Arkupeko pilota txapelketa martxan

Udaletxe azpiko arkupea pilotaleku bihurtzen da larunbatero. Izan ere, urtarrilaren 12an jarri baitzen martxan arkupeko pilota txapelketa. Joko bizi eta azkarra bertatik bertara ikusteko aukera paregabea.

Ume eta gazte garaitan arkupean jokatutako pilota partidak gogoratuz sortu zitzaien txapelketa antolatzeko asmoa. Patxi, Aitzol eta Pantxo asteasuarrek izan dute antolaketa lanak egiteko ardura. Iaz jarri zuten martxan ekimena eta bederatzi pilotari animatu zen. Aurten, hamasei jokalarik eman du izena.


“Arkupeko partidetan saltsa berezia sortzen da, txoko asko dago eta oso joku azkarra egiten da. Eskuz banakako partidak egiten dira, hogeita bi tantora”, azaldu du Patxik. Lau taldetan banatuta hasi dute txapelketa. “Talde bakoitzeko jokalariak, elkarren artean lehiatuko dira. Hiru partidetatik onenak irabaziko du. Talde bakoitzeko lehen bi sailkatuak hurrengo fasera pasako dira”.


Finala apirilean jokatuko da
Arratsaldeko 16:00etan hasten dira norgehiagokak. “Larunbatero lau partida jokatuko dira. Datorren fasean zortzi pilotari arituko dira, bi taldetan banatuta eta hortik, talde bakoitzeko lehen biak finalaurrekoetarako sailkatuko dira. Apirilaren 19rako aurreikusi dugu finaleko partida. Finalaren ondoren, afaria egiten dugu pilotari guztiek”, dio Patxik.
Pilota biguinarekin jokatzen dira arkupeko partidak: “Jendea errazago animatzen da horrela. Esan beharra dago, gainera, neskek ere badutela izena emateko aukera. Orain arte ez da inor animatu baina ateak zabalik dituzte”.


Eskualdeko pilotariak
“Asteasu, Zizurkil, Aduna, Villabona…, inguruko jendea animatu da parte hartzera. Duela urte batzuk, oso ohikoa zen arkupean pilotan aritzea eta txapelketak ere egiten ziren, baina gaur egun, Zizurkilgo Ziminterioko txapelketaz gain, eskualdean ez dut besterik ezagutzen. Azkoitian ere horrelakoren bat badela uste dut. Joko azkarra eta bizia da, ikuteko polita, nahiz eta tokiak ez duen ondo ikusteko erosotasun handiegirik eskaintzen”.


Garai batean pilotari handiak aritu ziren Asteasuko udaletxeko arkupetan. “Atano IIIa ere bertan izan zen behin. Asteasuko uztargilearen aurka jokatu zuen partida bat. Uztarri izenez ezaguna zen”, azaldu du Patxik. “Gu ere bertan aritzen ginen haurrak ginela. Koadrila handia bildu eta inkilintxintxura jolasten ginen. Lehendabizi txokotan erabakitzen genuen zein bikote hasiko zein lehian, gainerakoek ilaran itxaroten zuten bitartean. Bi horietako batek tantoa galtzen zuenean kanporatu egiten zen eta besteak tantoa lortu. Kanpoan geratzen zenaren ordez ilarako lehenengoa sartzen zen. Jokalariren bat hogeita bira iritsitakoan amaitzen zen jokoa. Ordu batzuk pasatzen genituen arkupean”, gaineratu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!