Gipuzkoan bertan egiten dira konposta makinak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 13a, 15:10

San Markos Mankomunitateak urtarrila hasieran Bartzelona eta Mallorkara antolatu zuen bidaian, zenbait konpost planta ezagutzeko aukera izan zen. Bertan martxan jarri dituzten hainbat konpost makina, Irungo Kollvik enpresan eginak dira. Usurbilen jarri nahi dena ere aipatu enpresakoa dugu.

Zeintzuk dira zuen ohiko bezeroak?
A.B.
Denetarik dugu. A Coruñan adibidez, arrain-haztegiak instalatuak ditugu. Jatetxeak, merkatal guneak, udalerriak, oilasko granjak, unibertsitateak, eskolako eta enpresatako jangelak, errepideetako zerbitzuguneak edota aireportuak ere gure bezeroak dira.

Goranzko joera izango dute egiten zaizkizuen eskaerek?
A.B.
Orain gorantz doaz, merkatal guneetan izugarri, baita zerbitzuguneetan ere. Araztegietan sortzen den lokatza ere tratatzen da. Hori ere organikoa da eta konpost plantara eramaten da, inausketekin nahastuta. Hain zuzen, konposta egiteko beti karbonoaren (inausketak, kartoiak, paperak…)  eta nitrogenoaren (produktu berdeak) nahasketa ona behar da.

Makina eskaintza anitza duzue?
A.B.
Konposta egitea planteatzen den lekuetan, lehenbizi azterketa txiki bat egin behar da, zer konpostatu behar den jakiteko. Makinak, bertara bota beharreko zabor motaren arabera egokitzen ditugu.

Konpostaren prozesu baten arrakastaren gakoa zein da?
A.B.
Horrelako sistema bat jarri nahi duenak, hasieratik kontzientziatua eta motibatua egon behar du. Norberak izan behar du sortzen duen zaborraren erantzule. Zabor gutxiago sortu eta bereizi beharra dago. Norberak ardura hori hartzen duen neurrian, guztiak ondo funtzionatuko du. Birziklatu ezin daitekeen zatia oso txikia da. Horregatik, ahalegina egin beharra dago. Gainera, legedi europarraren arabera, 2002tik zati organikoa gainerako zaborrarekin ezin da nahastuta bota.

Zer esan konpost planta jartzeko asmoa dutenei?
A.B.
Lehenbizi, ingurumena zaintzeko kontzientziatuta egon behar dutela. Ahal den neurrian, aukera izanda konposta norberak egin dezala. Lorezaintzako beste edozein lan bezalakoa da, eta sarigarria. Bestalde, hondakinak ondo bereizi behar dira, bilketa lanak ondo egiteko. Materia organikoa konpostatzearen aldeko apustua egitea da gure enpresatik luzatu nahi dugun mezua. Posiblea da. Egunero esperimentatzen dugu. Konpost eder askoa ateratzen da, eszedente gabea. Baserritarrek beti egin izan dute.

Argi uzteko: sukaldean prestatutako eta gordina diren hondakin organikoak nahastu litezke konpostarako, inolako arazorik gabe?
A.B.
Bai. Gordina eta sukaldean prestatutakoa, guk konprobatu baitugu. Komunikabideetan asko hitz egin da hortaz; kalitateko konposta produktu berde eta freskoekin egiten dela esan izan da. Hori ez da horrela. Kalitateko konposta da, baita sukaldean prestatukoaren hondakinak botata ere. Zomorroak erakartzen dituztelako esan izan dute hori. Baina gure makineria itxita egonda, ez du inolako zomorrorik erakartzen.

Konpost plantak usain txarra eragin dezaketela esaten da...
A.B.
Geure makinaren aldeko apustua egiten dugu, itxiak baitira eta ez baitute inolako usain txarrik eragiten. Barruan, filtro baten bidez ere usaina depuratzen da. Konpost plantan sortzen den usaina, bertara eramaten den zabor kopuruagatik izaten da. Makinara sartu aurretik, denbora tarte batean zaborra bertan egoten da eta. Horregatik, zenbat eta zabor gutxiago garraiatu planta batera, orduan eta usain gutxiago. Hori dela eta, hobeto da konpost prozesu indibiduala bultzatzea. Konposta ongarri onean bihurtzen da prozesu amaieran, lur usain naturalarekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!