Galarragaren askatasunaren azken berriak

Atzo aurreratu zenez, aske geratu da Eneko Galarraga: fiskalak ez baitzuen euroagindua onartu. Gaur arratsaldean bilduko da abokatuarekin.

Espetxetik kanpo geratu da Eneko baina, baldintza batzuk bete beharko ditu. Askatasunak adierazi duenez, "hilean bi aldiz Donibane Lohitzuneko komisaldegira agertu beharko du sinatzera eta Pirinio Atlantikoetatik ateratzeko debekua du". Euroagindua atzera botatzearen arrazoia oso argi ez dakitela adierazi dute, "abokatuak bi arrazoi aipatu ditu: Batetik oso gaizki antolatu zutela euroagindua, inolako frogarik gabe eta, bestetik, begi-bistakoa zela Enekok bizimodu normala egiten zuela iparraldean: lana, gizarte segurantza...". Fiskalak Eneko atxilotzeko inolako arrazoirik ez zuela argudiatu zuela aipatu du Askatasunak, "ezta Euskadi Ta Askatasunako kide zela esateko ere. Aurrera begira zer gertatzen den ikusi egin beharko da, frantziar estatutik botatzeko inolako frogarik ez duela esan du Frantziak".

Aske geratzeko esperantza gutxi

Eneko oso ondo agertu zela ere jakinarazi du Askatasunak, "Pauen deklaratu ostean, Toulouseko espetxera eraman zuten eta arratsaldeko 18:00ak aldera atera zen espetxetik. Arratsaldeko 14:00etan eman zuten ebazpena, baina berak kalera atera baino bost minutu lehenago jakin zuen erabakia". Espetxera joan beharko zuela onartuta omen zeukan, "orain arteko euroagindu guztiak onartu egin direnez, ez zeukan aske geratzeko esperantza handirik. Prest zegoela esaten zuen, indartsu zegoela, nahiz eta kanpoko egoeragatik kezkatuta egon. Abokatuek ere zentratuta eta indartsu ikusten zuten. Berria jakin eta gero, oso pozik dago orain".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!