Eredugarritzat eta gobernagarritasunaren adibidetzat jo zuten udal ordezkariek, atzoko plenoan aho batez onartu zuten etxebizitza tasatuen udal ordenantza. Alkate Mikel Izagirrek argitu zuenez, mota horretako etxebizitzen gehieneko prezioak mugatu nahi dira. Eta gehiegikeriak egiten diren kasuetan, Udalak tartean sartzeko eskubidea izango luke. Erabaki horrekin, herritarrei etxebizitza eskuratzeko bidea erraztu nahi zaie.
Alegazioen epea, bertan behera
Arau Subsidiarioen gaiari lotuta, alegazio epe berri bat irekitzeko proposamena izan zen atzoko plenoan, mahai gainean udal ordezkariek zuten beste gaietako bat. Baina azkenean, aho batez gaia batzordeetan eztabaidatu eta lantzekotan geratu ziren.
Bestalde, Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamenduak eta Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei zuzendutako sei apartamentu izango dira aurrerantzean. Aho batez, hala onartu zuten udal ordezkariek. Denek ez, baina gehienek ere Eudelek zinegotzien zeregina errekonozitu eta haien lana erraztu asmoz egiten dituen proposamen zerrendarekin bat egin zuten.
Mozioa
PSE-EE-k, EAJ-PNV-k eta UDA-k dependentzia egoeran bizi diren herritarrei buruzko mozioak aurkeztu dituzte azken asteotan. Atzo PSE-EE-k bere eraman zuen plenora. Baina gai berari buruzko beste bi mozio zeudela ikusita, azkenean, udalbatzak testu bateratu bat osatu eta hori onartzearen alde agertu zen.