Bertsoak eta umore ona Salesiar Ikastetxean

Urnietako Salesiar Ikastetxeko areto nagusia ikaslez gainezka zegoen; taula gainean, berriz, bi bertsolari: Amaia Agirre eta Alaia Martin. Ikasle zein bertsolarien artean sortu zen aparteko giroak, emanaldi umoretsu eta dotorea ekarri zuen ondorio.

Urtero bezala, On Bosko egunaren harira “Gazteriaren astea” antolatu zuten Salesiar Ikastetxean. Honela, aste horretan zehar, egunero bi ordu eskaini zituzten ohikoak ez ziren ekintzetarako. Besteak beste, hitzaldiak antolatu zituzten, filma emanaldiak eta aurtengoan, baita bertso saioa ere.

10:00etan ekin zioten Amaia Agirrek eta Alaia Martinek doinuak eta hitzak astintzeari. Ez ohizko ordua izateaz gain, Salesiar Ikastetxeko saio honek bazuen bestelako berezitasunik. Gai jartzaile zorrotzak zituzten parez pare. Ikasleek, euren eserlekuetatik proposatzen baitzizkieten gaiak bertsolariei. Etorkin eta Guardia Zibilaren azalean, ikasle eta irakasle paperean… Egoera estu nahiz xelebreetan jarri bazituzten ere, guztietatik, airoso atera ziren Amaia eta Alaia.

Saioaren ostean, bertsolaritzaren inguruko halako azalpen batzuk eman zituzten bi bertsolariek; bertan zeuden ikasleei bertso bat nola osatu behar den azaldu zien.
Gaia entzun eta lehendabiziko gauza, ideia pentsatu behar dela adierazi zuen Amaia Agirrek. Ondoren, bertsoa bukaeratik prestatzen hasi behar dela jakinarazi zuen; eta amaiera horretatik abiatuta, errimak aurkitu behar direla. Ondoren, azalpen teoriko hauek praktikan jarri zituzten boluntario baten laguntzarekin.

Jarraian, taula gaineko bi bertsolariak, ikusleak zirikatzera zuzendu ziren. Lasai ederrean zegoen ikasle bat baino gehiago lotsarazi zituzten Amaia Agirre eta Alaia Martinek. Emanaldiaren hasieran, ikasleek gai-jartzaile modura zuten botere hori galduta, algara ederrak egin zituzten euren ikaskideen kontura.

Amaia Agirre
Orain ikasleei jarriko zaie
bertso kontuan arreta
ile hori izenez Ander
eskola hontako profeta.
Ai Barriola parrandazale
maite ditu mila neska
ta Batxilerra ere maite du
bi aldiz egin du eta.
Ta Batxilerra ere maite du
bi aldiz egin du eta.

Alaia Martin
Asier Goikoetxea aipatuko
dut orain  ta zer arraio
ikasketetan auskalo baina
korrika saioetan jaio.
Sekretu bat dut baino zuekin
konpartitzea dut nahio
Castro Urdiales du neska
baina Tamara gustatzen zaio.
Castro Urdiales du neska
baina Tamara gustatzen zaio.

Umore onean aritu ziren bertsolariak ikasleei ziria sartu nahian; eta lortu ere, lortu zuten. Eserlekuetan zegoen oro, adi baitzegoen jarraian bertsolariek noren izena esango ote zuten jakin minez. Honen ostean, berriz, amaiera eman zioten Amaia Agirre eta Alaia Martinek Salesiar Ikastetxeko saio bereziari.

Amaia Agirre
Giro ederra eduki
degu hemen azkenean.
Ziria nabarmendu da
ia gehien gehinean.
Gaizki esanak barkatu eta
besteak oroimenean
eskerrik asko eta ondo segi
Don Boskoren izenean.

Baina ez Amaia eta ezta Alaia ere ez ziren izan azkenak bertsoa botatzen. Eva Etxarri eta Josu Badiola irakasleak igo baitziren taula gainera, bertsolariei eskerrak ematera bertso bidez.

Eva Etxarri
Eskerrik asko bioi
bihotz bihotzetik
eskaini diguzuen
saioarengatik.
Ea aurrerantzean
ikasleen artetik
irteten ote zaigun
bertsotan treberik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!