Protesta ekitaldia Eusko Legebiltzarrean

Soin Heziketako gutxieneko ordu kopurua murriztu edo ez? Galdera horri erantzun behar zioten pasa den otsailaren 11n, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean bildu behar zuten ordezkari politikoek.

Eztabaidatzekoa zen emendakinak, ikastetxeetan soin heziketako klase orduak murrizteko asmoa du. %40raino gutxitu daiteke  aipatu arloari eskainitako denbora. Galdutako ordu horien ordez, zientzien eta hizkuntzen arloak indartzearen aldeko apustua egin nahi da. Dekretua onartuko balute, datorren 2008-09 ikasturtean indarrean sartuko litzateke. Baina Legebiltzarreko bilkura bertan behera utzi zuten, emendakina aurkeztu behar zuen PPko ordezkaria gaixo zegoela argudiatuta.

75.000 SINADURA
Eztabaida hasi behar zuen unean, kanpoan irakasleak, ikasleak, gurasoak, kirolariak, sindikatuak… bildu ziren. Hain zuzen, dekretu horren aurkako greba eguna deitua zuten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako soin heziketako irakasleek. Planteatzen ari den neurri horren aurka jasotako 75.000 sinadura entregatu zituzten Eusko Jaurlaritzan. Gero, manifestaldian abiatu ziren eztabaida guneraino, Legebiltzarreraino. Kaleratu duten oharrean, argi diote: “erabaki horiekin, gure arloaren duintasuna, funtzioa eta gure lana bera ere kolokan jarri dira”. Ikastetxeei eman nahi zaien autonomia mailarekin, gutxieneko horiek bete ez eta ordu kopuruak beherantz joko duela ohartarazten dute. Urnietako ikastetxe guztietako soin heziketako irakasleek bat egin zuten greba egunarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!