Ikastolako II. Kultur astea

Otsailaren 18tik 23ra luzatuko da Jesusen Bihotza ikastolako II. Kultur astea. Kontxi Ormazabal zuzendariak eman ditu azalpenak.

Ikastolaren 40. urteurrena ospatu genuenean, elkarlanari begira, giro berezia sortu zen guraso, ikasle, ikasle ohi nahiz irakasleen artean. Urteurreneko ekitaldiak bukatutakoan, ikasturtean zehar izpiritu hori bizirik mantentzea erabaki genuen. Hortik Kultur astearen ideia”. Iaz egin zen lehenengo aldiz eta izan zuen arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute, “adin ezberdineko pertsonek parte hartzeko ekintzak antolatu ditugu. Kirol ekintzak eta baita euskara bultzatzekoak ere. Ondo pasatzeaz gain, oinarrian bada beste ideia bat: baloreen heziketa”. Otsailaren 18an, betiko kiroletatik aldendu eta euskal kulturaren senari helduz, herri kirolak antolatu dituzte ikasle gazteentzat, Xiba egitasmoan oinarrituta.

Otsailaren 19an, “Tabako kontsumoari aurrea hartu” hitzaldi-tailerra izango da goizez gazteentzat eta arratsaldean, ikastolako gurasoentzat Gureako erakusgelan. “Aurretik, irakasleek ikasleekin landuko dugu gaia”. Egun berean, ikasle gaztetxoek emanaldia eskainiko dute Gurean 17:15etan. “Dantzak, txotxongiloak, bertsoak, desfileak… Egun horretan, ikasleek gurasoei egingo diete oparia”. Otsailaren 20an, “XXI. mendean hezi. Heziketa oinarri garrantzitsuak” hitzaldi-tailerra eskainiko die Maribel San Sebastian psikologoak ikastolako gurasoei. “Hasiera batean gai orokor hori landuko da baina, erantzun ona badu, jarraipena izan dezake. Ateak irekitzeko modu bat izan daiteke”.

Hitzaldiak eta antzerkia
Otsailaren 21ean “Mali elkartasuna” egitasmoaren aurkezpena egingo da, “Joxean parrokoak egin zuen proposamena eta ikasle koxkortuei eskainiko zaie. Malin edo Euskal Herrian bizi diren adin bereko gazteek, zein ezberdintasun eta berdintasun eduki ditzaketen erakutsiko da. Sentsibilizazioa eta elkar ezagutza bultzatu nahi dira eta kontsumismoaren gaia landu. Aurrera begira elkarlanean aritzeko ateak zabal daitezke”. Egun berean, Txemingo ikastolako ganbaran, Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia izango da 15:30etan, “ekintza irekia izango da, bertaratu nahi duen ikastolaz kanpoko ume eta guraso guztientzat ere”.

Otsailaren 22an beste hitzaldi-tailer bat eskainiko da: “Jar zaitez nire lekuan”, Espina bifida eta ONCE elkarteen eskutik. “Atal teorikoa eta praktikoa landuko dituzte gazteek. Arazo sentsorial ezberdinak dituzten pertsonek topa ditzaketen zailtasunen berri emango da. Modu ludikoan garatuko da tailerra”. Iluntzeko zazpietan “Satorrak” antzezlana eskainiko du Maite dugulako antzerki talde lapurtarrak. “Biharriztik etorriko da taldea eta euskal antzerkiaz nahiz iparraldeko euskalkiaz gozatzeko aukera izango da. Herri guztiari egiten diogu etortzeko gonbitea. Antzezleen artean, Koro Lopez villabonatarrak hartuko du parte”. Larunbata jai hartuko dute eta igandean, otsailaren 23an ibilaldi neurtuekin emango diote amaiera aurtengoari. “Iaz egundoko arrakasta izan zuten ibilaldiek eta aurten ere errepikatu egingo dugu. Bi ibilaldi izango dira: txikientzat herri inguruan eta helduagoentzat mendian.

Aizkardi mendi elkarteko hainbat kidek lagundu dute aholkuak ematen. Ibilaldia eta gero, hamaiketakoa prestatuko du Guraso elkarteak. Parte hartu nahi duen oro dago gonbidatuta”. Azken ekintza hori joan zen udan zendu zen Andoni Beobide ikasle zizurkildar gazteari eskainiko diote. “Mutikoaren oroimenez egingo dugu ibilaldia”.

 

Hitzorduak 
Otsailak 18, astelehena
Herri kirolak.


Otsailak 19, asteazrtea
Tabakoa hizpide.Gaztetxoen emanaldia Gurean.


Otsailak 20, asteazkena
Hitzaldi-tailerra.


Otsailak 21, osteguna
“Mali elkartasuna”.


Otsailak 22, ostirala
Hitzaldi-tailerra.
Satorra antzezlana.


Otsailak 23, larunbata
Ibilaldi neurtua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!