Bertsolari txapelketaren finala, larunbat honetan Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ots. 6a, 10:52

Larramendi Bazkunaren ekimenez, taldekako bertsolari txapelketaz gozatzeko aukera izango da eskualdeko hainbat herritan. Sarrerak eskuragarri: Aiurriko bulegoetan eta Iturriondo jatetxeetan. [Lehen bi saioen kronikak]
Finala: Martxoak 1ean, Asteasuko Iturri Ondo jatetxean, 20:30etan.
Andoaingo talde irabazlea, Amasan garaile izaten den taldearen aurka.

Gpuntuak izandako arrakastaren ostean, txapelketa berri bat datorkigu eskualdera. Ez da ordea, ohiko txapelketa izango, taldeka eta afari giroan bertsoaz gozatzeko aukera baizik. Larramendi Kultur Bazkunak bertsolaritzari bultzada ematea erabaki du ekimen honekin. “Bazkunean ikusten genuen bertso eskolek azken bi hamarkadetan lan handia egin dutela gazteekin. Gerora ordea, iruditzen zitzaigun gazte horien loraldia behar baino lehenago ez ote zen ximeltzen”, adierazi du Jon Unanue lehendakariak. Uste horrekin jo zuten bertso munduko eragileengana, eta hauek uste horiek berretsi zituzten. “Hogeita bost urte artekoentzat txapelketa bat baino gehiago daude, baina hortik gorakoentzat gabezia handia dago”, nabarmendu du antolaketan laguntzaile lanetan aritu den Amaia Agirre bertsolariak.

25 urtetik gorakoentzat
Horrela,25 urtetik gorako bertsolari gazteak bere baitan hartuko zituen lehia antolatzea erabaki zuten, baina txapelketaren ohiko seriotasunetik aterata. “Azkenean hiru saio izango dira, bi kanporaketa eta finala, saio gehiago egiteko data arazoak baitzeuden. Formatua berriz, bertso afariarena izango da, bilduagoa, goxoagoa iruditzen zitzaigulako. Lehia taldeka izatea ere egoki ikusten genuen, bertsolarien arteko elkarlana sustatu eta saio berritzaileak eskaintzeko”, azaldu du Unanuek.


Bertsolariak aukeratzerakoan, maila duina eduki eta txapelketa bizia eskaini zezaketenen alde egin dute. Agirrek azaldu duenez, “Gipuzkoako azken txapelketan parte hartu duten bertsolariak dira denak, 1977-1982 urteen artean jaiotakoak. Denera hamasei bertsolari hautatu ziren, lau ordezko ere izendatuz. Azkenean ordezkoen zerrendatik bakarra pasa da titular izatera. Kanporaketa gehiago egiteko aukerarik ez zegoenez, bertsolari batzuk kanpoan utzi behar izan dira”.

Publikoa epaile
Gai jartze lanen ardura hirukote batek hartu du, Amaia Agirre bera tartean.
“Jon Zaldua, Iker Iriarte eta ni neu arituko gara gaiak jartzen eta aurkezten. Bertso eskolako ikasleek ere lagunduko digute zeregin horretan, eta beste bertsolari gazte batzuei ere aholkuak eskatuko zaizkie”. Saioan egin beharreko ariketei dagokionez, villabonatarrak ez digu gehiegi aurreratu nahi izan. “Ez dira txapelketako ohiko ariketak soilik izango. Agurra etxetik prestatuta ekarri beharko dute, umeek eskolarteko txapelketan egin ohi duten moduan. Kartzela ere ez da betiko modukoa izango. Hortik aurrera, etorri entzutera”. Gainera, entzuleak azken erabakian pisu handia izango du, Unanuek nabarmendu duenez. “Saio baikotzean bi epaimahaikide egongo dira, eta publikoak ere talderen baten aldeko hautua egin beharko du, aurrera zein igaroko den jakiteko”.
Egun, ez da antzeko txapelketarik egiten Euskal Herrian. “Bizkaian, taldekako BBK sariketa egiten da, eskualdeka, baina hura ere ohiko txapelketa kutsuan. Beterriko txapelketan berriz, sariak ere bereziak izango dira, eta giro ona sustatuko da beste guztiaren gainetik”.

