Aurretik, hori posible izateko, Europa Komisioak Leizaran Institutuari Erasmus Gutun Unibertsitario Zabaldua eman dio; gutun horrek institutuari baimentzen dio 2013 urte arte lan praktikak horiek aurrera eramateko. Praktika hauek, bestetik, orain arte Leonardo programa barruan antolatzen baziren, ikasturte honetatik aurrera goi mailako lanbide heziketako zentroak behartuta daude Erasmus barruan egitera. Arrazoia da Europa mailan horrelako ikasketak maila unibertsitarioetan kokatzen direla.
SISTEMA BERRIAK EZAGUTZEA HELBURU
Lan praktika europar hauen helburu nagusia zera da: Europako beste lurraldetan kolektibo baztertuekin erabiltzen diren metodologiak eta sistema berriak ezagutzea. Gizarte Integrazioko goi mailako teknikarien lana, hain zuzen, horrelako kolektibo eta pertsonen gizarteratzean datza; pertsona horiek ezaugarri oso desberdinak izan ditzakete, besteak beste, mota guztietako haur elbarrituak, etorkinak, jipoitutako emakumeak, hirugarren adineko pertsonak, txiroak... Beraz, lan oso arloa zabala da eta bertan aldaketak egunero ematen ari dira. Aktibitate hauen bitartez, azken buruan hona kanpoan erabiltzen ari diren berrikuntzak eta metodo berriak zabaltzea izango litzateke.
LAU IKASLE SUEDIAN
2007-2008 ikasturte honetan lau ikasle (Izarne Oiarzabal, Aitziber Etxabe, Oiana Aizpurua eta Marta Migueliz) Stockholm-en (Suedia) hiru hilabetez egongo dira; bertan Asperger sindromea pairatzen duten nerabeekin ariko dira. Asperger sindromea autismo barruan kokatzen den arazoa da; pertsona hauek “emozio itsutasuna” ezagutzen den arazoa pairatzen duten, hau da, besteekiko enpatia sortzeko ezintasuna: ezin dute irribarre bat, keinu bat edo hitzezkoa ez den komunikazioa ulertu. Aitzitik, pertsona hauek gai batzuetaz espezializatzeko joera handia dute, horietan supergaituen itxura izanik.
BOSGARRENA POLONIAN
Leizaran Institutuaren helburu nagusietariko bat lan-praktika hauek burutzearekin batera Suediako zentro horiekin harreman sendoago bat sortzea izango litzateke, bai informazioa trukatzeko baita ere hango lan metodoak eta sistemak ezagutzeko; Suedian horrelako autismoaren afektatuekin erabiltzen diren lan metodoak gurearekin konparatuta oso desberdinak dira eta horretan datza programa honen interesa. Azkenik, bosgarren ikasle batek, Francisco Gomez, Polonian arituko da bertako programa sozialak ezagutuz.
Gizarte Integrazioko Goi Mailako hezkuntza zikloa Andoainen 2000.urtean jarri zen martxan, beraz aurten zazpigarren promozioa aterako da. Ziklo honen eskaintza euskaraz zein gaztelaniaz da; ohiko irakaskuntza arautuarekin batera birziklatu nahi duten sektoreko langileei zuzendutako eskaintza partziala ematen da, hau da, arratsaldetan.