Edukiontzi eta zerbitzu berriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 25a, 11:37

Hiri-hondakinen bilketa eta garraio zerbitzu mankomunatua martxan jarri du Tolosaldeko Mankomunitateak Beterri-Aiztondo bailaran, edukiontzi eta bilketako ibilgailu berriekin.

1997 urtean sortu zen Tolosaldeko Mankomunitatea. Orduz geroztik, birziklatzeko hondakinen gaikako zerbitzuak egin ditu. "Orain, beste urrats bat egin dugu, eta eskualde osoan martxan jarri dugu hiri-hondakin guztien bilketa eta garraio zerbitzu mankomunatua. Horretarako, gainera, edukiontziak eta bilketako ibilgailuak berritu ditugu. Hobekuntza prozesu iraunkor honi esker, herritarrak zerbitzu eroso, eraginkor, hurbil, garbi eta errazagoa izango du".

Edukiontzi eta ibilgailu berriak

Bilketa zerbitzuko edukiontzi eta ibilgailu guztiak berriztatu ditu Tolosaldeko Mankomunitateak. Azaldu dutenez, edukiontzi gehienak albo-kargakoak izango dira. "Bilketako sistema berri hau tradizionala baino isilagoa ez ezik, eraginkorragoa da. Zaborra biltzeko edukiontziek estalkia irekitzeko pedal bat izango dute, eta horrela, erosoagoak izango dira herritarrentzat. Zabor edukiontzi gehienak edukiera handiagokoak dira, eta, horri esker, kalean edukiontzi gutxiago jarriko denez, leku gutxiago hartuko dute". Ibilgailuek ere badute alde onik, "bilketako eta garbiketarako ibilgailu berriek azken berrikuntza teknologikoak dituzte isuri kutsakorrei, zaratari, segurtasunari nahiz maniobragarritasunari dagokionez, besteak beste".

Bilketaren maiztasuna

Mankomunitateko kideek, zerbitzu berriekin hondakinak maizago bilduko direla jakinarazi dute, "hondakinen, papreren eta ontzien edukiontzien bilketa maizago egingo da. Objektu handien eta traste zaharren bilketa zerbitzuari dagokionez, eskualdeko udalerri guztietara zabalduko da, eta bilketak maiztasun desberdinarekin egingo dira: astean behin, bi astean behin edo hilean behin".

Zerbitzu nagusiak

-Etxeko hondakinak jasotzea.

-Beira, paper-kartoi, ontzi, oihal eta pilen gaikako bilketa.

-Sukaldeko olioa eta etxeko hondakin arriskutsuak jasotzeko puntu berde mugikorra.

-Altzarien eta traste zaharren bilketa.

Beterri-Aiztondo eskualdean

Beterri-Aiztondo eskualdean, zaborren edukiontzi berriak jarri dituzte herri gehienetan, "Amasa-Villabonan, Zizurkilen, Asteasu eta Larraulen jarrita daude dagoeneko. Andoainen orain ari gara jartzen eta Adunan epe laburrean jarriko ditugu". Zaborren edukiontzi berriak jarri eta gero, bestelako osagaiak biltzekoak jarriko dituzte. "Zaborren edukiontziak jartzen bukatu eta gero, papera biltzekoak jarriko ditugu lehenik eta haiekin bukatutakoan, ontziak jasotzekoak".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!