Urnietako ANVren iritzia

Erabaki oso larritzat jotzen du Urnietako EAE-ANV-k alderdia suspentsioan uzteko hartutako erabakia. Demokrazian gerta ezin litekeen egoera baten aurrean gaudela adierazi dute, 500 urnietarrek eta 200.000 euskal herritarrek bozkatutako alderdia klandestinitatera eramanda.

Euskal Herria salbuespen egoeran dela salatu eta tortura kasuek, alderdi politikoen ilegalizazioek edota manifestaldien debekuek asmo garbi bat dutela argi utzi nahi dute; independentziaren aldeko mugimendua indargabetzea. “Independentziaren proiektua ez dela gauzagarria sinistarazi nahi digute. Ezker Abertzalea ahuldu eta sasi irtenbide batekin herri honen askatasun nahia geldiarazi. Baina ez dute lortuko”, adierazi dute EAE-ANV-tik. Oraindik eta indar handiagoz lanean jarraitzeko asmoa berresten dute.

Egoera honek alderdiak udaletan dituen ordezkariengan ez du eragingo, gogorarazten dutenez, “karguak nominalak direlako”. Baina EAE-ANV-ren esanetan, udal ordezkariek zer nolako jarrera eta konpromiso hartzen dituzten ikusi behar. Horretarako pleno batean gaia lantzea eskatzeko asmoa dute. “Herritarren parte hartzeaz ahoa bete hortz dabiltzan horiek oraintxe dute aukera paregabea, hori bermatzen dela ziurtatzeko”, diote EAE-ANV-tik.

GREBA DEIALDIA
Suspentsio erabakia jakinarazi eta berehala, salatzeko iragan ostiralean hogei herritar bildu ziren Mikaela-enea parean. Ostegun honetarako, otsailaren 14rako deitua dagoen greba orokorrean ere parte hartzera deitzen ditu urnietarrak, EAE-ANV-k. 19:00etan Mikaela-enea ondoan elkarretaratzea burutuko dute. “Haserrea agertzera deitzen ditugu urnietarrak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!