20 eurotan
Bertso afarietarako aukeratutako lekuak bilduak izaten ahalegindu direla nabarmendu du Unanuek. “Hiru leku goxo aukeratzen saiatu gara. Andoainen aspaldiko elkartea den Santa Krutzen egingo da lehen kanporaketa, bigarrena Amasako Kultur Etxean eta finala, leku klasiko batean, Asteasuko Iturri Ondon”. Hiru saiotan, 20 euroren truke ederki afaldu eta bertsoez gozatzeko aukera izango da. “Aiurri eta Larramendi Bazkunaren bulegoetan, eta afaria izango den tokian bertan erosi ahal izango dira txartelak. Telefonoz deituta ere erreserbatuko ditugu. Hori bai, lekuak mugatuak direla kontuan hartu behar da, 60 pertsonentzako afariak izango dira Andoaingoa eta Amasakoa eta 100 pertsonentzako Asteasuko finala”. Badakizu bertsozale, ez egin zalantza eta zatoz bertsoez gozatzera!

Taldeak eta saioak
Zozketak erabaki du Beterriko txapelketa jokatuko duten bertsolariek zein taldetan abestuko duten eta talde bakoitzak zein saiotan parte hartuko duen. Hauxe zorteak utzi duen lehia erakargarria.

Martxoak 1, larunbata
Finala: Martxoak 1ean, Asteasuko Iturri Ondo jatetxean, 20:30etan.
Andoaingo talde irabazlea, Amasan garaile izaten den taldearen aurka.

Sarrerak eskuragarri: Aiurriko bulegoetan, Santa Krutz elkartean, Ernaitza eta Stop liburu-dendetan, Ogi Goxo okindegian eta Iturrigoxo eta Iturriondo jatetxeetan.

Hona, sailkapen faseko egunak eta partaideak:

Otsailak 15, ostirala
Andoaingo Santa Krutz elkartea, 20:30.
Zilarriturri taldea: Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi, Iñigo Izagirre.
Talde orekatua da Zilarriturri. Hiru bertsolariek lan ona egin dute G puntuan, final laurdenetan geratu ziren Izagirre eta Apalategi eta finalerdietara iritsi zen Agirreazaldegi. Hirurek ere bertso maila antzekoa dutela esan liteke, edozeini aurre egiteko modukoa.

Lapurtxulo taldea: Iñaki Gurrutxaga, Mantxi eta Beñat Lizaso.
Argi Lapurtxulorekin. Mantxik taldekako Gipuzkoakoa irabazi zuen 1999an, eta orduz geroztik, maila ederra eskaini du; umorea ardatz hartuta. Gurrutxaga Gipuzkoako finalista izana da, eta egun ona egokituz gero edonor isilik utz dezake. Lizasok berriz, plazako bertsokera ekarriko du taldera.

Otsailak 22, ostirala
Otsailak 22, Amasako Iturri-goxo jatetxean, 20:30etan.
Otsabi taldea: Jokin Uranga, Jon Martin eta Iker Goñi.
Otsabi taldea faboritoa da. Uranga eta Martin taldean izanda, izenez behintzat nagusi direla esan liteke. Martin 2003ko Gipuzkoako txapelketan azpitxapeldun izana da, eta G puntuan hirugarren geratu da. Uranga Euskal Herriko azken finalaren atarian geratu zen, nahiz eta Gipuzkoakoan ez zuen onena eman. Iker Goñi berriz, ez da hain ezaguna, baina G puntuan lan ona egin zuen, ideia freskoak eta ausardia erakutsiz.

Ttottolondegi taldea: Nahikari Gabilondo, Iker Zubeldia eta Unai Muñoa.
Bertsokera ezberdinak batzen ditu Ttottolondegik. Gabilondok esperientzia eta zuzentasuna ekarriko ditu, azken txapelketa guztietan erakutsi bezala. Zubeldia berriz, G puntuko finalera iritsi ostean, bere berea duen umoreari zukua ateratzen saiatuko da. Muñoak azkenik, G puntuan erakutsi du orain arteko bertso mailarik onena, eta maila hori berretsi nahiko du afari bueltako lehian ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!