Bulgariako gazteak Andoainen izan dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 6a, 11:01

Bulgariatik etorritako ikasle talde bat izan da Andoainen egunotan. Pleven hiritik iritsi ziren urtarrilaren hogeita zazpian, Aita Larramendi ikastolako kideekin duten elkartruke proiektuko lehen zatiari hasiera emateko.

Hogeita bi ikasle eta hiru irakasle etorri dira Andoainera. Proiektuaren helburu nagusia ingeleraz hitz egin eta kultura trukaketa egitea da eta horretan saiatu dira, bai bertakoak baita Bulgariatik etorritakoak ere. Martxoan, andoaindarrek egingo dute bisita Pleven herrira.

Astebetez luzatu da gazte bulgariarren egonaldia. Tarte horretan, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute: Donostia, Irun, Hondarribia, Zumaia, Bilbo, Gernika..., hainbat toki esanguratsu bisitatu dute ikastolako lagunekin batera. Andoain ondo ezagutzeko txangoak ere egin dituzte. Leitzaran inguruan eta herriko kaleetan barrena ibili dira egunotan. “Bisita horiek gure proiektuan dauden jarduerekin lotuta daude. Europa mailako Comenius hizkuntza proiektuan parte hartzen ari gara eta horrekin lotuta egin ditugu bisitaldi guztiak”, dio Aita Larramendi ikastolako irakasle den Izaskun Linazasorok.

Pasa den ostegunean Jose Antonio Perez Gabarain alkateak harrera egin zien udaletxean. Ongi etorria egin ondoren herriaren nondik norakoen berri eman zien gazteei eta ondoren, pintxo goxoak dastatzeko aukera izan zuten, elkarrekin ingelesez hitz egiten zuten bitartean.  

Baina tokiak ikusteaz gain, ohitura, kultura eta historia pixka bat ezagutzeko aukera ere izan dute. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dute ikastolan; trikitixa eta pandero saioak, euskal dantza ikastaroa, Iñauterietarako mozorro eta dantza prestaketa, euskara ikastaroa, pilota partidak, Ostegun Gizeneko jarduerak..., hainbat ekintza izan zituzten gozagarrri.

Harrera ona
Manuela Bercheva Pleven hiriko Intellect ikastetxeko ikaslea da. “Ingelera erabili dut hemen eta oso ongi etorri zait. Horrez gain, txundituta geratu naiz hemen duzuen natur inguruarekin eta jendeak egin digun harrera onarekin. Oso jende atsegina topatu dugu eta lagun onak egin ditugu”, azaldu du Manuelak. “Proiektua hasi baino lehen ez genekien ezer Euskal Herriaren inguruan. Etorri aurretik gure ikastetxean zerbait ikasteko aukera izan genuen, baina hemen askoz ere gehiago ikasi dugu”, gaineratu du.

Andoaindarrek ere izan dute bulgariarrengandik  ikasteko aukera: “Beste herrialde bateko kultura eta bizimodua ezagutu ahal izan dugu pixka bat. Pozik gaude, gainera, lagunak egin ditugulako. Martxoan beraien herrira joango gara eta bertako kultura hobeto ezagutu eta harremana sendotzea espero dugu”, dio Marta Estibariz andoaindarrak.

Kultur trukea
Bulgariako ikasleekin batera, hiru irakasle ere etorri dira. Nelly Tsvetkova da horietako bat. “Elkarrizketa interkulturalerako egokia da proiektu hau. Bi herrialdeen historia, kultura..., horiek guztiak modu zuzenago batean ezagutzea da helburua. Ikasleak ireki egiten dira, mundua beste ikuspegi batetik ikusten ikasten dute. Beste herrialde bat bertatik bertara ezagutzeko aukera oso aberasgarria da hori lortzeko. Kultura eta ohitura ezberdinak izan arren, gure artean gauza komunak ditugula ikusten dute”. Nelly ere gustura agertu da Euskal Herrian ikusitakoarekin: “Sorpresa onak hartu ditugu hemen. Oso jende atsegina zarete eta natura ikusgarria duzue. Euskal Herriaz maitemindu gara”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!