Aburuza, pala jokalari bikaina

Duela hiru bat urte palan hasi zenetik, ibilbide bikaina darama zizurkildar gazteak.Ez dira asko egun frontoietan dabiltzan neskak. Maitane Aburuzak txiki-txikitatik izan du pilotarako afizioa.

Hasieran esku pilotan ibili zen, eta gero eman zuen palan hasteko pausoa. “Betidanik esku pilotan ibili izan naiz, baina orain, bizpahiru urte entrenatzaileak aipatu zidan ea zergatik ez nintzen palara igarotzen. Garbi zegoen esku pilotan ezin nuela aurrera segi, eta beraz, zalantza izan nuen arren, animatu egin nintzen”, azaldu du. Hilabete batzuetan bi kiroletan ibili ostean, palari ekin zion buru-belarri.

Kuku taldea
Tolosaldeko Kuku taldeko kide da Maitane Aburuza. “Talde horretan, kadeteetan, sei bat neska aritzen gara. Maider Mendizabalek entrenatzen gaitu,  astean behin. Aste batean frontoian aritzen gara eta bestean trinketean. Frontoian Anoetan entrenatzen dugu eta trinketerako Donostiara joaten gara”. Trinketean, Hernaniko taldeko neskekin batera aritzen dira Tolosaldekoak. Izan ere, Maitanek, ohiko frontoiaz gain, trinketean ere jokatzen ditu partidak. “Ez da pala-joku bera trinketean eta frontoian egiten dena. Trinketean palak arinagoak dira, inguruan burni batzuk dituzte, eta pilota bera ere ezberdina da. Bote handiagoa du eta biziago ibiltzen da”. Bitxikeria gisa, nabarmentzekoa da frontoian atzean jokatzen duela, baina trinketean, aurrean. “Lehen atzelari ibiltzen nintzen bietan, baina estatuko hautatzaileak esan zidan trinketean aurrean ere maila ona eman nezakeela eta orain trinketean aurrean aritzen naiz”.


Momentuz, frontoian lortu ditu Maitanek sari handienak. Aurten, bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako txapeldun geratu da. “Iaz beste bikote batekin irabazi nuen. Aurten Irungo batekin aritu naiz, Ainhoa izenekoa”. Pala jokuan aritzera neska gutxi anaimatzen dela uste du Maitanek. Gipuzkoan Ataun, Hernani eta Tolosaldean daude taldeak.  “Kadetetan sei bat bikotek hartu genuen parte Gipuzkoako txapelketan. Finala, hernaniarren aurka jokatu genuen eta ez nuen uste irabaziko genuenik. Aurretik, txapelketa berean jokatu genuen euren aurka, eta galdu egin genuen. Finalean ordea,  guk partida ona egin genuen eta beste bikoteak ez zuen asmatu”.

Selekziorako deitua
Palan denbora gutxi eman arren, hasieratik nabarmen geratu da Maitaneren jardun ona. Estatuko hautatzaileak behin baino gehiagotan deitu du selekziorako. Iruñean kontzentratuta egon zen abuztuan eta abenduan ere deitu zuten, baina azterketak zirela eta ez zuen joaterik izan. “Kontzentrazio horietan ikusten dute bakoitzak zein maila duen eta hor egiten dute mundialera joango direnen aukeraketa, baina oso zaila dago, momentuz ez dut horretan pentsatzen”. Gainera, Euskal Herrian maila oso ona dago. “Gasteiz eta Iruñean daude mailarik onena dutenak. Orain, Euskadiko txapelketa jokatzen ari gara baina txapelketa hau zailagoa da”. Hala ere, Euskal Herri mailako final batera iritsi da jada zizurkildarra.

Hamasei urteko gazteak ez du aurrera gehiegi begiratu nahi. “Momentuz ez zait gogorra egiten palan aritu beharra. Egia da asteburuero partidak izatea ez dela oso gustukoa, adibidez, lagunekin egoteko denbora kentzen dizulako. Baina momentuz gustura nabil eta aurrera begira ikusiko dugu, ez dut horretan pentsatzen”. Bejondeizula Maitane.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!