Lurraldebusen deskontuak, ostiral honetatik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 31a, 14:29

Ostiral honetatik aurrera, hau da, otsailaren 1etik aurrera, txartela duten 35.000 erabiltzailek baino gehiagok % 40ko beherapena izango dute lehen bidaiatik aurrera. Txartelarekin 1,10 euro ordaintzen zuten, eta orain 0,66 euro kostako zaie; paperezko txartel solteak, berriz, 1,25 euro balioko du, lehen bezala.

Foru Aldundiak 5 milioi euro jarriko dituela iragarri du, deskontuen politika berria finantzatzeko. Hauxe prentsa oharraren edukia:

"Ostiral honetatik aurrera, hau da, otsailaren 1etik aurrera, orain arte ordaintzen zutena baino % 40 merkeago aterako zaie bidaia Lurraldebusen herri arteko lineetan Txartel Bakarrarekin ibiltzen diren 35.000 erabiltzaileei baino gehiagori. Milaka erabiltzaile horiekin bat egingo dute datozen egunetan, garraio publiko horretako txartela eskatu duten ia 900erabiltzaileek. Halako beherapenak Transportes Pesa enpresak ere egingo ditu Donostiako, Bilboko eta Gasteizko bere leihatiletan eserlekua erreserbatzeko orduan.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Arantza Tapiak hobarien politika berria aurkezterakoan adierazi duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoaren alde egiten duen apustu garbia eta irmoa da”. Baita ere esan du bere departamentuak 2008ko aurrekontuetan 5 miloieuro jarri dituela deskontuen politika berri hori finantzatzeko.

Diputatuak adierazi du “Foru gobernuaren ildo estrategikoetako bat da. Bateragarri bihurtu ditugu, alde batetik, geure konpromisoa bermatzea, hau da, herritarren mugikortasuna eta leku guztietara iristeko erraztasuna –lantoki, ikastoki, aisialeku eta zerbitzu lekuak, oro har–, eta beste aldetik, garraio sistemaren iraunkortasuna. Horrek eskatzen du, ordea, benetan irmotasunez egitea garraio publikoaren alde eta beraren merkatu kuotaren alde. Herritar bakoitzaren erantzukizunari egindako dei garbi bat da, hartara, ohiko joan-etorrietan, ahal duten neurrian, ibilgailu partikularra erabili beharrean garraio publikoa erabil dezaten”.

Txartel Bakarra

Tapiak gogorarazi duenez, txartel bakarrarena ordainketa sistema bateratu bat da, eta horri eskerrak, otsailaren 1etik aurrera, deskontuak izango dira lehen bidaiatik aurrera, garraio titulu bakarra erabilita, Gipuzkoako Foru Aldundiaren emakidadun eta Lurraldebus sozietateko kide diren enpresekin bidaiatzerakoan.

Txartel pertsonalizatua da, erabiltzailearen izena eta argazkia dituena. Txartelari esker, bidaia bakoitzerako paperezko txartela atera beharrik gabe erabil ditzake txartel jabeak Lurraldebuseko autobusak. Nahikoa da autobusean sartu eta baliozkotzeko makinara txartela hurbiltzea, bidaia hasteko. Autobusetik jaisterakoan, irteerako ate bakoitzaren ondoan dagoen indargabetzeko makinara hurbildu beharko du txartela bidaiariak. Hori eginda, Lurraldebuseko kudeaketa zentroan erregistratuta geldituko da egindako ibilbidea, eta automatikoki egingo zaio deskontua, txartelaren saldotik dagokion zenbatekoa kenduz. Halaber, bidaia metatu egingo da, aurrerantzean deskontu gehiago aplikatzeko. Nolanahi ere, gidariek behin bakarrik erabiltzeko txartelak saltzen jarraituko dute txartelik ez duten eta bidaia eskudirutan ordaintzen duten bidaiarientzat, orain arte egin izan duten bezala.


Egunkari saltokietan
Mugikortasuneko arduradunak gogorarazi duenez, txartel bakarra egunkariak saltzen dituzten saltokietan eros daiteke. Eskatzaileak inprimakia bete eta nortasun agirikoaren tamainako argazki bat aurkeztu behar du, eta bost laneguneko epean prest izango du txartela, eskatu duen toki berean. Toki horietan terminal bat egongo da erabiltzaileak txartelean unean-unean nahi duen diru kopurua sartzeko (5 eta 300 euro bitartean). Txartelak kargatzeko sistema txarteldun telefonoek dutenaren antzekoa da. Txartelaren prezioa 4 euro izango da.

