Bi mozio onartuta

Joan zen otsailaren 13an bi mozio onartu ziren Villabonako udaletxean egin zen batzarrean. EAE-ANVk aurkeztu zuen bat, PNVk bestea.

EAE-ANV alderdiak aurkeztutako idatzia ANVko 6 baiezkorekin, PNVren 3 ezezkorekin eta PNVren 4 abstentziorekin onartu zen.

1.- Udal honek oso larritzat jotzen du espainiar estatuak EAE-ANV indar politikoaren suspentsioa erabakitzea. Erabaki hori Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitza da eta independentzia helburu duen herri sektore zabala kriminalizatzea du helburu, Euskal Herriaren independentziari ateak ixtea.

2.- Udal honek herritarren borondatean du oinarri, hortaz, herritarren borondatearen aurka egiten duen lege edo erabakiei ez die inolako zilegitasunik aitortzen. Alderdi Politikoen Legea Euskal Herrian independentismoa jazartzeko erabiltzen da eta hori onartezina da. Espainiar Konstituzioaren eskutik ez dago euskal herritar izaterik, ez dago eskubiderik, ez dago Euskal Herririk. Eta hori onartezina da.

3.- Udal hau ez dago herriak aukeraturiko ordezkariak legez kanporatuak izatea onartzeko prest, izan Udal hauteskundeetan jazarpena jasan zuten zerrendetako kide, izan suspentsioaren eragina jasango dutenak. Hortaz, bere babes osoa eskaintzen die EAE-ANV Udal taldeko kideei eta erabaki honetatik erator daitezkeen ondorioei aurre egiteko konpromiso irmoa hartzen du. Hori horrela, mozioarekin batera aurkezten den Neurrien Zerrenda onartzen du Udal honek.

4.- Udal honek proiektu politiko guztien bideragarritasuna aldarrikatzen du, independentzia barne. Hori da, gainera, Euskal Herriak bizi duen gatazkari konponbidea emateko bidea. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritar guztiek proiektu guztien artean erabakitzeko eskjubidea errespetatuko duen marko demokratiko bat eraikitzea, hain zuzen ere.

5.- Udal honek erabaki honi aurre egiteko datorren larunbaterako, otsailak 16, eguerdiko 12:00etan Erreboteko plazatik hasita manifestazioa deituko du. "Eskubide demokratikoen alde, ilegalizaziorik ez" lemapean, eta herritar guztiak parte hartzera deitu ditu.

6.- Onartutakoaren berri emango zaie herritar guztiei zein hedabideei.

PNV alderdiak aurkeztutako idatzia PNVren lau baiezkorekin eta ANVren abstentzioarekin onartu zen:

1.- Bizi dugun etengabeko eskubideen zapalkuntza ez zaio, inolaz ere, gure herriak behar eta desio duen soluzio bilaketari lagungarri. Soluzioa baitator, batetik, eskubide ororen zapalkuntza baztertzetik eta bestetik, gure herriak bizi duen gatazka politikoa soluzio bidean jarriko duen akordio politikoaren bilaketatik, Herri honi berezkoa zaion erabakitze eskubidea oinarri duela.

2.- Erakunde politikoen aurkako lege kanporatze prozesuak, askatasun ideologikoa, adierazpen askatasuna, elkartze askatasuna eta hiritarren parte hartzea bezalakoei -guztiak funtsezko eskubide- eragiten diete zuzen-zuzenean; halaber, gure Herriko elkarbizitzari, eta gure gizarteak desio duen normalizazio politikotik urruntzen gaituzte oso.

3.- Indar eta adierazpen politiko orok u, guztien baldintza berdinetan, Euskal Herriko erakunde guztietako bizitza politiko eta sozialean parte hartzeko eskubidea, bakoitzari hautesleek eskaini dioten ordezkaritzaren arabera; eta berriro ere adierazi nahi dugu, azken hauteskundeetan lortutako ordezkaritza horri zor zaion guztizko errespetuz eginen dugula lan.

4.- Pertsona ororen eskubide guztien aldeko egiazko lanak, eta Herri honi bere etorkizuna askatasun osoz eta demokratikoki erabakitzeko berezkoa zaion eskubidearen aldeko lanak, -bataren eta bestearen aldeko lanak- eramanen gaitu bakea eta gatazka politikoaren soluzio biderantz. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!