Santa Agedako Erronda

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 7a, 18:50

Larramendi Bazkunak deiturik, arratsaldeko seietan hitzordua zuten hilaren lauan Santa Ageda bezperako erronda eskean ibili nahi zutenak. Eguraldia bikaina zen kantari eta eskean ibiltzeko, eta piskanaka-piskanaka Larramendi Bazkunaren egoitzara inguratuz joan ziren andoaindarrak: ohiko asko zegoen, baita aurpegi berririk ere.

Antolatzaileek eskean ibiltzeko eskuargiak eta adarrak prestatu eta guztiak Ramon Berazaren zain gelditu ziren. Izan ere, Ramon Beraza da azken hamabost urte hauetan andoaindarren erronda horretan ahotsak trebatzeaz eta saioak zuzentzeaz arduratu dena; ez nolanahiko luxua andoaindarrentzat.

Agindu bezala, arratsaldeko seietan Ramon Berazak Santa Yageda, Yageda…!, Koplaren lehenengo bertsoak abiarazi zituen eta Larramendi Bazkuneko balkoian Jon Unanuek ikurriña jaso zuen, urtero egin legez, mastara, Santa Agedakoa baita, koplak dioen bezala, Euskal Herriko eguna… Erronda osaturik, kalez kale abiatu ziren, makilak, eskuargiak eta umore ona tarteko. Dr. Huizi kalean gora Goikoplaza aldera igo ziren leku jakinetan gelditu eta kopla guztiak txandaka kantatuz. Dr. Huizi kaleko egoitzatik irten zirenean 52 lagun baldin baziren, Goikoplaza iristerako ia 100 lagun ziren erronda osatu zutenak.

Oso giro onean egin zuen errondak bere bidea Zumea plazaraino, kalean eta tabernetan oso jende gutxi zebilen arren: “Eguraldia lehor eta baita kalean giroa ere” adierazi zigun antolatzaileetako batek. Eta lehorkeria hori somatu omen zuten ere kalean maindireaz bildutako sosetan. Nolanahi ere, geroztik aditzera eman digutenez, 366,40 euro bildu zuten Larramendi Bazkunekoek asteleheneko saioan. Udaltzainen laguntzaz bideratu ahal izan zen ehun laguneko taldea, guztiak ohiturak agintzen duen bezala jantzita, herriko kaleetan barrena.

Parte hartu zuen hainbatekin hitz egiteko aukera ere izan genuen, eta bizpahiruk adierazi zigun kalean barrena soinua jo ez izanari zeritzotela tristeen, “koplak kantatzerakoan baino ez genuen soinua entzuten, aurreko urteetan, aldiz, soinua ia etengabea zen”. Antolatzaileek adierazi digute, baina, aurten ez dutela behar adina trikitilaririk topatu soinua jotzeko eta benetan eskertzekoa zela aurten etorritako bikote gazteak –Itsaso Mungiak eta Xabier Jauregik– egindako lana.

Azken hamabost urteetan berritu duten ohitura zaharrari jarraiki, bederatziak aldera amaitu zuten kaleko saioa eta 45 bat lagunek Ontza elkartean egindako afari ederrean eman zioten jarraia giro bikainari.  Hurrengo urtera arte, beraz!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!