Eskualdeko edota Gipuzkoako ehiza-barrutietan aldaketa nabarmenik ez da aurreikusten, estatu mailan aldiz bai. Horregatik kaltetu zuzenak ehizera bertatik estatura joateko joera dutenak izango dira.
Bertako ehiztariak ez dira erabat salbu geratuko, legeak espezie migratzaileen ehizan ere eragin lezake. Jakina da udazkenean hainbat hegaztien migrazioarekin ehizarako joera biderkatu egiten dela. Zentzu horretan, eskualdean irekitzen den ehiza garaian aldaketak etor daitezke, nola epean hala kopuruan.
Orain egun gutxi Buruntzaldeko ehiztariek Ontza elkartean egindako bilkuran Gipuzkoako, Euskadiko eta estatu mailako federazioek Madrilen egingo duten manifestazio deialdiarekin bat egitea erabaki zuten. Aipatu manifestazioa datorren martxoaren 1ean egingo da eta hara joateko asmoa duenak autobusez joateko aukera dauka. Horretarako, 676 961 394 telefono zenbakira deitu behar da. Ehizaren inguruan zalantza eta kezka handia dago azken aldi honetan. Euskadiko Autonomi Elkargoan araudia zehaztear dagoenean Espainia mailako lege berria iragarri da eta, noski, kasu hauetan estatu mailako legeak lurraldeka ezartzen diren araudien gainetik daude.
Ehiztarien beste kezka munizioarekin lotuta dago. Lege horretan ingurugiroa gutxiago kaltetuko lukeen munizio berria erabiltzea ezar liteke, plomoa alde batera utzi eta altzairu alde eginez gero eskopeta asko baliogabetuko lirateke. Alegia, eskopeta aldatu beharko litzatekeela.