Soin Heziketako irakasleek, greba eguna hilaren 11n

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datorren ikasturtetik aurrera ikastetxeetan soin heziketako klase orduak gutxitzeko duten asmoari aurkakotasuna adierazi nahi diote otsailaren 11ko greba egunarekin. Deialdiarekin bat egin dute Urnietako ikastetxeetako soin heziketako irakasleek.

Datorren ostiralean, hilak 8, ikasleek soin heziketako klaseak gelan bertan jasoko dituzte. Hilaren 11n berriz, greba eguna dute irakasleok. Ekintza horiekin desadostasuna erakutsi eta etorkizunean gerta daitekeena agerian utzi nahi dute. Hain zuzen, datorren 2008-09 ikasturterako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak soin heziketari ikastetxeetan eskaintzen zaizkion orduak murriztu nahi ditu; %40raino. Aldiz, Zientziak eta Hizkuntzak indartzearen aldeko apustua egin nahi dute.

Aipatu bezala, erabakiarekiko ezadostasuna erakutsi nahi dute irakasleok eta sindikatuek deitutako mobilizazioekin bat egingo dute. Tartean, Urnietako ikastetxe guztietako soin heziketako irakasleek. Iragarritako mobilizazioei begira, hona hemen, Urnietako ikastetxeetako irakasleek, modu bateratuan, ikasleen gurasoei helaraziko dieten eskutitza:

 

Urnietan, 2008ko otsailaren 6an


Kaixo familia:

Azken hilabeteetan behin eta berriro Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza agintarientzako Soin Heziketa arloa eskolako curriculumaren barnean garrantzi gutxiko arloa dela jabetu gara, nahiz eta Derrigorrezko Hezkuntzan txertatuta egon.

Jakingo duzuen bezala PISA txostenaren ondoren Hezkuntzako arduradunek beraien interpretazioak egin ondoren Zientziak eta Hizkuntzak indartzeko erabakia hartu zuten, ondorioz Soin Heziketa murriztuz.

Beste aldetik ikastetxeen autonomiaren aldeko apustua egin dute. Ikastetxe bakoitzean asteko ordu kopuru osotik zati txiki batek ikastetxe horren autonomia bermatzen omen du. Honek ez dio lagundu Soin Heziketari ikasgai bakoitzaren orduen banaketa egiterakoan, %40an murriztu baitute. Erabaki hauekien gure arloaren duintasuna, funtzioa eta gure lana bera ere kolokan jarri dira.

Hurrengo ikasturtean 2008/09, Dekretua aldatzea lortzen ez badugu behintzat, hasiko litzateke murrizketa eta Zientziak eta Hizkuntzak indartzeko eta ikastetxeei autonomia gehiago emateko ekimena. Egitasmo hau errealitate bihurtu aurretik ikastetxeko partaide eta estamentu guztiei egoera eta gure etorkizuneko asmoen berri eman nahi dizuegu.Inolaz ere ezin dugu onartu murrizketa SHn, bertan idatzitako konpetentziak eta gaitasunak ikasleentzat lortu gabe geratuko zirelako eta diseinatu duten curriculuma dokumentu hutsa besterik ez zelako izango.

Gure desadostasuna erakusteko eta etorkizunean zer datorren agerian uzteko, hurrengo ostiralean, hilaren 8an, Soin Heziketako irakasleok Soin Heziketaren klaseak gelatan emango ditugu eta bat egingo dugu sinduikatuek hilaren 11rako deitutako graba egunarekin. Ordu horietan ikasleei Hezkuntza Departamenduak goraipatu eta hobetu nahi dituen “arlo garrantzitsu horien (Zientziak eta Hizkuntzak) “ ezagutzak eskainiko dizkiegu.

Greba egunean, ikasle, irakasle, guraso, kirolariak, sindikatuak… Eusko Jaurlaritzan, Lakuan, gizartean lorturiko babes soziala, 75000 sinadura, entregatuko ditugu prentsaurrekoa egitearekin batera. Jarraian, Gasteizko kaleetatik zehar kalejiran Legebiltzarreraino abiatuko gara. Bertan, Hezkuntzako Batzordean Soin Heziketaren etorkizuna ezatabaidatuko baitute.


SOIN HEZIKETAN ORDU MURRIZKETARIK EZ!!
IKASLEEN BENETAKO GARAPEN INTEGRALAREN ALDE!!!

Soin heziketako irakaslea

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!