Beterriko I.Bertsolari txapelketa: Hiru saioen kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 19a, 09:56

Andoaingo Santa Kruz elkartean egin zen lehen kanporaketa eta Amasako Kultur Etxean bigarrena. Jarraian, bi saioetako kronikak. Irudi bidez ere txapelketaren nondik norakoa ikus daiteke.

[1.saioko argazkiak] [2.saioko argazkiak] [Finala irudi bidez]

LEHEN SAIOAREN KRONIKA

Iluntzeko zortzi eta erdietarako jendez lepo zegoen Andoaingo Santa Kruz elkartea eta bertara bildu ziren hirurogeitik gora lagunek hasiera eman ahal izan zioten afariari. Santa Krutz elkarteko kideek atondurikoa zen afaria eta gaueko giroa prestatzeko hasiera ezin hobea gertatu zen. Afalondoko kafe eta koparen garaian gehiago izan ziren elkartera hurbildu zirenak bertso saioa entzun eta ikusi ahal izateko.

Gaueko hamarrak aldera Larramendi Bazkuneko antolatzaileek hasiera eman zioten Beterriko I Bertsolari Txapelketari. Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak lehenengo txapelketa aurkeztu eta antolatu izanaren arrazoiak labur azaltzearekin batera, txapelketa taldeka lehiatzekoa dela azaldu zuen, eta lehenengo kanporaketa horretan Zilarriturri eta Lapurtxulo izeneko taldeak lehiatuko zirela, talde batek irten behar baitu txapeldun behin Asteasun amaitzen denean. Aurkezpenaren ondoren, hitza Jon Zaldua gai-jartzaileari eman zion, eta honek berehala jarri zituen lanean bi bertsolari taldeak agurra kantatzeko, lehenik Zilarriturri taldea deituz. Hasiera orijinala eta umoretsua izan zuten oso Zilarriturri taldeko Ainhoa Agirreazaldegik, Iñaki Apalategik eta Iñigo Izagirrek, entzuleek txalo zartadez eskertu zutena, eta hasiera-hasieratik oso garbi gelditu zen lanak izango zituela Lapurtxulok Zilarriturrikoak mendean hartzeko.

Baina Lapurtxuloko Iñaki Gurrutxaga, Mantxi eta Beñat Lizaso ez ziren kikildu eta Gurrutxagak gitarra, eta Mantxik aho-soinua esku artean hartuta, hauek ere umorez egin zioten aurre erronkari, ederki egin ere. Agurraren ondotik Jon Zalduak talde bakoitzeko bertsolari bana deitu zuen ofizioko lanetan hasteko. Ezer baino lehen esan beharra dago gau osoan Zalduak agindu zituen lanak ez zirela batere samurrak izan. Ordurako Zigor Leunda eta Urtzi Basterrika epaimahaikideak bere oharrak hartzen hasiak ziren.

Beñat Lizaso eta Ainhoa Agirreazaldegik ekin zioten ofiziotako lanari. Bakoitzak hiruna zortziko txiki kantatu behar zituzten. Honako hau zuten gaia: Zure ustez, Ainhoa, gauzak hobeto egiten dira eserita. Zure ustez, Beñat, zutik egiten dira hobeto. Ainhoak erronka luzatu zion Beñati komunean pixa eserita egingo balu ez zukeela zipristinik aterako, eta Beñatek ezin hobeto erantzun zion Ainhoaren alturari erreferentzia eginez: hain txikia izaki komunean esertzean hankak zintzilik geratzen zitzaizkiola erantzun zion.

Hasiera ona eta segida askoz hobea izan zuen saioak. Beste saio eta txapelketetan ez bezala, ariketa bitxi eta berriek hartu zuten lekua. Bertsolariak edozertarako prest etorri ziren, eta entzuleak gozatu ederra hartu zuen han emandako gai, egoera, objektu eta jantziekin atondutako bertsoaldien harira. Kartzelako lana ere berezia izan zen. Txanogorritxuren istorioa berritu behar izan zuten, zortzi eta bederatzi errimekin bertsoak osatu, puntu erdika habaneran eta objektu bati (egurrezko mikrofonoa) hiru bertso.
Amaitzeko Apalategi eta Mantxi segidilan jarri zituen Jon Zalduak. Entzule artean bati ziria eta besteari txistea nondik aterako aritu ziren biak ala biak. Ohikoa den moduan agurrekin amaitu zen, hauek ere ez zuten umore eta esker onik falta izan.

