Arau subsidiarioen harira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 30a, 14:18

Javier Segurado arkitekto urnietarrak hitzaldi bana eskainiko du Lekaion, urtarrilaren 31n eta otsailaren 7an. Helburua, egun onarpen bidean den Arau Subsidiarioen dokumentua, gutxienez, zalantzan jartzea.

Zalantzazkotzat jotzen duzu Arau Subsidiarioen dokumentua.
Javier Segurado:
Nik bere baliagarritasuna zalantzan jartzen dut. Parametro morfologiko, ekonomiko eta legalak maneiatzen dituen dokumentu baten aurrean gaude. Baina aldi berean, kuantitatiboa den planeamendua eskaintzen du. Gupidarik gabe lur gainean aplikatzen da, trukean inongo balore kuantitatiborik eskaini gabe. Interpretaziorako tartea uzten du, baina nire ikuspuntutik ez da nahikoa. Gainera, herritarren parte hartzerik ez izatea kritikatzen dut.

Zeintzuk dira zure ustez, une honetan erantzunik ez duten galderak?
J.S.:
Oinarrizko gaiak erantzunik gabe uzten ditu. Urnietak jatorriz oinarrizko hiru erakundeek, elizak, Udalak eta plazak osatutako muinoa okupatu zuen. Hortik, bere egitura zentralizatua indartu besterik ez zen egin. Kiroldegiak, ikastolak, Salesiarrak… Lotugabeak diren atal konglomeratu horiek guztiak ordenatu beharra ekarri du. Tamalez, plan berriak ez du funtzio hori beteko. Mila etxebizitza baino gehiago planteatzen ditu bi mila herritarrentzat, baina inork planoak ikusi eta eraikin horiek herriko gainerakoekin alderatzen baditu, dimentsioen artean dagoen proportzio falta izugarriaz jabetuko da. Baina niretzat garrantzitsuena, gune publikoa berreskuratzea da. Egitura polizentrikoaren aldeko apustua egiten dugu, egun dauden ekipamendu handiak indartuaz. Hartara, auzoak horren inguruan antolatu eta gune horietan auzotarrek kudeatu eta haiek soilik erabil ditzaketen ekipamenduak txertatuko lirateke. Horrek auzotarrei bildu eta erabakitzeko aukera emango lieke.

Orain artean, zeintzuk dira herritarren edota herriko elkarteen aldetik jaso dituzun inpresioak?
J.S.:
Argi utzi nahi dut, hitzaldiek ez dutela helburutzat iritziak biltzea. Hori beste metodologia batekin egingo da. Helburua bikoitza da; onartze bidean den planeamenduaren gabeziez informatzea eta egin daitekeena ikusaraztea. Lehen ekitaldiak, aurkezpenekoak dira. Jasotako inpresioak, orokorrean, esperotakoak dira; erakunde nagusien aldetik kuriositatea eta herritarren aldetik, konplizitatea.

Hitzaldi hauek elkarte antzeko baten sorrera bultzatzeko baliagarri izan daiteke?
J.S.:
Garapen Potentzialen Alternatibak ez da elkarte bat, lan esparru bat baizik. Bertan, une oro jendea eta taldeak sartu eta irteten dira. Hortik sortu da “URNIETAENRED”, eta hiru helburu ditu: herritarrek haien ezinegonak adieraztea errazteko auzokako egitura bat sortzea; gune publikoari zentzua eman, erabili eta baliatzea; elkarbizitza kohesionatu eta komunean duguna indartzea. Honen guztiaren atzean, ez dago talde edo elkarterik. Asmoa ez da beste Arnasa bat sortzea. Arnasa gabezi baten ebidentzia da: auzotarren mailan, egitura parte hartzaile baten gabeziarena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!