Giro alaia ikastetxeen kalejiran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 6a, 10:59

Ostegun gizen koloretsua antolatu zuten herriko ikastetxeek. Martzianoak, harriketarrak, txorimaloak, sorginak, San Ferminetako korrilakariak eta zezenak…, hainbat mozorro jantzita agertu ziren ikasle eta irakasleak.

Beldurraren etxea Gazte Lokalean, irudi bidez. | Sardinaren Segizioa, irudi bidez.

Larunbateko karroza eta konpartsa kalejira, irudi bidez

Txarangen eta dultzaineroen doinuez lagunduta ekin zioten kalejirari talde guztiek. Juan Bautista Erro kalean barrena abiatu ziren eta Kaleberria jaitsi ondoren, Kale Nagusira sartu ziren Bekoplazan barrena. Guraso eta lagunak zituzten haurrek inguruan, Iñauterietako musikarekin hankei geldirik eutsi ezinik gehienak.
Doktor Huitzi kaleko bizilagunek ere izan zuten kalejiraz gozatzeko aukerarik. Hilerriko aldapa igo eta Rikardo Arregi kalea zeharkatu ondoren, Goikoplazan amaitu zen ikastetxeen kalejira alaia. Ordurako, asko eta asko ziren ikasleak iritsi zain Goikoplazan bildu ziren herritarrak. Eguraldia lagun izan zen eta ederki pasatzeko aukera ondo baliatu zuten gazteek.

Emanaldiak
Meriendatxoa jan, indarrak berreskuratu, eta emanaldiak eskaintzeko tartea iritsi zitzaien ikasleei. Musika ezberdinekin prestaturiko dantza alaiak egin zituzten. Ikaskide, lagun eta senitartekoak begira zituztela, gustura aritu ziren guztiak ere. Txikienek zabaldu zuten emanaldien tartea eta hamabi urteko ikasleek eman zioten amaiera saioari. Ondoren, play back saioa, Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia, txokolate jana edota beldurraren etxea bisitatzeko aukera izan zuten. Gustu guztietarako prestaturiko egitaraua, zalantzarik gabe.

 

Gaztetxoen iritzia

1.- Zenbat denbora igaro duzue Ostegun Gizena prestatzen? 2.- Zein da Iñauterietako egunik gustukoena? 3.- Zertaz mozorrotuko zinateke gustura?

Ana Maria Outeiriño
1.- Bi astetan prestatu genuen Ostegun Gizeneko kalejira. Jantzia eta dantza txukun osatzen ahalegindu ginen eta oso gustura ibili ginen kalez kale. Oraintxe ez dut gogoan dantzatu genuen kantuaren izena, baina dantza ondo ikasi genuen gelako guztiok.
2.- Ostegun Gizena da nire egunik gustukoena, gelako guztiek oso ondo pasatzen dugulako.
3.- San Ferminetako korrikalariaren mozorroa gustatzen zait.


Imanol Usandizaga
1.- Eguberrietako oporrak amaitu zirenean hasi ginen prestatzen, gutxi gorabehera. Jantzia ez genuen guk josi edota prestatu beharrik izan, ikastolan eman ziguten eginda. Sarri Sarri kantuarekin osatutako koreografia ondo ikasten aritu ginen egun haietan eta Goikoplazan eskaini genuen emanaldia. Oso ondo pasa genuen.
2.- Ostegun Gizena da nire egunik gustukoena, gelakoekin ateratzen garelako.
3.- Deabruz jantziko nintzateke.


Izaskun eta Olaia
1.- Hiru edo lau egun pasa genituen prestatzen. Oso gustura ibili ginen kalejiran, nahiz eta bero pixka bat ere pasa genuen.
2.- Gehien gustatzen zaigun eguna larunbata izaten da, kalejira polita egiten delako. Ostegun Gizena ere polita da, gelako lagunekin ateratzen garelako. Gure gelako batzuei astelehena ere gustatzen zaie Tolosan xexenak ikustera joaten direlako.
3.- Edurne Zuriz, indiarrez edo baita bakeroz ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!