Saioa ia goizeko ordu bata eta erdiak arte luzatu zen, eta bertaratu ziren guztiek benetan estimatu zuten bertsolari gazteek egindako lana. Saio luzea izan arren, afaltiarrak eta afalostean erantsitako guztiak han ziren oraindik amaitu zenean. Gauean zehar bi taldeek elkarrekin izandako lehia oso bizia izan zen, oso parean ibili baitziren eta ez zen erraza garaile zein izan zitekeen aurreratzea. Bi epaimahaikideen botuari entzuleek eman beharrekoa batu behar zitzaion. Entzuleen artean 41 lagun ausartu ziren botua ematera, eta haien artetik 21ek Lapurtxuloren alde egin zuen eta 20ek Zilarriturriren alde. Beraz, ikusentzuleen botua Lapurtxulorentzat izan zen. Leunda eta Basterrika epaimahaikideek, ordea, euren bi botuak Zilarriturriri eman zizkioten eta, horrenbestez, Zilarriturri taldea izan zen lehenengo kanporaketa honetan gailendu zena.

Bertso-saioaren amaieran entzule gisa bertan izan zirenak oso gustura azaldu ziren han ikusi eta entzundakoarekin, umoreak gain hartu baitzuen saio osoan. Hedabideen aldetik ere, txapelketak ikusmin dezentekoa sortu du. Aiurrirekin batera han ikusi genituen, saio osoa grabatzen, Tolosaldeko Kanal 28 telebistako lagunak eta baita bertsozaleen artean indar handiko erreferentzia den Bertsoa.com-eko Jexus Mari Irazi bertsolaria eta Naiara Arreseigor. Bestetik, antolaketa taldearen buru Amaia Agirre bertsolaria ikusi genuen, gau osoan saioa behar bezala lotu eta jazteko lanak egiten.

Beraz, Asteasuko finalean izango dugu Zilarriturri. Bigarren finalista, otsailaren 22an Amasako Kultur Etxean egingo den bertso-afariko norgehiagokatik aterako da, egun horretan lehiatuko baitira Otsabi eta Ttottolondegi taldeak. Otsabiren aldetik Jokin Urangak, Jon Martinek eta Iker Goñik jandungo dute, eta Ttottolondegiren aldetik, berriz, Nahikari Gabilondok, Iker Zubeldiak eta Unai Muñoak.

Martxoaren 1ean, Asteasuko Iturriondo jatetxean iluntzeko zortzi eta erdietan hasita egingo den afariaren ostean izango da lehenengo txapelketa honen finala. Ziur gara txapela jazteko lehia bizia izango dela hangoa ere.

Aiurritik aurrera dezakegu, behin txapelketa amaiturik gehigarri berezia egingo dugula hiru saioetan izandako bertsorik bikainenekin.

 

BIGARREN SAIOAREN KRONIKA

Datorren larunbateko Asteasuko finalean lehiatu beharreko bigarren taldea zein izango zen zuen Amasako saioak koxka: Otsabi taldea –Jokin Uranga, Jon Martin eta Iker Goñi– ala Ttottolondegi taldea –Nahikari Gabilondo, Iker Zubeldia eta Unai Muñoa–. Amasako saioan aurkezle gisa Iker Iriarte alegitarrak jardun zuen, eta horrek berehalako batean jarri zituen agurra kantatzen bi taldeak puntuatzeko lehiari hasiera eman aurretik.

Ttottolondegi taldeak egin zuen agurrak guztiz baldintzatu zuen gau osoko bertso-saioa, eta ez da harritzekoa, orijinala izan baitzen haien hasiera: hiru lagunak ijitoz mozorrotuta azaldu ziren eta…, Margaritarekin, ustez hala baitzuen izena Unai Muñoak uhaletik tiraka zekarren ahuntzak. Margarita eta beren ijito-eitea aitzaki hartuta egin zuten agurra Ttottolondegikoek, eta horrek, nolabait, gaueko bertso asko markatu zituen.

Otsabikoen hasiera ez zen izan aurrekoena bezain orijinala, baina gauak aurrera egin ahala saioari doinu propioa ematen asmatu zuten. Ezin uka, baina, beraiek ere Margaritaren agerrerari behin baino gehiagotan heldu ziotela ofizioetako lanetan.

