Edurne Elola da 2000 euroko erosketatxartelaren irabazlea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 16a, 14:11

“Jesukriston lotsa daukat! Ibilbide hori egin behar badut! Gauza asko begiratu ditugu, seme denen artean partitzeko asmoa daukat”. Laguntzaile bezala erraina dauka “eta hari ere extra bat dagokio”, egun hauetan dendaz denda zer erosi behar duten erabakitzeko laguntza handia ematen ari zaiolako. Ez ditu 2.000 euroak, beraz, bere gauzatarako xahutuko. Etxekoen artean banatuko du. Eguberrietako zozketan txartel ugari aurkeztu zituen, toki askotan eskuratutakoak.

Martxoaren lehena iristerako Edurne Elola andoaindarrak eta etxekoek 2.000 euroko saria zein dendatan gastatu nahiko argi izango dute. Stop liburudendan hasiko du goiza eta dagoeneko argi dauka metro gutxira dagoen Aitzbeltz dendan mikrouhingailua erosiko duela.

“Lotsa” ematen diola adierazi dio Aiurriri eta txarangarekin zalaparta handia sortzen bada urduri ere jarriko da. Ilobaren bila autobus geltokira jaitsi zenean, Francis dendakoak deitu zuen Edurne Elolaren etxera albistearen berri emateko. Etxera iritsitakoan semeak eman zion albistea, “baina benetako sorpresa telefonoa hartu zuen semeak jaso zuen!”. Saridunak ere sekulako poza jaso zuela aitortzen du.

Asteak igarota arraindegi batean ikusi zuen bezero bat txartelak betetzen, eta gero estankoan. Orduan jakin zuen zozketa berria martxan jarri zutela, “Arraindegira txartel bila joatea ahaztu egin zitzaidan eta halako batean Isabelitarengana joan nintzen eta bi txartel bete zizkidan. Horixe izan zen dena”. Stopen, beraz, egingo du lehen erosketa.
“Erraina eta biak gabiltza informazioa jasotzen. Gutxi gorabeherakoa tanteatu dugu, egunean bertan agian motz geratuko naiz. Baina nola laguntzeko erraina hartuko dudan...”.
Animoak ematen dizkiogu eta zera erantzuten du, “animoak kristonak dauzkat baina kilika daukat urdailean eta lotsa handia!”.

IRABAZLEA AZKENEAN 

Salkinek behingoz saria nori eman badauka, aste honetan eginiko laugarren zozketan irabazlea zein den jakin ahal izan da: Edurne Elola, hain zuzen. Stop dendan eskuratu zuen txartela. Horregatik, 2000 euroak xahutzeko egunean lehen erosketa Stop dendan bertan egin beharko du. Martxoaren 1ean izango da hori. Zorionak irabazleari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!