Javier Seguradoren hitzaldia Lekaion

Oraindik egite prozesuan diren arau subsidiario berrien gaineko bere ikuspegi kritikoa gizarteratu asmoz, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 6an bi hitzaldi eskaini zituen Javier Segurado Iriondo arkitekto urnietarrak Lekaio kultur etxean berrogehirenbat herritarren aurrean.

Bere ustez, Gipuzkoako bailararik ederrenetako batean kokaturik dagoen Urnietak dituen aukera urbanistikoak azaldu zituen. Nabarmenduz, oraindik garaiz gaudela herria gerriko berde batez inguratzeko, eta besteak beste, oso garrantzitsutzat jo zituen baita ere Erratzu eta Iturbe industriguneen arteko eremua babestea, oraindik estali gabe dauden errekak bere horretan mantentzea, benetan duten garrantzia emanez, eta auzoak indartzea, horretarako kirol eta aisi-guneak eraikiz, auzotarrak bertako gorabeheretaz eztabaidatu eta elkarbizitza egiteko erabiliko lituzketen  lokalekin batera.

Iruzkin egokiekin lagundurik, argazki eta mapen bidez, Europako hainbat herri eta hiriren antolamendu urbanistikoa eta eraikin mota ugari erakutsi zituen. Gurera itzuliz, adierazi zuen ez duela gustuko Idiazabal kalearen antolamendua ez eta ere eraiki berri den Etxeberri plazako etxeena. Eta proposatzen dizkiguten arau subsidiario berriak ere bide berdinetik doazenez, eztabaida guneak irekitzearen garrantziaz jardun zuen “hondeamakinen eta gruen zaratak ezer entzuten utziko ez digun unea iritsi baino lehenago”.  Horretarako, eskaera egin zien Udal agintariei, esanaz ez dela nahikoa herritarrak alegazioak egiteko epe bat irekitzearekin, baizik, alegazioak eta proposamenak egiten lagundu egin behar zaiela, horretarako pertsona adituak zuzendutako hitzaldi eta tailerrak antolatuz.

Seguradok, bere aldetik, hirigintzan, herri antolamentuan eta eraikuntzan adituak diren pertsonekin hitzaldiak antolatzen jarraitzeko asmoa agertu zuen.  Gaztelera hutsean garatutako bi hitzaldietan zehar Urnietaren etorkizunari buruz dituen kezkak azaltzearekin batera, urnietarrei beren herria nolakoa izatea nahiko luketeen eztabaidan esku hartzeko gonbidapena luzatuz amaitu zuen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!