Zortziko txikian ekin zioten bertsolariek lanari, eta Andoainen ez bezala bi gaiak izan ziren umoretik hartzeko modukoak. Entzule bat baino gehiagok aitortu zuen Zubeldia zutela gustukuen eta bereziki bere umoreaz gozatzera hurbildu zirela, eta halaxe ekin zion saioari.
Inoiz txapelketa batean ofizioka ez da Juana Bixenta Olaberen doinu-neurrian egiteko aukerarik izan, eta gai-jartzaile taldeak erronkari errezeloz heldu zion arren, bai Andoainen eta baita Amasan ere oso saio onak atera dira. Metrika berezia ezezik hiru errima ezberdin uztartu behar dira doinu honetan, eta horrek zaildu egiten du edukia mamitzeko garaian.
Hamarreko txikiko gaia serioa zen, umorerako tarterik uzten ez zuela. Honako hau zen gaia: biok manifestazio batean egin duzue topo. Nahikari harria eta Jokin gomazko pelota. Hemen ere ale onak entzuteko parada izan zen.

Elkarri puntuak jartzeko garaian Andoainen ez bezala seriotik aritu ziren. Hamarreko txikiko gaiak eraginda-edo, politika hartu zuten bertsogai, eta lau puntuko bertsoekin hasi arren habaneraren neurrian ere jarri zioten elkarri puntu bana.

Kartzelako lanean eta bakarka, Zubeldia eta Urangari Egunkariako ale bat eman zitzaien, duela zazpi urteko ale bat, eta hari bi bertso kantatu behar izan zizkioten.
Oro har Andoaingoa baino serioagoa izan zela esan daiteke, baina umorezko pintzelada asko izan zituen agurretik hasita. Entzuleen botuak jaso eta zenbatu artean puntukako saio bat eskaini zuten Uranga eta Muñoak, eta jendeak asko estimatu zuen. Agurretan bertsolariek entzuleari esker ona agertuz eman zitzaion bukaera bigarren kanporaketari.

GOIZALDERARTE KANTUAN
Andoaingoan bezala, Amasako saioa goizeko ordu bata eta erdiak arte luzatu zen, eta bertaratu ziren guztiek gozatu ederra hartu zuten hango giroarekin; jendeak ez zuen presarik handik mugitzeko. Baina iritsi zen, iritsi ere, saioa epaitzeko ordua, eta antolatzaileek botua emateko txartelak banatu zituzten afaltiarren artean. Afaltiarren botua hirutik bat zen, hots, bi epaimahaikideen botuari erantsi beharrekoa. Entzuleen artean 69 lagun ausartu ziren botua ematera, eta haien artetik 46k Ttottolondegiren alde egin zuen eta 23k Otsabiren alde. Beraz, ikusentzuleen botua Ttottolondegikoentzat izan zen. Urtzi Basterrika eta Zigor Leunda txapelketako epaileen botua jakitea baizik ez zen falta. Horiek ere bere bi botuak Ttottolondegi taldeari eman zizkioten eta, horrenbestez, Ttottolondegi izan zen bigarren kanporaketa honetan gailendu zena.

Margaritak ez zuen boturik eman, baina zalantzarik gabe bera izan genuen gaueko izarra, eta, jakina, izar guztiek uzten dute bere dizdira. Ez da asko esatea, beraz, agian Ttottolondegikoen ofizioz kanpoko hasiera horrek utzi zuela bere arrastorik azken emaitzean. Bide batez esan, Margaritak ere utzi zuela bestelako arrastorik jatetxean!
Beraz, Asteasuko finalean aurrez aurre izango diren bi taldeak Zilarriturri eta Ttottolondegi izango dira, alegia, Nahikari Gabilondo, Iker Zubeldia eta Unai Muñoa Ttottolondegin eta Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi eta Iñigo Izagirre Zilarriturrin. Aurreko bi kanporaketetan bi taldeek azaldu duten maila ikusita, oso lehia bizia espero dugu Asteasuko finalean, bizia eta, itxaron dezagun, orijinala… Hala izan bedi!

Martxoaren 1eko finala Asteasuko Iturriondo jatetxean izango da, larunbatarekin, iluntzeko zortzi eta erdietan hasita. Afarirako txartelik erosi nahi duenak jakin beza gutxi batzuk baino ez direla gelditzen salgai.

Aiurritik aurrera dezakegu, behin txapelketa amaiturik gehigarri berezia egingo dugula hiru saioetan izandako bertsorik bikainenekin.

 

FINALAREN KRONIKA: BERTSO SAIO EDERRA ASTEASUN

Ikusmin handia zegoen  Beterriko I bertsolari txapelketa honetako finalera iritsitako bi taldeen artetik zein irtengo zen garaile jakiteko: biek ala biek oso lan txukuna egin baitzuten egokitutako kanporaketa saioan.

