Busaren txartela dagoeneko %40 merkeago eros daiteke

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 7a, 18:57

Otsailaren 1etik aurrera, busaren txartela dutenek % 40ko beherapena dute. Aurrerantzean, beraz, txartelarekin 1,10 euro ordaintzen zutenek, orain 0,66 euro kostako zaie bidai berbera.
Paperezko txartel solteak, berriz, 1,25 euro balioko du, lehen bezala.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 5 milioi euro jarriko ditu deskontuen politika berria finantzatzeko.

Txartela erabiliz gero, zenbat eta gehiago erabili garraio publikoa, orduan eta deskontu handiagoak izango dira. Hileko lehen berrogei bidaiek % 40ko deskontua izango dute. Gero, 41. bidaiatik 70.eraino % 70eko deskontua egingo da, eta 71.etik aurrera, berriz, % 90ekoa izango da beherapena. Hilaren hasieran, berriro, kontagailua % 40 aplikatzen hasiko da. Estatistiken arabera, gipuzkoarrok egiten ditugun 10 bidaiatatik 9 eskualde berean egiten ditugu.

Beraz, orain arte ordaintzen zutena baino % 40 merkeago aterako zaie bidaia Gipuzkoako Lurraldebusen herri arteko lineetan Txartel Bakarrarekin ibiltzen diren 35.000 erabiltzaileei baino gehiagori. Halako beherapenak Transportes Pesa enpresak ere egingo ditu Donostiako, Bilboko eta Gasteizko bere leihatiletan eserlekua erreserbatzeko orduan.
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Arantza Tapiak hobarien politika berria aurkezterakoan adierazi zuenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoaren alde egiten duen apustu garbia eta irmoa da”. Diputatuaren hitzetan, “Foru gobernuaren ildo estrategikoetako bat da. Bateragarri bihurtu ditugu, alde batetik, geure konpromisoa bermatzea, hau da, herritarren mugikortasuna eta leku guztietara iristeko erraztasuna –lantoki, ikastoki, aisialeku eta zerbitzu lekuak, oro har–, eta beste aldetik, garraio sistemaren iraunkortasuna. Horrek eskatzen du, ordea, benetan irmotasunez egitea garraio publikoaren alde eta beraren merkatu kuotaren alde. Herritar bakoitzaren erantzukizunari egindako dei garbi bat da, hartara, ohiko joan-etorrietan, ahal duten neurrian, ibilgailu partikularra erabili beharrean garraio publikoa erabil dezaten”.

Tarifak eskualdeen arabera
Txartel bakarraren sistemak 14 eskualde hartzen ditu, bederatzi Gipuzkoan (Donostialdea, Tolosaldea, Urola Kosta, Urola Erdialdea, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena, Debabarrena eta Bidasoa-Txingudi). Eskualde barruko bidaiek prezio bakarra dute. Ibilbidean zeharkatzen den eskualde kopuruaren arabera aldatzen da prezioa.
Ekimen hori abian jartzearen helburua da garraio publikoa bultzatzea eta suspertzea, erabiltzailearen leialtasuna sarituz, eta ibilgailu pribatuari aurrea hartzea, zerbitzuaren kalitatea eta denbora/distantzia ratioa hobetuz eta zirkulazioa nahiz ingurumenari egiten zaion kaltea arintzen lagunduz.

Lurraldebuseko autobus lineak
Hona konpainia guztien artean batzuren izenak eta betetzen duten eremua:∑
Autobuses Garaiar, S.A.:
Pikoaga-Hernani-Donostia.
Andoain-Urnieta-Donostia.
Andoain-Ciudad Sanitaria.
Hijos de A. Areizaga,S.A.:
Beraun-Pasai San Pedro-Donostia-Hernani.
Herribus, S.A.:
Oiartzun eta Pasai San Juan- Errenteria-Donostia – Oiartzun- ospitalak.
Tolosaldea Bus, S.L.:
Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoyan, Elduain, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Larraul, Leaburu-Gaztelu, Lizartza, Orendain, Orexa, Zizurkil eta Tolosa.
TSST, S.A.:
Zubieta-Lasarte-Donostia.
Tolosa-Andoain-Donostia.
Asteasu-Tolosa.
Asteasu-Donostia.
Eusko Trenbideak, S.A:
Zumaia-Zarautz Donostia A-8tik.
Zarautz-Donostia N-634tik. Orio-Usurbil-Lasarte.
Transportes Pesa, S.A.:
Donostia-Bilbo A-8tik/ …

TXARTEL BAKARRA: 

Txartel bakarraren ordainketa sistema bateratu bat da, eta horri eskerrak, otsailaren 1etik aurrera, deskontuak izango dira lehen bidaiatik aurrera.  

Txartel pertsonalizatua da, erabiltzailearen izena eta argazkia dituena. Txartelari esker, bidaia bakoitzerako paperezko txartela atera beharrik gabe erabil ditzake txartel jabeak Lurraldebuseko autobusak. Nahikoa da autobusean sartu eta baliozkotzeko makinara txartela hurbiltzea, bidaia hasteko. Autobusetik jaisterakoan, irteerako ate bakoitzaren ondoan dagoen indargabetzeko makinara hurbildu beharko du txartela bidaiariak. Hori eginda, Lurraldebuseko kudeaketa zentroan erregistratuta geldituko da egindako ibilbidea, eta automatikoki egingo zaio deskontua, txartelaren saldotik dagokion zenbatekoa kenduz. Halaber, bidaia metatu egingo da, aurrerantzean deskontu gehiago aplikatzeko.
Nolanahi ere, gidariek behin bakarrik erabiltzeko txartelak saltzen jarraituko dute txartelik ez duten eta bidaia eskudirutan ordaintzen duten bidaiarientzat, orain arte egin izan duten bezala.

Egunkari saltokietan
Mugikortasuneko arduradunak gogorarazi duenez, txartel bakarra egunkariak saltzen dituzten saltokietan eros daiteke. Eskatzaileak inprimakia bete eta nortasun agirikoaren tamainako argazki bat aurkeztu behar du, eta bost laneguneko epean prest izango du txartela, eskatu duen toki berean. Toki horietan terminal bat egongo da erabiltzaileak txartelean unean-unean nahi duen diru kopurua sartzeko (5 eta 300 euro bitartean). Txartelak kargatzeko sistema txarteldun telefonoek dutenaren antzekoa da. Txartelaren prezioa 4 euro izango da.

Txartela, lehen

  • Bidaia    1,10 e


Aurrerantzean

  • Hileko bidaiak 1etik 40ra: % 40 gutxiago    0,66 e
  • Hileko bidaiak 41etik 70era: % 70 gutxiago    0,33 e
  • Hileko bidaiak 71tik gora: % 90 gutxiago    0,11 e
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!