Irteeran parte hartzeko bi aukera ezberdin izango dira. Batetik, ostiral iluntzean abiatu eta larunbata, egun osoa, eskiatzen pasa nahi dutenentzat hartu dute ostatu dagoeneko antolatzaileek, Notre Dame de L’estaou aterpean pasa ahal izango dute gaua. Hogei lagunentzako tokia gordeta dute elkarteko kideek. Larunbatean abiatu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukerarik. Berrogei lagunentzako tokia gordeta dago aterpe berean larunbaterako.
Bidaia egiteko, norberak bere ibilgailua erabili beharko du. Norbaitek arazoren bat balu, izena emateko garaian esan beharko luke. Antolatzaileak, joateko modua bilatzen saiatuko dira.
Izen-ematea, egun hauetan
Otsailaren 18a baino lehen egin behar da izen-ematea kiroldegian. Bertan zehaztu behar da zein egunetarako beharko duen aterpea. Larunbatean pentsio erdiko zerbitzua eskainiko du aterpeak eta 40 euro ordaindu beharko da. Ostiralean irten nahi dutenek, 15 euro gehiago ordaindu beharko dute eta ostiraleko afaria norberaren kontu izango da.