Jendea behintzat, goiz hasi zen hurbiltzen Asteasuko Iturriondo jatetxera; aurrenekoen artean hor ikusi ahal izan genuen hiru saioetara agertu den Andoaingo lagunartea, baita etxeko saioa galdu nahi ez zuten asteasuarrak, bertsolari baten ala besteren koadrila eta, oro har, Beterri-Aiztondoko bertsozaleak. Zortzi eta erdietarako Iturriondoko jangela lepo zegoen, eta afariari hasiera eman ahal izan zioten bertaratuek.

Afalostean, prest ziren bi taldeak –Ttottolondegi eta Zilarriturri– agurra egin eta saioari hasiera emateko. Aurreko bi kanporaketetan bezala, agurra ikusgarria izan zen bien aldetik, bai Zilarriturrirenak bai Ttottolondegirenak ideia oso orijinalak, agian Ttottolondegikoek agurreko bertsoei Zilarriturrikoek baino distira gehixeago atera zieten arren. Zilarriturrikoek –Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi eta Iñigo Izagirre–, hauteskunde giroan gaudela aprobetxatuz bertsoz bere aldeko botua eskatuz sartu ziren jangelara, ikusleen artean bere taldearen izena zeramaten banderatxoak eta puxikak banatuz, baita goxokiak ere. Polita oso hasiera hori. Baina Ttottolondegikoak ez ziren atzean gelditu eta ikus-entzuleak aho zabalik utzi zituzten jangelara barraskiloak bezala sartuz, barraskiloz mozorroturik eta lurrean arrastaka bakoitza monopatin baten  gainean. Nahikari Gabilondok, Iker Zubeldiak eta Unai Muñoak, agurra kantatzean ere bertsoak ¡ Sopa de caracol…iiieeehhhh!, aski ezagunarekin amaitu zituzten, jendearen barre eta txaloak irabaziz.

Agurretik bertatik garbi zegoen, beraz, lehia estua izan behar zuela gau hartakoak, eta halaxe izan zen.

Aurreko bi kanporaketetan bezala zortziko txikiko lanari ekin zioten bertsolariek. Gai biziak eta helduleku handikoak izan arren, bi bertsoaldiei errematea falta izan zitzaien, baina ale onak ere joan ziren. Juana Bixenta Olabe doinuan, hiru errima ezberdin eta neurri berezia duen ahapaldian, bi bertsolariek bertsotan oso ongi egiten dutela erakutsi zuten beste behin. Gaia ere berezia zen, ona hala ere: Zuen lehen aldia da elkarrekin. Zuk, Iñigo esperientzia handia duzu. Zuretzat, Nahikari, dena berria da. Zu, Iñigo, jende aurrean egiten ohituta zaude. Zu, Nahikari, beti etxean eta bakarrik. Zu, Iñigo, azkar iristen zara bukaerara. Zuri, Nahikari, kosta egiten zaizu. Zer moduz doa bertso saioa?

Hasieran, ikus dezakezuen moduan, bertsolariak sexu kontura bideratuko zituela zirudien, baina azken galderak dena hankaz gora jarri zuen. Bi aldiz errepikatu ondoren, bertsolariek garbi ikusi zuten bidea, eta bertsoa eta sexua uztartzen ahalegindu ziren.

Ondoren kopletan egin behar izan zuten taldeka, eta hemen ezin hobeto asmatu zuten entzulearen parte hartzea. Zillarriturri taldekoak barra gaineko hiru pintxo izan ziren: patata tortila, txorizo egosia eta pintxo bejetala. Iñigok ateraldi bikainak izan zituen bere-berea duen kantakera berezi horrekin. Ttottolondegikoak taberna bateko komunean jarri zituen Amaia Agirre gai-jartzaileak. Nahikari komuneko papera, Iker tanga eta Unai kondoia. Hauek errepika gabeko doinurik ez zuten hartu baina erritmo bizian aritu ziren.
Puntutan egin behar izan zuten jarraian. Gaiak zeresana eman zuen. Sekulako errosarioa izan zen gaia. Luzea, korapilatsua, datu askoduna... Baina finean galdera sinple bat baino ez zen, ea oporretara nora zihoazen, baina bidea abiatu aurretik luzatu zuen gaiaren planteamentuak. Ikustekoak ziren bertsolarien aurpegiak Amaiaren bi minututik gorako gaia aditzen. Entzuleen artean irriak eragin zituen.

Iñigo eta Ikerrek elkarri puntuak jarri ondoren, memoria ariketaren txanda izan zen, hau ere taldeka. Bertso bateko puntu denak gogoratu behar izan zituzten bertsolariek txandan-txandan. Hau ere lehen aldiz egin dela uste da.

Jarraian kartzela, zortziko handian hiruna bertso talde bakoitzeko bi kidek eta hirugarrenak gai bati hiru bertso. Bakarka oso lan txukuna egin zuten Apalategi eta Gabilondok.