Tarifak eskualdeen arabera eta deskontuak
Txartel bakarraren sistemak 14 eskualde hartzen ditu: 9 Gipuzkoan (Donostialdea, Tolosaldea, Urola Kosta, Urola Erdialdea, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena, Debabarrena eta Bidasoa-Txingudi); 3 Bizkaian (Bizkaia Kosta, Durangaldea, eta Bilboko lotura); eta 2 Araban (Debagoienaren eta Gasteizen arteko herriak, eta hiriburua bera). Eskualde barruko bidaiek prezio bakarra dute. Ibilbidean zeharkatzen den eskualde kopuruaren arabera aldatzen da prezioa. Kontuan hartu behar da gipuzkoarrok egiten ditugun 10 bidaiatatik 9 eskualde berean egiten ditugula.

Txartela erabiliz gero, zenbat eta gehiago erabili garraio publikoa, orduan eta deskontu handiagoak izango dira. Hileko lehen berrogei bidaiek % 40 deskontua izango dute. Gero, 41. bidaiatik 70.eraino % 70eko deskontua egingo da, eta 71.etik aurrera, berriz, % 90ekoa izango da beherapena. Hilaren hasieran, berriro, kontagailua % 40 aplikatzen hasiko da.

Sistema horrek ere aukera emango du herri arteko autobus lineak hobeto kudeatzeko, malgutasun handiagoa emango baitzaie; herritarrei ere zerbitzu publiko merkeagoa eskainiko zaie, autobusak errazago, erosoago eta seguruago erabiltzeko aukera izanik, eta, gainera, informazioa denbora errealean jaso ahal izango dute.

Ekimen hori abian jartzearen helburua da garraio publikoa bultzatzea eta suspertzea, erabiltzailearen leialtasuna sarituz, eta ibilgailu pribatuari aurrea hartzea, zerbitzuaren kalitatea eta denbora/distantzia ratioa hobetuz eta zirkulazioa nahiz ingurumenari egiten zaion kaltea arintzen lagunduz.

Pesak ere deskontu horiek egingo ditu Donostiako, Bilboko eta Gasteizko txartel-leihatiletan eserlekua erreserbatzeko orduan".

Deskontuak izango dituzten Lurraldebuseko konpainiak eta autobus lineak

Autobuses Garayar, S.A. Lineak:
o Pikoaga-Hernani-Donostia
o Andoain-Urnieta-Donostia
o Andoain-Ciudad Sanitaria

Compañía del Tranvía San Sebastián-Tolosa, S.A. Lineak:
o Zubieta-Lasarte-Donostia.
o Tolosa-Andoain-Donostia.
o Asteasu-Tolosa.
o Asteasu-Donostia.

Transportes Pesa, S.A., Donostia-Bilbao eta Deba Goiena eta Gasteizekin lotura.
o Lineak: Donostia-Bilbao A-8tik/ Donostia-Tolosa-Beasain-Zumarraga-Bergara-Bilbao/ Donostia-Elgoibar-Eibar-Ermua A-8tik/ Donostia-Elgoibar-Bergara-Arrasate/ Donostia-Arrasate (A-8 y AP-1)/ Donostia-Itziar-Deba-Lekeitio/ Eibar-Bergara-Gasteiz/ Eibar-Soraluze-Bergara-Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza/  Bergara-Antzuola-Zumarraga-Oñati-Bergara/  Bergara-Arrasate-Durango (A-8)-Bilbao/ Oñati-Arrasate/ Oñati-Arrasate-Bilbao/ Oñati-Legazpia-Zumarraga.

Hijos de A. Areizaga,S.A. Linea:
o Beraun-Pasai San Pedro-Donostia-Hernani

Herribus, S.A. Linea:
o Oiartzun eta Pasai San Juan- Errenteria-Donostia – Oiartzun- ospitalak

Autobuses Interurbanos,S.A. Linea:
o Hondarribia-Irun-Donostia
o Donostia-Hondarribiako aireportua-Hondarribia

Autobuses Urbanos Irun-Fuenterrabia,S.L. Linea:
o Irun-Hondarribia

Tolosaldea Bus, S.L.
o Bailarako emaikida : Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoyan, Elduain, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Larraul, Leaburu-Gaztelu, Lizartza, Orendain, Orexa, Zizurkil eta Tolosa.

Goierrialdea, S.L.
o Bailarako emaikida: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ormaiztegi, Ordizia, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zummarraga.

Eusko Trenbideak Ferrocarriles Vascos, S.A. eta Autobuses La Guipuzcoana, S.L. Urola Kosta eta Deba Beheko emaikida.
o Urola Kostako lineak: Zumarraga Zumaia / Azkoitia-Tolosa/ Azkoitia-Zarautz/ Azkoitia-Donostia A-8tik/ Zumaia-Zarautz Donostia A-8tik/ Zarautz-Donostia N-634tik/ Aia-Orio/ Orio-Usurbil-Lasarte.

o Deba Beheko lineak: Elgeta-Eibar/ Deba-Itziar/ Soraluze-Mendaroko ospitala/ Ondarroa-Mutriku-Deba-Elgoibar-Eibar-Ermua-Mallabia/ Azpeitia-Azkoitia-Elgoibar-Eibar-Ermua

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!