Manifestazioa bihar eguerdian

EAE-ANV alderdia jasaten ari den ilegalizazioak direla et, manifestaziorako deia egin dute bihar eguerdiko 12:00etan Villabonako Errebote plazatik.

 

Greba eguneko irudiak: ikus.

"Gure buruak udaletxean noiz arte ikusten ditugun galdetzen hasiak zaizkigu kalean... Zergehiago gertatuko ote den... Estatua eskubideen urraketa zentzugabe honetan noraino iritsiko ote den... Eta zinez, ez dakigu zer erantzun. Egia esateko, kezka handiz bizi dugu egoera, inpotentzia handiz, eta neurri batean, beldurrez ere bai. Izan ere, Madrilgo gobernua Euskal Herriaren aurka jo et su saiatzen ari da, horretarako oinarrizko eskubide demokratiko guztiak banan bana pikutara bota behar baditu ere, eta une honetan edozein zentzugabekeria egiteko ere ateak erabat irekita dituzte. Beraz, noiz arte udaletxean? Ba auskalo! Eurentzat argi baitago Euskal Herriak balio gehiago izan behar duela epaile arrotz bakar baten esanak, milaka herritarren botoek baino.

Guk ahal duguna egingo dugu, bitarteko txikiak baldin baditugu ere:

1.- Arrastaka ateratzen ez gaituzten bitartean hementxe jarraituko dugu, determinazio osoz, eta ahalik eta funtzionamendu normalena eramanez. Oraintxe hasi gara etxe honetako lanei neurri hartzen, eta nola egingo dugu ba ospa orain!

2.- Edozein kasutan arduraz eta erantzunkizunez jokatuko dugu, eta badaezpada, Udalaren kudeaketan eta eguneroko lanean inolako hutsunerik gerta ez dadin, IU eta PNVri gobernu lanak konpartitzea proposatuko diegu berehala, nahi duten batzordeetan lehendakaritzak hartu ditzatela eskainiz. Aspalditik genuen hori egiteko asmoa, eta Udal legealdiaren hasieran honelaxe esan genuen publikoki, izan ere, Udalaren gestio konpartitu, ireki eta parte hartzaile batean sinesten baitugu. Orain gertatzen ari denak ez ditu gure asmoak eragotziko, alderantziz, azkartu egingo ditu, baina noski, horrek ez du esan nahi kritika politikorako gure eskubidea erabiliko ez dugunik; are gehiago, ikusten eta entzuten ari garenak kontuan edukita, kritika eta salaketa zorrotzak egin beharko ditugula iruditzen zaigu.

3.- Eta bide batez, zuei, herri honetako elkarte eta eragileoi, ahal duzuen neurrian babesa emateko eskatu nahi dizuegu. Horregatik, eragile moduan, larunbatean, otsailaren 16an, eguerdiko 12:00etan Villabonako plazatik "Eskubide Demokratikoen alde, Ilegalizaziorik ez" lemapean egingo den manifestazio aterako da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!