Leandro Galatas, solasean

Azken asteetan iskanbila handiak izan dira Adunan, Leandro Galatas herritarrak Udaleko hainbat kideri egindako heriotz mehatxuen ondorioz. Galatasek, Adunako Etxeberri baserrian bere iritzia azaldu dio Aiurriri.

Leandro Galatasek haserre dagoela dio eta nabarmendu ere, nabarmentzen zaio. Haserrearen nondik norakoaz galdetuta, arrazoi asko duela azaldu du, “400 urte dituen gure baserriaren kontra etxea altxa zuen Udalak batetik, inolako distantziarik mantendu gabe. Ur zikinentzako hodirik jarri gabe, bizitzeko baimena eman zieten etxekoei eta simaurrak nire terrenora. Bai polita! Horiek dira onak! Nik kexa egin eta ez didate erantzun ere egin. Ezta erantzun ere”. Besteak beste, Udalekoen jarreragatik ere haserre dago Leandro, “sei hilabetez ur zikinak bota dizkidate terrenora. Nik ur depositua eta dozenaka arketa dauzkat, dohain erabiltzen dituzte. Baina hau gehiegizkoa da”. Hala ere, azken boladako haserrea bide berria eraikitzeko bere terrenoa puskatu beharrak ekarri dio.
Galdera asko du adunarrak, “nola uler liteke terreno hau puskatzea? Zutik mantentzeko diruz lagundu beharko lukete, eta inondik ere, puskatu ez. Ez dauka inolako zentzurik. Inguruko etxekoek buelta osoa eman ez dezaten terreno hau hautsi eta haientzat zuzenagoa den bide berria egin? Intxaurrondoak, haritzak, aranondoak, sagarrondoak…, zuhaitz horiek guztiak bota? Eskolaren ondoan, oilaskoak nahiz oilarrak ibiltzen diren zelaiaren ordez bidea jarri? Udalek subiranotasuna dute eta izugarrizko hanka-sartzeak egiten ari dira”.

Leandrok, Adunako kaskoan geratzen den zuhaitzen terreno bakarra berea dela dio, “gainerako guztiak bota egin dituzte dagoeneko”.


Non dago gure terrenoa?
Udalak terrenoagatik eskaintzen dion ordain-sariarekin ez dago batere konforme, “terrenoagatik 80.000 euro eskaini zizkidaten aurrena, erdia gero. Nik diru gehiago balio duela uste dut. 700 edo 800 metro terreno direla esaten dute, baina 1000 metro inguru dira”. Konponbideaz galdetuta, Leandrok ez duela konponbiderik ikusten azaldu du. Patxi Uranga ilobak, berriz, konponbidea beraien terrenoetan gehiago ez sartuta etor daitekeela esan du, “eta sartzea beharrezkoa izango balitz, behar den bezala ordainduta”. Leandrok Udala epaiketara eramango duela aurreratu du, “nik abantaila dut: terrenoa urbanoa baita”. Beste salaketa bat ere egin du, “otsailaren 4a arte ezin zuen inork nire terrenora sartu. Ez daukate nire baimenik gabe zertan hona sartu beharrik. Hala ere, norbaitek markak egin ditu. Gure bizkarrera poltsikoak bete nahi dituztela uste dut. Udalak hartu duen bidea lotsagarria da, umiliagarria”. Pixkanaka, Udala terreno zati asko kentzen ari zaizkiela uste du Leandrok, “baserriaren lau aldeetako lurrek osatzen dute gure terrenoa. Halaxe azaltzen da errejistroko orrietan. Baina, non dago gure terrenoa, etxea eraikitzean bi metro kendu bazizkiguten eta orain beste metro bat? Aparejadoreak baimena eman duela erraz esaten dute”.

MEHATXUAK ETA EPAIKETA
Joan zen urtarrilaren 16an, Galatasek egin zituen heriotz mehatxuen harira, Udalak deituta Tolosan izan zen epaiketari buruz galdetutakoan, sententzia itxurarik gabekoa iruditzen zaiola azaldu du eta arrebak geratzeko eskatu izan ez balio, kasuarekin aurrera jarraituko zukeela. Heriotz mehatxuei buruz, hitz egiteko modu bat dela argitu du, “niri edozein momentutan lurra desjabetuko didatela esaten didaten modu berean, nik tiro bana botako diedala esan dezaket. Lehen ere mehatxuak egin nituela esanez dabiltza, beraiek santuak balira bezala”. Galatasek bere lurrak errespetatzea lortzen ez duen bitartean, aurrera jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!