URNIETAKO IRAKASLEAK
Legebiltzarrean gaiari buruzko iritziak eman eta bozkatzen ari diren artean, kanpoan irakasleak, ikasleak, gurasoak, kirolariak, sindikatuak… bilduko dira. Hain zuzen, dekretu horren aurkako greba eguna deitua dute, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako soin heziketako irakasleek. Planteatzen ari den neurri horren aurka jasotako 75.000 sinadura entregatuko dituzte Eusko Jaurlaritzan. Eta prentsaurrekoa eskainiko dute.
Gero, manifestaldian abiatuko dira Legebiltzarreraino. Kaleratu duten oharrean, argi diote: “erabaki horiekin, gure arloaren duintasuna, funtzioa eta gure lana bera ere kolokan jarri dira”.
Urnietako ikastetxe guztietako arloko irakasleek protestaldiarekin bat egin dute. Egape, Salesiarrak eta Presentación de Maria ikastetxeetako irakasleak, soin heziketako klase orduak ia erdira murriztearen aurka daude. Gogoratzen dutenez, DBH-n adibidez, lau mailetan asteko zortzi klase ordu izatetik bostera murriztuko da.
PISA TXOSTENA
Aldaketa hori gauzatzeko Hezkuntza Saileko arduradunek PISA izeneko txostena hartu dute oinarri gisa. Europako beste hainbat herrialdeetako hezkuntza ereduak kontuan hartzen dira bertan. Baina soinketako irakasleek kontraesantzat jotzen dute aipatu txostena eredu gisa hartzea. Haien esanetan, beste herrialde batzuetan soin heziketako klase ordu gehiago baitituzte. Bestalde, ikastetxeei eman nahi zaien autonomia mailarekin, ikastetxeek dekretu berri horretan zehaztuko den gutxieneko ordu kopurura jo dezaketela ohartarazten dute irakasleek.