Irakaskuntza publikoari begira

Eusko Ikaskuntzak eta Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenaren testuinguruan idatzi dute Aitziber Salinasek eta Juan Agirrek “Urnietako irakaskuntzaren historia laburra (Pedro Biteri Aranaren mendeurrena)” liburua, Biteri hil eta berak sortutako ikastetxeak ehun urte bete dituen honetan.

Emaitzarekin gustura?
A.S.:
Oso polita eta interesgarria izan da. Ezustekoak aurkitu ditugu. Okertzat jotzen genituen datu asko, dokumentatu ostean egia zirela ohartu gara. Bestalde, elkarrizketatuak oso ondo portatu dira gurekin. Bitxikeri asko kontatu dizkigute. Gaia, espero genuena baino askoz zabalagoa da. Horrek esan nahi du gauza asko daudela Urnietan egiteko. Herri historiarako interesgarria da, oso aberasgarria.

Biteri ezagutarazteko aukera ematen du liburuak?
A.S.:
Ez gara Biteriren irudian zentratu. Egia da, ez da oso ezaguna. Zorte handia izan dugu Biterirekin. Are gehiago, garai hartan hezkuntza zegoen bezala egonda. Bere anaiak hil baino lehen zuen dirua hezkuntzan inbertituko zuela zioen. Pedro Biterik anaiak esandakoa errespetatu zuen. Gipuzkoan hamar eskola sortzeko dirua eman zuen. Orain ikastetxe publikoak ditugu, baina garai hartan zaila zen eskolara joatea, ez zeudelako eskola asko eta ez zitzaiolako garrantzirik ematen.

Biterik hezkuntzaz zer ikuspegi zuen?
A.S.:
Ez dago oso argi. Argi dagoena da, berak hezkuntza publiko bat bultzatu nahi zuela. Denek hezteko aukera izatea nahi zuen. Gizartearen oinarritzat irakaskuntza jotzen zuen. Garai hartarako oso iraultzailea izan zen.

Geografikoki oso zabalduak daude berak bultzatutako eskolak?
A.S.:
Arrasaten, Errenterian… Jendea eskatzera joaten zitzaion. Ama Arrasatekoa zuen, bera bertan bizi izan zen. Urnietaraino ailegatu zen, udaletxea erre egin baitzen. Umezurtz geratu ziren urnietarrak, bertan baitzegoen eskola. Eskolak behar ziren eta dirurik ez zegoen. Egoera ez zen oso ona, baina Biteriri eskatu zioten eta dirua eman zuen.

Biteri hil zenetik ehun urte bete dira. Zer modutan gogoratu beharko genuke?
A.S.:
Gaur egun, Egape-Azkorte eskola publikoa gizon honi esker sortu zen. Urnietan adibidez, eskola Azkorte izenez gogoratzen du jendeak, Biteritaz ez da inor akordatzen. Horregatik, omenaldi txiki bat eginda, gogoratu beharra dago.

Hezkuntza ehun urte hauetan eboluzionatu izanaren giltzarriak zeintzuk dira?
A.S.:
Niretzat, pertsonak. Egun, pertsona eta heziketa bere osotasunean hartzen dira kontutan. Dena izugarri aldatu da. Lehen irakurri, idatzi eta kalkuluak egiten zekitenek ikasketak zituzten. Izugarri aldatu da, batez ere hezkuntzari ematen zaion garrantzia. Garai hartan ez zitzaion batere ematen, eta gainera familiei esfortzua suposatzen zien umea eskolara eramatea. Etxean lagundu beharra baitzuen eta asko ez ziren joaten. Gainerakoak lan horiek eginda, esnea banatuta adibidez, joaten ziren. Izugarri eta onerako aldatu da hezkuntza.

Garai hartako Urnieta ere irudikatzen da liburuan?
A.S.:
Hori oso ondo ikusten da Argazki Zaharren liburuan. Nekazal munduko herri bat zen. Baserritarrak ziren denak. Eskolara ahal zutenek eta ahal zutenean joaten ziren.

Urnietarren lekukotzen bilduma ere egin duzue?
A.S.:
Haietako askoren bizipenak bildu ditugu. Urnietar asko ditugu, adin batetik gora kontatzeko gauza asko dituztenak eta hori biltzeak merezi du. Memoria historiko hori berreskuratu eta kontatu dugu. Garai ezberdinak bizi izan zituzten urnietarrak aukeratu ditugu. Baina asko gelditzen dira, gauza asko kontatzeke. Iraganari begiratzea eta zer izan ginen ikustea garrantzitsua da, etorkizunerako akatsak zuzendu eta hobetzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!