Hernaniko kiroldegia erabiltzeko aukera, kolokan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 13a, 15:06

Azken urteetan Andoain, Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta eta Hernaniko udalerriek kirol zerbitzu mankomunatuak eskaini dituzte Buruntzaldean. Baina antza denez, etorkizun hurbil batean eten egin daiteke zerbitzu hori. Bereziki, Hernanikoari dagokionez.

Izan ere, 2007ko abenduaren 20an egin zen ez ohiko udal batzarraldian Hernaniko udal ordezkariek ahobatez Buruntzaldeko kiroldegien arteko hitzarmena salatzea erabaki zuten. Zehazteko dago zertan eragingo duen erabakiak, eta erabiltzaileen artean bada kezka nagusia: Urnietako edota Andoaingo kiroldegiko txartela duten erabiltzaileei Hernanikoa erabiltzea galaraztea.

Hernaniko udalbatzaren erabakia dagoeneko Hernaniko Udalaren webgunean eskegita dago. Allurralde kiroldegiko arduradunek albistea baieztatu dute baina oraindik ere hartutako erabaki hori ez dela indarrean jarri gaineratu dute. Oraindik ere, beraz, andoaindarrek Hernaniko kirol instalazioak erabil ditzakete eta, alderantziz, hernaniarrek Andoaingoak.
Udal erabakia formala bada ere, oraindik ez da indarrean jarri. Hernanik hartzen duen behin betiko erabakiaren harira, Buruntzaldeko Kirol Patronatuek bere iritzia zein den jakinaraziko dute. Allurraldeko kiroldegiko arduradunek oso argi dute Buruntzaldeko hitzarmena ez dela hautsiko. Akaso Hernani bere kabuz irtengo da baina beste herrien arteko konpromisoari orain arte bezala eutsiko zaio.

HERNANIKO UDAL ERABAKIA
Erabakia hartu zen akta irakurrita, Hernaniko kirol arduradunen zalantzak aspaldikoak dira. Izan ere 2003an eta 2006an hitzarmenarekiko desadostasuna agertu zuten. 2007an egindako kanpo azterketa baten arabera, eskualde mailako hitzarmenaren onurak eta galerak aztertu zituzten. Batzarraldiaren aktan alde on eta txar horiek ez dira zehazten baina hitzarmenaren aurka egin badute, haien interesentzat onura gutxi dituela ulertu behar da.

Hona hitzez hitz aktan adierazten dena, “2002ko uztailaren 22an, Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbileko udalen artean kirol zerbitzuak eskaintzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Udalbatzak, 2003ko maiatzaren 16an egindako batzarrean, hitzarmen hori salatzea eta 2003tik aurrera ez berritzea erabaki zuen. Aipatutako akordioa ez zen burutu eta, ondorioz, aipatutako hitzarmenak indarrean jarraitu du. Zuzendaritza Batzordeak, 2006-ko abenduaren 7an hartutako erabakian, hitzarmen horretan zenbait aldaketa garrantzitsu egiteko akordioa hartu zuen, eta Hernanik bertan jarraitzeko derrigorrezkotzat jo zuen aldaketa horiek betetzea. Oraingoz ez du gainontzeko udalerrien aldetik erantzunik jaso. Z&B Auditores, Consultores de Entidades Públicas SL enpresak azterketa bat egin du, aipatutako hitzarmenak Hernanirentzat eta, bereziki, Hernaniko Udal Kirol Patronatuarentzat dituen alde txarrei eta onei buruzkoa. Ondorengoa erabaki da aho batez: Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil udalerrien arteko kirol zerbitzuak eskaintzeko egun indarrean dagoen lankidetza hitzarmena 2008. urtera arte luzatzea salatzea. Ohartarazi dute, beharra sortuz gero, dagokion udalerriarekin unean uneko akordioak lortuko dituztela”.

Beraz, Hernaniko Udalak mankomunitate izaera duen elkarlanerako lantaldea utz dezake herriz herri buruz buruko negoziaketei ekiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!