Hezkuntza sailaren eta Udalaren arteko hitzarmena sinatu arte ez dira martxan jarriko eskola handitzeko lanak. Egitasmoan aurreikusten denez, hamabi urte arteko eskola ibilbidea gune berean burutuko lukete Asteasuko haurrek.
“Hitzarmen hori otsaila inguruan sinatzea espero dugu. Bertan zehaztuko da zenbat diru jarri beharko duen Hezkuntza sailak eta lanak burutzeko epea ere zehaztuta geratuko da. Hitzarmena sinatu ondoren, lanak ahalik eta azkarren hastea da gure asmoa”, dio Iñaki Amenabar Asteasuko alkateak. “Arkitektoa exekuzio proiektua egiten hasiko da otsailaren amaierarako eta horrekin batera, Hezkuntza sailarekin sinatu beharreko hitzarmen horren nondik norakoak finkatzeko lanak egingo dira”, gaineratu du.
Eremu berean
“Haurreskola eta haur hezkuntzako umeentzako eraikina egin nahi da. 0-2 urte artekoak Santa Krutz ermitaren ondoko eraikinean daude orain, eta haur hezkuntzakoak, eskola txikia deitzen dugun eraikinean. Proiektuaren arabera, gaur egun dagoen eraikinaren ondoan egingo litzateke eskola berria. Modu horretan haur guztiak eremu berean izango lirateke. Ahalik eta azkarren egin nahi ditugu lanak. Hezkuntza sailekoen epeak guk nahi baino luzeagoak izaten dira”, azaldu du. Orain jolaslekua dagoen gunean eraikiko da eskola berria. “Oraingo eskola handia eta eraikin berria lotuta egongo dira eta pilotalekura joateko ere pasabide bat eraikiko da”, dio Iñakik.
Otsailean zabalduko da matrikulazio epea: “Gelaren bat gehiago beharko dela ematen du. Hala ere, ikusi beharra dago Larraulen zer gertatzen den. Han eskola jartzen bada, hemengo egoera aztertu egin beharko da”, azaldu du.