Herri batzarra Lekaion

Ehun herritarretik gora bertan zirela,urtarrilaren 23an, Udaleko gobernu taldea osatzen duen UDAk deituta, herri batzarra egin zen Lekaio kultur etxean.

Alkate lanetan dagoen taldeko ordezkaria, taldeko beste hiru zinegotziak eta UDAko bi kide izan ziren azalpenak ematen. Barkamena eskatuz hasi zuten batzarra, orain arte herritarren partaidetza ez ireki izanagatik eta iragarri zuten aurrerantzean bide horretan joango direla urratsak ematen. Aurtengo aurrekontuak eta arau subsidiario berriak egiteko orduan, herritarrek parte hartzeko antolatuko dituzten foroak, jarri zituzten esandakoaren adibide moduan.

Ondoren zinegotzi bakoitzak bere arloko lanen berri eman zuen. Mertxe Zapiain izan zen lehenengoa. Musika eskola aurrerantzean ikastetxe ofiziala izan dadin, Jaurlaritzak eskatzen dituenbetebeharretara egokitzen ari direla esan zuen. Udalaren informazio buletinaden Berrittuk martxotik aurrera aldaketak izango ditu. Aldaketa nagusienak izango dira, batetik, alderdi politiko guztiak beren tartea izango dutela eta bestetik herritarrek lekua izango dutela beren kexuak, iradokizunak eta abar adierazteko, horretarako email bat jarriko dutelarik martxan. Erantzunak emateko konpromisoa ere hartu dutela adierazi zuen. Maiatzean ospatzen diren jaietarako gazteekin elkartzeko asmoa ere  badute, beraien eskaerak kontutan izateko gazteriaren jai diren horietan. Herriko musika taldeek beraien entseguak egiteko lokal gehiago prestatzeko asmoa ere adierazi zuen eta 16 urtetik gorakoentzako gazte informazio puntua Gaztelekutik Idiazabal kaleko beste lokalen batera aldatuko dutela. Mikaelaenea etxea, liburutegia, erakusketa aretoa eta bilera aretoarekin osatutako kultur gunea izango dela ere esan zuen. Azkenik polikiroldegia berritu eta handitzeko duten asmoaz jardun zen.

Miren Quintasek hartu zuen hitza, tasa ezberdinak izango duten igoeren berri emateko. Baita ere adierazi zuen Udal langileen eskasia hainbat arlotan (udaltzainak, egun-erdiz lan egingo lukeen arkitektobaten beharra…) eta horri buruz barne ikerketa bat egiten ari direla behar diren egokitzapen eta kontratazio berriak egin ahal izateko.

Fatima Ormaetxea zinegotziak gazteentzako antolatutako hainbat ekintzen berri eman eta baserrietan bizi diren adineko pertsonen beharrei buruzko ikerketa bat egiten hastear daudela adierazi ondotik, Mikel Izagirre, alkateak, hartu zuen hitza. Arau subsidiarioei alegazioak egiteko epe berri bat zabalduko dela esan zuen. Eta epe hau urtarrilaren 30etik apirilaren 11ra luzatuko dela. Epe luzera zabor bilketa sisteman aldaketa nabarmenak  izango direla ere iragarri zuen, horretarako Katalunian eta Balear irletan ikusi berri dituzten esperientziak oso baliagarriak izan direla adierazi zuen. Anbulatorio berriari dagokionez, Jaurlaritzaren eskuetan daude lokalak eta luzaro gabe obrak astea espero dute. Eguneko zentroak gehiago itxaron beharko omen du, oraindik proiektua besterik ez baita.

Urtarrilaren 30eko plenoan onartzea espero dute etxabeetan prezio tasatuko etxebizitzak egiteko araudia. Egapeko Bigarren Hezkuntzako zentroari buruz esan zuen, orain aukera bakarra dagoela, hau da, arau subsidiarioak onartu arte itxaron (2009ko udaberria), eta pozik  izango litzakeela 2011ean eraikuntza egiten hastearekin.

Bi ordu eta laurden luzatu zen batzarra bukatzeko, bertaratutako herritarren galderei leku egin zitzaion.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!