare eta bioaniztasunaren lege berria onartu berri da Madrilen eta eskualdeko ehiztariak kexu dira lege berri horrek ez dituelako kontuan hartu.

Martxoaren 1ean Madrilen antolatu den manifestaziora joateko deia zabaldu dute.  Tolosadeko ehiza elkarteko kideak duela gutxi bildu ziren lege berriaren inguruan hitz egiteko. Amasa-Villabonako Rufino Eizmendik eman ditu lege berriak ekarri duen egoeraren xehetasunak: “Bulego batean hartutako erabakiak izan dira, ehiztarion iritzia ezertarako kontuan hartu gabe. Lehendik ere traba handiak genituen ehizean aritzeko, baina oraingo lege berri honekin askoz ere zailagoa da egoera. Legea onartu aurretik, hirurehundik gora aldaketa eskatu ziren, baina bat bera ere onartu gabe aurrera atera dute legea. Urtero egiten zuten murrizpenen bat ehizean, baina oraingo hau gehiagizkoa da”, azaldu du Rufino Eizmendik. “Lehengo legearen barrenean, gauza asko autonomiek erabaki zezaketen, baina orain oinarrizko lege bat dago gainetik eta Madrildik hartzen diren erabakien zain egon beharra daukate autonomia-erkidegoek”, gaineratu du.


Ehiztariak ez daude konforme legeak ekarri dituen neurri berriekin: “Badirudi ehiztariok garela naturari pasatzen zaizkion kalte guztien errudunak eta horrekin ez gaude konforme. Gauzak lege eta neurri batzuen arabera egin behar dira, baina hauek gehiegizkoak dira. Nire ustez, lege batzuen barnean, ehiza desagertarazi nahi dute. Nahiz eta batzuei gogorra iruditu, ehiza beharrezkoa da, bestela espezie batzuk gehiegi ugalduko liratekeelako. Bestalde, hemendik kanpora, herri asko dira ehizatik bizi direnak, zer egin behar dute orain?”.


Nahaspila handia
Aldaketa ugari ekarri du legeak, baina asko, oraindik ez daude oso garbi: “Hezeguneetan ezin da ehizatu, beruna uretan geratu eta ahateek irentsi egiten dutelako. Orain arte, oso argi zegoen hezegune bat zer zen: urez estalitako gune bat. Orain berriz, ez da hain argi geratzen. Momentuko euriteen ondorioz bustita dauden lurrak hezegune izan daitezke, edo errekaren bat dagoen guneak ere bai. Dagoeneko, isunen bat edo beste jarri dute horrelako tokietan ehizatzeagatik. Gainera, interpretazio horren arabera, Euskal Herrian non ez dago hezegunerik?”, dio Rufinok.  


Martxoaren 1ean Madrilen egingo den manifestaziora joateko deia egin dute Tolosaldeko ehiza elkarteek: “Autobusa antolatu dugu. Martxoaren 1ean, goizeko 04:00etan aterako da autobusa Olaederra kiroldegitik. Izena emateko eskualdeko ehiza elkarteetara joan behar da”.

Lege berriko araurik eztabaidatuenak

Rufino Eizmendik azaldu ditu euskal ehiztariei gehien eragiten dien puntuak:

Kontrapasa: “Europa mailan debekatuta dago gaur egun kontrapasean ehizatzea. Hilabeteotan azterketa batzuk egiten ari dira eta horren arabera erabakiko dute ehiza daitekeen edo ez. Lege berria sartzear zegoela bagenekien, horregatik eskatu genuen, Europatik kontrapasa ehizatzeko baimena iristen bazen, Madrlldik pasa gabe ehizatzeko aukera izatea. Baina ez dute onartu. Horregatik, Europatik baimena eman arren, estatuak erabaki beharko luke baietza edo ezetza”.

Kotoak: “Euskadiko autonomi erkidegotik kanpoko kotoetan, terrenoen nagusiek bere kotoaren erabilera errentan emateko aukera, administrazio zentralaren arabera geratzen da. Koto horretan babestutako espezieren bat badago, ehiza debeka dezakete, espezie horri trabarik ez egiteko. Ehiza egiteko eskubide horren jabetza ken diezaioke administrazioak lurraren jabeari. Administrazioak dirua ordainduko dio lurjabeari eskubide horren truke. Guk eskatzen genuena, eskubide hori herrien esku uztea zen, baina ez dute onartu”.

Munizioa: “Bi lege daude. Ehizeko legeetan, ehiza nagusiaren kasuan, debekatuta dago altzairuzko punta duen munizioarekin egitea. Lege berri honek berriz, berunezko puntak erabiltzea galerazten du. Zer egin behar dugu orduan? Bidezkoa litzateke ura dagoen tokietan berunaren erabilera debekatzea, ahateek jan dezaketelako, baina orokorrean debekatzea ez zaigu ondo iruditzen. Esan beharra dago altzairuzko puntak zauritzeko pentsatuta daudela, ez hiltzeko, horregatik, animalia mordoa geratuko litzateke sufrituz. Ehiztarien segurtasunari begira ere, askoz ere arriskutsuagoa da altzairua, harriren bat joz gero salto egiten duelako”.

Txakurrak: “Ehiza nagusira joaten bazara, mendian ibiltzeko txakurrak behar dira eta izugarrizko arazoak daude txakurrak mendira eramateko. Estatuko lurralderen bateko mendia ordaindu eta txakurrak hemendik eramaterik ez badago, bertan eduki behar dituzu, eta hori ez da beti posible izaten”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!