Eskola sortzeko bidean, hogeita hamairu urteren ostean

Larraul da Aiztondo bailaran eskolarik ez duen herri bakarra. 33 urte dira
herri eskola itxi zutenetik. Urteetako hutsunea gainditu nahian ari da orain guraso batzordea.

Larraulen eskola jartzeko asmoa ez da berria. Azken hamar urteotan egin dira zenbait saiakera. Orain, ordea, eskola sortzeko behar diren legezko baldintza guztiak betetzen ditu Larraulek: ume kopurua (12 urtez beherako 52 haur daude), gurasoen konpromisoa idatziz emana eta azpie-gitura ezin hobeak Antton Amonarriz Kulturgunean. Guraso batzordeak eta Udalak landu duten eskola proiektuan ageri denez, herri ikuspegia eta arrazoi pedagogikoak elkarrekin doaz Larraulen eskola sortzeko proiektuan. “Begi bistakoa da eskolak zenbat ematen dion herriari, umeak eskola garaitik hasten baitira herriko izaten, herria sentitzen, eta herriko bizitzan parte hartzen. Eta umeen bueltan, gurasoen arteko harremana ere herri-dinamika eta intregrazio iturri da, are gehiago Larraul bezalako herri batean. Beste aldekoa ere ezagutzen du. Larrauli urte luze-tan egokitu zaio eskolarik gabeko herria izatea, eta badaki zer den hori”.

Orain da  momentua
Orain dela 10 urte Larraul husten ari zen herria zen. 30 urtean, 250 lagunetik gorako he-rria izatetik, 136 biztanle izatera jeitsi zen. Egoera horri buelta emateko Udalak etxe-bizitza politika berria jarri zuen martxan, gaur egunera arte iritsi dena: etxe berriak egin,  Katillutxulo elkartea martxan jartzea erraztu, zerbitzu be-rriak eskaintzeko Kultur etxea egin, aktitibate berriak antolatu... Guraso batzordetik nabarmentzen dutenez, “gaur egunean Larraul 250 biztanleko herri bizia da, plazan umeak jolasean ikusten dira, eta geroz eta herri giro handiagoa dago. Egoera honetan, eskola sortzeko une ezin hobea da”.
Ikuspegi pedagogikoa eta hezkuntza kalitatearen aldetik ere, Udala eta guraso batzordea sinetsita daude “eskola herrian bertan izatea dela egokiena: batetik, integrazio bidea askoz errazagoa delako haurra parketik ezagutzen dituen lagunekin eskolara joaten bada. Bestetik, ikasketa prozesuan, haurra bere hurbileneko ingurutik joaten da espazio zabalagoez jabetzen (gurasoak, familia, eskola, herria...). Herri bereko ikasleek erreferentzi mundu konpartitua izaten dute, eskolak eta herriak ematen diena.”

12 urte arte
Pixkanaka-pixkanaka, 12 urte arteko eskola jartzea da helburua. Irailean 0 eta 6 urte artekoak hasiko lirateke, eta 12 urte arte herrian ikas dezatela da gurasoen nahia. Egindako lan guztiaren ostean, itxaropentsu daude gurasoak baina azken erabakia Hezkuntza Sailarena izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!