Onddo, berriro kalera

Onddo gazte asanbladak herriko gazteak berriro bildu eta ekintzak antolatzea du helburu. Leire Olasagasti eta Iñaki Otañok egungo egoeraren berri azaldu dute.

Gaztetxerik gabe geratu zirenetik, herriko gazteak kontakturik gabe geratu direla azaldu dute Onddoko kideek, “bakoitza bere koadrilara biltzen da orain eta tabernara, ez baitago beste aukerarik. Gaztetxea ekintzak egiteko gunea zen, koadrila ezberdinak elkartzekoa”. Giro hura berpiztea du helburu gazte asanbladak, “berriz ere herriko gazteak elkartzeko gogoa daukagu eta helburu hori lortzeko ari gara lanean. Ekintza ezberdinak antolatu eta jendeak parte hartzea nahiko genuke”. Otsailaren 16an izango da horretarako aukerarik, “datorren larunbatean gazte topaketa antolatu dugu Kultur Etxean. Gazte asanbladako argazkien erakusketa egingo da lehenengo eta taldeka banatuta, eztabaida gero.

Villabonako gazteek nolako gazte asanblada behar dugun eztabaidatuko da”. Ateratako ondorioak aztertu eta gero, afari-merienda eta kontzertuak izango dira Olaederra kiroldegiko kafetegian. Hazi, hezi eta bizi. Animatu eta parte hartu, horixe Onddoren leloa eta, gonbitea, herriko gazte guztiei zuzentzen diete, “deialdia guztiz zabala da. Gero eta jende gehiago etorri, gero eta hobeto”.

Gaztetxearen beharra
Onddo gazte asanbladako kideak 2004 urtean hasi ziren Flemingo eskola zaharretan biltzen. Etxeak egiteko lokal haiek bota zituztenean, Urdapilleta etxea okupatzea erabaki zuten 2006an. Baina lokalik gabe geratu ziren haurtzaindegiko lanak hasi zituztenean eta lokalaren beharra nabarmentzen dute, “badakigu orain zaila dela lokala eskuratzea. Udalarekin hitz egin dugu eta, une honetan ez dago ezer”. Besterik ezean, gutxienez, trasteak gordetzeko leku bat behar dutela diote. Gaztetxearen kokalekuaren gaia ilun ikusten badute ere, badute begiz jotako txoko bat. “Haurtzaindegi zaharra gaztetxea jartzeko oso leku egokia iruditzen zaigu, hori lortzea oso zaila izango dela badakigun arren”.  

Gazte topaketaren egitaraua
    17:00, gazte asanbladaren argazkiekin osatutako diapositiba emanaldia Kultur Etxean.
    17:30, eztabaida taldeka Kultur Etxean: “Nolako gazte asanblada behar dute Villabonako gazteek?”
    19:00, taldeetan ateratako ondorioen azalpena Kultur Etxean.
    20:30, afari-merienda Olaederrako kafetegian.
    21:30, kontzertua Olaederrako kafetegian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!