Kornelio Urkia, ehun urteko herritarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 23a, 13:08

San Anton egunean bete zituen 100 urte Kornelio Urkiak. Mende bat gainean izan arren, harritzeko moduko sasoia eta argitasuna ditu Zizurkilen jaiotako tolosarrak.

Mezetarako buelta egin ostean hartu gaitu Kornelio Urkiak Tolosako bere etxean. Gaur Arantxa alabak lagundu dio. Oraindik ibiltzeko gauza bada ere, ez du garai bateko sasoia eta kalera gurpildun aulkian irteten da. Etxean ordea, ez du aulkiaren beharrik izaten eta bere kasa ibiltzen da. Guardasola bere lekuan utzi eta mahaian eseri ostean, kontu kontari hasi da, burua argi asko duela agerian utziz.


Kornelio Urkia 1908an jaio zen Zizurkilgo Zaldu Zar baserrian. Garai hartan ohi gisan, txiki-txikitatik egokitu zitzaion lan egitea. “Mutil koxkorra nintzela, han joaten nintzen Ezkaltzura ote garbitzera. Aitak sail batzuk erosi zituen bertan eta garbitu egin behar ziren. Hori lanak! Gogoratzen naiz behin Asteasukoa zen apaiz batek, Jexux Otegik, ni ikusita nola esan zuen: Jesus! Horrren mutil txikia eta horrelako atxurrarekin! Orion eta Zarautzen argiak piztu arte aritzen ginen lanean”.

Tolosara bizitzera
Baserrian lan asko eginagatik, hura ez zen Kornelioren gustukoa. “Egia esan, lanarekin aspertuta alde egin nuen baserritik. Aitak ni nahi ninduen baserrirako, baina nik ez nuen nahi”, gogoratzen du. Horrela, igeltsero hasi zen, lehenik Donostian eta gero Tolosan. “Tolosara etorri intzenean 25 bat urte izango nituen, 1932 inguruan. Bi urte soldaduska egin eta gero”.


Soldaduska egina izanagatik, gerra garaian ere tokatu zitzaion soldadu ibiltzea. “Hiru anaia ibili ziren gerran eta ni ere harrapatu ninduen. Tropak sartu zirenetik, goardia egiten jarri ninduten Zizurkil goian, gauez egoten nintzen. Voluntarios forzosos ginen”, dio umoretsu.

Familia osatu
Gerra ostean ezkondu zen Kornelio, urte luzez emazte izan zuena alarguna zen ezagutu zirenean. Emazteak seme bat zuen lehendik, eta gerora seme alaba bana izan zuten, baina hirurak bereak bezala maite ditu. Familia aurrera ateratzeko lan ugari egin zuten. “Zapata denda ireki genuen, bertan ama eta seme zaharrena egoten ziren eta nik igeltsero lanetan segi nuen”, azaldu du.


Tolosan bizitza eginagatik Zizurkilgo lotura ez du inoiz ahaztu Korneliok. “Sarri joaten ginen Zizurkilera. Aspaldian ez, ezinduta nago eta. Baina lehen bai, festetan esaterako, Amabirjinetan, urtero joan ohi ginen”. Orain bizitza lasaia egiten du. “Jan eta lo besterik ez”, dio irribarrez.

Pilota, afizio
Pilota partidak ikustea da bere afizio nagusienetako bat. “Telebistan noiz emango desiatzen egoten naiz”. “Telebista gertu-gertuan jarrita egoten da ikusten, bista bajatua duelako”, azaldu du Arantxa alabak. Bere pilotari gustokoena zein den ere argi du Korneliok. “Onak asko daude baina niri Olaizola II.a gustatzen zait. Gogoratzen naiz, orain urte dezente Zarautzen jokatu zuen partida bat sekulakoa izan zela. Gogoan dut Titin zela aurkarietako bat eta Olaizolak denak airean ibili zituen. Ezkerrez, eskubiz, gantxoz… Orduz geroztik, bera da niretzat pilotari onena”.


Azken egunetan omenaldi eta ospakizun ugari ari da jasotzen. Tolosako herriak omenaldia eskaini zion urtebetetze egunean, “oso bertso politak kantatu zizkidaten elizan”, gogoratzen du pozik. Familiakoekin ere ospatu du, bazkari ederra eginez. “Ez dut asko jaten”, dio Korneliok. Barre egiten du alabak. “Bere adinerako oso ondo jaten du. Purea, oilaskoa saltsan eta konpota esaterako”.  100 urtetara iristeko sekretuaren inguruan galdetuta, hauxe Kornelioren erantzuna: “Lan asko egin eta parrandarik ez”. Zorionak eta urte askoan Kornelio!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!