Andoaingo inauteriak: kronika, inkesta eta iritzia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 7a, 18:54

Inauterietako egun handia izan zen larunbatekoa andoaindarrentzat eta baita ingurukoentzat ere. Konpartsak kalean, mozorro koloretsuak soinean eta jai giro bikaina kaleetan zehar. Kale ertzetan ikusle mordoa bildu baitzen arratsalde entretenigarria igarotzeko asmotan.

Arratsaldetik konpartsa eta mozorro guztiak Txitibar plazan elkartu ziren desfileari hasiera emateko. Aurrez prestatuak zituzten mozorroak kalera ateratzeko unea zen huraxe. Apain eta dotore jantzita, haur, gazte zein helduak izan ziren festa alai hauetako protagonistak. Eta guztiak zeuden bertan: mexikarrak, piratak, bakeroak, arraunlariak, pailazoak, eskimalak… ez zen inor falta. Honela, pixkana, Goikoplazaraino igo ziren bakoitza bere erara. Batzuk euren koreografiak dantzatzen zituzten bitartean, besteak “Amberria” eta “Jatorrenak” txarangekin saltoka… era batera zein bestera, denak zihoazen martxan. Iluntzera bitartean ibiliko ziren bai konpartsak eta baita txarangak ere kaleetan.

INKESTA

EÑAUT KORTAXARENA

  1. Txikitatik ateratzen naiz Andoaingo inauterietan eta asko gustatzen zaizkit. Oso ongi pasatzen dut eta.
  2. Bai, oso pozik. Piratak asko gustatzen zaizkit eta hortaz mozorrotu gara aurten.
  3. Orain dela bi urte sorginez atera nintzen eta mozorro hura ere oso gustuko nuen.
  4. Nik esango nieke mozorrotzera animatzeko. Festa polita delako eta oso ondo pasatzen delako.


EVA CALLEJA

  1. Gustatzen zaizkit Andoaingo inauteriak; alaiak eta animatuak dira.
  2. Aurten mexikarrez atera gara eta gustura. La Salle-ko ikasle, guraso eta irakasle asko elkartzen gara eta mozorro aproposa da horrenbeste jenderentzako.
  3. Gogoan dut 17 urterekin Moraz atera nintzenekoa; oso polita zen.
  4. Azken batean bakoitzak nahi duena egin behar du baina nik, animatu behintzat, egingo nituzke mozorroen festa honetan parte hartzera.


NAHIA MONTES

  1. Ni lasartearra naiz baina ia urtero Andoainera etortzen gara inauteriak gustuko ditugulako.
  2. Bingo-ko txartelez atera gara lagunak eta egia esan kontentu gaude mozorroarekin.
  3. Gogoratzen naiz behin Drack Quin-etaz atera ginela. Denbora dugunean disfraz berezia egitea gustatzen zaigu; horretan ahalegintzen gara behintzat.
  4. Zaila da jende guztia mozorrotzea. Nik uste, asko lotsatu egiten direla. Hala ere, zenbat eta gehiago izan, lotsa gutxiago; beraz, jendea animatuko nuke.


IRITZIA

EHUNKA IZARTXO MEXIKAR
Karmen Rodriguez Ranz

Azaroaren amaieran, La Salle-Berrozpeko Izartxo Aisialdi Taldetik gonbidapen berezi bat jaso genuen:  nahi al duzu Inauterietako konpartsa bat sortu eta bizi gurekin?  Helmuga ezaguna, otsailaren 2a, herriko festa alai horretan partaide zuzena izatea; helburu nagusia, berriz, bidean zegoen, tarteko astebete horietan elkarrekin bizi, lagun-giroan gozatuz.
440 haur, gazte eta helduok baietz erantzun genuen; familia osoak ugari, kuadrilak, irakasleak, lagunak; gehienak andoindarrak, baina baita Amasa-Villabona, Zizurkil, Urnieta eta Lasartekoak. Haietako asko aurretik inoiz mozorrotu ez zirenak, inauteriak barrutik ezagutu gabekoak eta hasieran nahiko lotsati, baina ekimen honen berezitasuna erakargarria iruditu zitzaien, eta giroan berehala murgildu ziren.

Abenduaren hasieratik proiektua martxan zegoen; denen artean gaia hautatu ondoren, lan-talde desberdinak osatu genituen: musikak aukeratu eta dantzak sortu; karrozak diseinatu eta egin; oihalak moztu, prestatu eta josi; antolakuntzako beste beharrak gauzatu; eta sortzen ziren hamaika detaile horietarako, beti zegoen talde bat laguntzeko prest.  Gero igandeetako entseguak, topaketa nagusiak;  elkarrekin dantzatu, izerditu, jolastu!

Eta helmugara iritsi gara; Ihauterietako larunbata eta igandeko konpartsetako desfileak horren guztiaren jarraipen zoragarria izan dira.  Ehunka Izartxok elkarbizitzan amestutakoa eta landutakoa herriko kaleetan zehar plazaratu dugu, andoaindar orok gurekin batera gozatzeko.

Une eta egun dibertigarri ugari izan ditugu, hamaiketako, kafetxo, bokatak, merendolak eta afari barne, noski, beti barrez eta ilusioz josirik.  Adin desberdinetako jendea gertu eta gustora sentitu gara, talde baten partaide izan gara, lagun berriak egin ditugu.  Eta denontzat opari handia izan den esperientzia honen momenturik polit eta bereziena urtarrilaren azken igandean Donostian ospatutako egun osoko festa, hura bai giro aparta!.  Zorionak denoi!  Eta mila esker, letra larriz ere, begirale eta arduradun taldeari,  hori guztia ahalbideratzeagatik.  Egunez-egun, igandez-igande, bide hori elkarrekin egitea plazerra izan da.  Mexikoko Izartxo kuttunei: eskerrik asko lagunak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!