Apalategik neurri motzeko hiru bertso hunkigarri. Nahikari luzeagoan aritu zen. Gaia ez zen nola nahikoa: Aste honetan Ezker Batuak partidu politikoak honako hau salatu du PSOE eta PP-ri begira: Egun bakar batean jenero indarkeriak lau hildako utzi ditu, ETAk 2003. urteko ekainetik hona eragindako biktima kopuru berbera. Eta zuek, PSOE eta PP, beti ETAri begira soilik zaudete.

Kartzelako tentsio eta isiltasun zurrunaren ondoren, azken txanpa iritsi zen, kanporaketetan egin den lan berbera hain zuzen. Ezpainak irakurri, habaneran puntu erdika egin eta segidilla. Segidilan Muñoa eta Apalategi aritu ziren. Elkarri ziria sartzen hasi eta entzuleen artean jarraitu. Giro bikaina benetan. Errepikatzeko modukoa bertaratu zirenen eta bertsolarien ustetan.


IKUSLEEK ERABAKI ZUTEN SARIA NORI EMAN

Kanporaketa saioetan bezala finala goizeko ordu txikietan amaitu zen, ordu biak aldera. Puntuatu beharreko ofizio txanda amaiturik, afaltiarrek talde baten ala bestearen aldeko botua emateko aukera izan zuten eta, botuak zenbatu eta epaileek bere lana amaitu bitartean, azken bertsoak eskaini zituzten bi taldeek. Kanporaketetan bezala, afaltiarren botua hirutik bat zen, hots, bi epaimahaikideen botuari erantsi beharrekoa. Entzuleen artetik asko, 102 lagun, ausartu zen botua ematera, eta haien artetik gehienek Ttottolondegiren alde egin zuten. Beraz, ikus-entzuleen botua Ttottolondegikoentzat izan zen. Urtzi Basterrika eta Zigor Leunda txapelketako epaileen botua jakitea baizik ez zen falta. Eta bi epaileen botua banatu egin zen, Zilarriturriren alde batek; besteak Ttottolondegikoen alde. Beraz, epaile baten eta ikus-entzuleen botuez, Ttottolondegi taldeak eraman zuen txapela etxera. Txalo zartada estu batez saritu zuten afaltiarrek bi taldeek egindako lan ederra.

Ondoren, sariak banatzeko txanda iritsi zen: txapeldunek nork bere txapela eta 150 euroko sari bana jaso zuten Jon Unanue, Larramendi Bazkuneko lehendakariarengandik. Txapeldunordeek, berriz, Joxe Bixente Agirre villabonatarrak pagoan zizelkaturiko oroigarri ederra jaso zuten Mila Iztueta, Larramendi Bazkuneko Asteasuko ahaldunaren eskuetatik.
Eskerroneko azaldu ziren bertsolari guztiak entzuleekin eta antolatzaileekin. Unai Muñoak bere bertsoetan, bereziki, Amaia Agirre bertsolariak txapelketa hau atondu eta antolatzen egin duen lan bikaina eskertu nahi izan zuen.

TXAPELKETAREN BALORAZIOA

Oro har esan liteke, txapelketak maila handiko bertsolariak eta bertsoak plazaratu dituela, eta hori izan da, hain zuzen ere, txapeketa jarraitu duten bertsozale askoren iritzi nagusia. Beste askorentzat, txapelketa belaunaldi berri hau ezagutzeko aukera izan da, eta alde horretatik esan behar asebete utzi dituela hiru saioetara azaldutako bertsozaleak. Telebista kamararik ere ez zen falta izan Asteasuko finalean: han ziren Hitzetik hortzera-koak talde osoarekin afari saioa grabatzen. Baita Tolosako 28. Kanalekoak ere eta, nola ez ba, Bertsoa.com-eko irazutarrak bertso-saioa zuzenean trasmititzen. Larramendi Bazkunak adierazi duenez, bereziki eskertu nahi dute hedabide horiek guztiek txapelketa gizarteratzen egin duten ahalegina.

Gustura guztiak, beraz, txapelketa berriarekin eta bigarren deialdiaren zain. Txapelketaren maiztasuna datozen egunetan argituko dute antolatzaileek. Bien bitartean, txapelketan parte hartu duten bertsolari guztiek afaria egingo dute datorren asteburu honetan Astigarragako Rezola sagardotegian eta, ondoren, bertso-gaupasa Santiomendi inguruan. Bidean galtzen baldin bazaizkigu ere ez larritu, Aiurrik laster txapelketari buruzko gehigarri berezia egingo du. On egin!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!