Ubareko lanen nondik norakoak

Pasa den astean Ubare auzoko biziberritze planaren nondik norakoen berri azaltzeko bilera izan zen Atxulondo Kultur Etxean. Bilera gela ubaretarrez lepo bete zen.

Besteak beste, Maria Anjeles Lazkano alkateak, Alberto Gonzalez Uraren euskal agentziako kideak eta Rafael Poza arkitektoak hartu zuten hitza. Maria Anjelesek eskerrak emanez hasi zuen bilkura, eta orain arte egindako lanaz balorazio oso positiboa egin bazuten, atzo, jarraipena eman nahi ziotela azaldu zuen. Alberto Gonzalezek, Uraren euskal agentziako kide moduan eta lan taldearen izenean hitz egin zuen. Obrak Zizurkilen eta Villabonan izaten diren uholdeen maiztasunagatik martxan jarri zituztela adierazi zuen lehenik, “urak metro bat edo bi hartu izan ditu maiz. 50 urtetan zazpi uholde izan dira. 10 urtez behin, bat baino gehiago, beraz. Arrazoi hori dela eta ekin genion proiektuari, aukera ezberdinak kontuan hartuz. Ubare auzoa urbanizatzeko beharrezkoa zen azterketa hori egitea”. Oria ibaia Zubimusutik hasita zabaldu dutela azaldu zuen eta bidea ere konpondu egin dutela. “Urbanizazio aldaketak kontuan hartuta, bidea trenbide ondoan egitea erabaki zen”.

Herrian zabaldu diren susmo txar eta eztabaiden inguruan ere hitz egin nahi izan zuen, “gasaren desbideratzea eta obraren segurtasun nahiz osasuna direla eta, lanak inolako arazorik gabe doaz aurrera”. Lanak Mariezkurrena enpresa egiten ari dela gaineratu zuen, “gisa honetako obrek ohikoak diren eragozpenak sortzen dituzte, baina oso gustura gaude egiten ari diren lanarekin. Lehen ere askotan egin izan dugu lan haiekin, inoiz ez dugu arazorik izan”.

Biziberritze egitasmoa, ni fasetan
Ubare auzoko biziberritze proiektuaren inguruan hitz egiteko, Rafael Poza arkitektoak hartu zuen hitza. “Enpresa bat baino gehiago aurkeztu da biziberritze proiektua aurrera eramateko. Laster aukeratuko da horietako bat”. Urak ondo bideratzeko lanak amaitutakoan hasiko dituzte aipatu lan horiek, “zati bat egin da dagoeneko. Ahal zena aurreratu egin da. Bi fase izango dituzte lanek: Bidea eta espaloiak batetik, eta, pasealekua eta auzoaren barnealdea, bestetik. Lehenengo fasea lau hilabetez luzatzea aurreikusten da, bigarrena bospasei hilabetez”, Rafaelek azaldu zuenez. Obren luzapena lanean bi entitate aritzeak ekarri duela uste du arkitektoak. Herritarrei, sor daitezkeen arazoekin adi ibiltzeko eskatu zien, “goiko bidea martxan da dagoeneko. Behekoa ere laster izatea espero dugu”.

Galderak eta zalantzak
Aurkezpena eta gero, herritarren galdera, zalantza eta kezka orokorrak jasotzeko aukera izan zen. Zalantza pertsonaletarako, Udalera igortzeko orri bereziak prestatu zituzten eta erantzun pertsonalizatuak etxeetara bidaliko zituztela adierazi zuten. Auzotarrek galdera ugari zuten, hauexek horietako batzuk: Zubimusurekin zer gertatuko den galdetu zuen herritar batek. Alkateak, zubia mantendu egingo dela jakinarazi zion, baina oraingo egoera hobetu egingo dela; oinezkoentzako bidea, alboetan atxikiz. Uholdeei begira, zubia, metro bat gehiago zabalduko dela ere aurreratu zuen. Horrez gain, Zizurkildik Villabonara igarotzeko dagoen burdinezko zubiaren ordez, ia leku berean, berria jarriko dela esan zuen.

Herritar berak Zubimusu botatzea uholdeei begira aukera hobea izango ez ote zatekeen galdetu zuen, oinarri sinpleagoko beste zubi bat egokiagoa iruditzen zitzaiola. Zubia mantentzea Jaurlaritzako Patrimonioak eskatzen duela erantzun zion alkateak. Udalak borrokatu duela kendu ahal izateko, baina ez duela zer eginik. Herritarrak Zubimusu mantentzeak uholdeen arazoekin jarraitzea ekarriko zuela aipatu zuen. Eta Jaurlaritzako Patrimonioak uholdeek ekar ditzakeen hondamendiek baino indar handiagoa izatea ulergaitza zitzaiola. Zubimusurekin lotutako aipamen gehiago ere izan zen, horien artean: “Zergatik desbideratzen da trafiko guztia Zizurkilera Villabonako pasabidea mozten den bakoitzean? Nolatan uzten du Udalak kamioi pisutsu guztiak gainetik pasatzen, Zubimusuk 3500 kilo baino gehiagoko pisua onar ezin dezakeela zubiko txartelak berak esaten badu?”. Besteak beste, argi mozketen edo Sacemgo bidearen inguruko zalantzak ere aireratu ziren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!