Ugarte anaiak, txalapartariak

Ugarte anaiak ezagunak dira jaioterrian, Urnietan eta baita hemendik urruti ere. Txalaparta jotzen ezagun egin dira, eta egun, hortik bizi dira. Une honetan, anaietako bat ETB-ko “El conquistador” saioan ikus dezakegu.

Ugarte anaiek noiz deskubritu zuten txalaparta?
Felipe Ugarte:
Musika instrumentu asko ikasitakoa naiz. Duela hamasei urte hasi nintzen ikasten. Txalaparta gustukoa nuen, bazirudien aukerak banituela maila on batera iristeko. Lau urte pasata, anaiarekin hasi nintzen. Oporraldi batean irakasten hasi eta berak bi asteetan nik urtebetean ikasi nuena barneratu zuen. Festetan jotzen, kalean hasi ginen. Geroz eta dei gehiago jasotzen joan ginen. Hemendik bizimodua atera genezakeela ikusi genuen.

Txalapartak munduko herrialde asko ezagutzeko aukera eman dizue?
F.U.:
Gure lehen bidaia atzerrira Suitzara izan zen, Ginebrara. Alemanian ere ibili ginen. Bertako konpositore batek deituta hiruzpalu hilabetez ibili ginen. Zuzeneko emanaldia zen, dantza, antzerkia eta musika uztartzen zituena. Musika guk jartzen genuen. Arrakasta dezente izan zuen. 30 bat emanaldi eskaini genituen. AEB-tan, euskal etxeetan eta Kanadan ere ibiliak gara.

Txalapartari zer moduzko harrera egin diote ibili zareten herrialdeetan?
F.U.:
Zerbait exotiko eta erakargarri gisa ikusten dute.

Euskal Herriko kaleetan ere ezagunak zarete. Herritarron partetik errekonozituak sentitzen zarete?
F.U.:
Gu kalean jotzen hasi ginen. Hor zaude, jendeak kasu egiten dizu eta haiengana iristeko modu on bat da. Eskenatoki baten gainean, jendea eserita dago eta harremana ez da hain zuzena. Kalean bai ordea. Jende asko joaten zaigu ikustera. Guk geure kabuz lan egiten dugunez, nahi duguna egiten dugu.

Txalapartak gaurko musikagintzan zer tarte hartzen du?
F.U.:
Txalapartak bere tokia du. Hasiera batean, instrumentu nahiko folklorikoa ikusten zen arren, gaur egun maila igo da eta lan asko egiten da. Baina euskal musika oso gaizki dago. Kanadan edo Alemanian musikari txarrak ikusi ditut eta laguntza handiak dituzte. Guk zentzu horretan, gure independentzia dugu eta geure kabuz lan egiten dugu.

Epe laburrerako asmoak?
F.U.:
Anaia Kolonbian dago. Guk ekainean hasi eta gabonak arte lan asko izaten dugu. Orain, klaseak eman eta udarako materiala prestatu behar dugu. Deitzen badigute ondo eta bestela gu joaten gara. Zigilu bat sortu dugu gure diskak editatzeko eta baita beste talde batzuenak ere; hala nola, Galizako eta Kanadako talde banarena.

Txalapartarekiko interesa eta harrobirik bai?
F.U.:
Bai. Egapen ere ibiltzen dira ikasleak klaseak ematen. Euskal Herrian ere, geroz eta jende eta talde gehiago daude. Ikasteko asko dago. Txalapartaren gunea Hernani da eta guk ondoan bizita, zortea izan dugu.

Urnietan abenturarako kasta bada; iaz Marijo Sardon eta aurten zu?
F.U.:
Udazkenean joan ginen “El conquistador” saioa grabatzera. Oso  esperientzia ona izan da. Gainera Joni Cuyami urnietarra zegoen bertan. Ezagutzen nuen.

Esperientzia gogorra?
F.U.:
Jendeak kamera aurrean, antzerkia askotan egiten du. Bakoitzak nahi duena egin dezake, baina ez da dirudien bezain gogorra. Janari asko ez dago, baina badago. Programa pentsatzen nuena bezalakoa izan da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!