Iñauterien aurrerapena, Jesusen bihotza ikastolatik

Jesusen Bihotza ikastolako kideek ondorengo mezua igorri dute Iñauteriei begira. Ostegun Gizenean Amasa-Villabonako kale-jiran hartuko dute parte. Ostiral Mehean, Zizurkilgoan.

Kaixo denoi!

Urtero bezala, Inauteriak gertu ditugu eta Jesusen Bihotza Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak jo eta ke ari gara Ostegun Gizeneko (Villabonan) eta Ostiral Mehearen (Zizurkilen) festak antolatzen.

Makina bat aldiz entsaiatu dugu, emanaldia primeran atera dadin.

Aurten, Villabonako Ikastolan “IRATXOZ” mozorrotzea erabaki dugu, bazter guztiak alaitzeko asmoz. Zizurkilgo ikastolakoak berriz “ORDULARIZ” mozorrotuko dira.

Dakizuenez, festa hauek Villabona eta Zizurkilgo Udalek antolatzen dituzte herriko ikastetxeekin batera.

Ostegun Gizenean, udaletxe aurrean egingo dugun emanaldiarekin emango diogu hasiera festari. Ondoren, herrian zehar ibiliko gara festa eta umore ona zabalduz.

Ostiral Meharrean berriz, Zizurkilen desfilea izango da lehendabizi eta bukatzeko emanaldia plazan.

Ilusio handiarekin prestatutako jaia denez, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu desfilean parte hartzera. Ziur denok primeran pasako dugula!

Gogoan izan otsailaren 18tik 24ra Jesusen Bihotza Ikastolan Kultur Astea ospatuko dugula. Aurten ere guztion gustukoa izango den egitaraua antolatzea espero dugu eta badakizue denok zaudetela gonbidatuta!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!