Udaletako euskara batzordeen kanpaina berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 24a, 15:31

Ogi barra, zopakoa, moldeko ogi zerealduna, txapata, flauta… Luzea da okindegi batera sartu eta bertan aurki dezakegun produktu zerrenda. Baina askotan erdarara jotzen dugu ogi bat edo beste eskatzerakoan. E

uskaraz nola esaten den ere asmatu ezinik ibiltzen gara. Egoera aldatzeko, saltoki hauetan egin ohi diren salerosketak euskalduntzeko alegia, Buruntzaldeko udaletako euskara batzordeen eskutik kanpaina berri bat martxan jarri da.

Ekimena pasa den urtarrilaren 17an aurkeztu zuten Astigarragako Kultur Etxean. Bertan izan ziren, Astigarragako eta Lasarte-Oriako Euskara Batzordeetako Lehendakariak, Zorione Etxezarraga eta Ricardo Ortega hurrenez hurren. Baita azken herri horretako udaleko Euskara Batzordeko teknikari Marifer Gorostiza ere.

Ekimenarekin bat egin duten laurogeitik gora dendatan euskara normalizatu asmoz, hainbat material prestatu dute. Ogien euskarazko izenekin 26 txartel plastifikatu jarriko dituzte. Gauza bera egin nahi dute produktuen irudi eta euskal izenekin osatu duten kartelekin; denda horietan eseki.

POLTSAK, OPARI
Saltzaileez bakarrik ez, bezeroez ere gogoratu dira kanpainako arduradunak. Ogia erosteko erosotasuna eskaini nahi diete erosleei. Hori dela eta, kanpainako okindegi parte hartzaileetan guztira 15.000 kotoizko poltsa banatuko dituzte erosleen artean. Hartara, bezeroek ogia euskaraz eskatzeko aitzakiarik ez dute izango. Karteletan bezala, poltsen gainaldean ere, ogien irudiekin batera haien euskal izenak ageri baitira.
Ez da soilik bere lanean edota erosketetan egunero euskara darabilten saltzaile eta bezeroei zuzendutako ekimena. Erdaraz mintzatzen direnengana ere iritsi nahi dute Buruntzaldeko ordezkariek. Haiek produktuen euskal izenak jendaurrean erakusgai jartzea, aipatu hizkuntza normalizatzeko bidean aurrerapausotzat jotzen baitute ekimenaren eragileek.

Aipatu behar da, Agenda 21 ekimena kontuan izan duela Buruntzaldetik martxan jarri berri duten kanpainak. Materiala osatzeko, paper birziklatua erabili dute, eta poltsak egiteko berriz, kotoia eta tinta ekologikoa.

OKINDEGIENTZAT, EKIMEN BERRIA
Ez da merkataritzaren alorrean egiten den lehen kanpaina, 2002. urteaz geroztik ugari egin baitituzte. Gogoan hartu adibide gisa, duela gutxi bailarako fruta dendatan egin zena, edota iaz, arrandegietan burututakoa. Oraingoan, kanpaina okindegietara zabaldu nahi izan dute.

Bailarako herri guztiek parte hartu dute ekimenean, Andoainek izan ezik. Euskara Zerbitzuan izandako zenbait gorabehera tarteko, ekimenari ezin izan baitiote eutsi. Edozein kasutan, aurrerago alor honetan eragiteko asmoa dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!