Agur, Pedro eta Benita

Urtarrilaren 2an hil zen Pedro Arratibel Epelde.  Pedro joan eta handik egun gutxira, urtarrilaren 12an zendu zen Benita Ormazabal Murua villabonatarra, 96 urte zituela.

Urtarrilaren 2an hil zen Pedro Arratibel Epelde. Amasa-Villabonako iragana egunera ekartzeko ahaleginean, Lumane bildumako lehen bileratan parte hartu zuen villabonatarra. Gaixotasunak ahuldu egin zuen eta egitasmoan aurrera jarraitzea eragotzi zion.
Villabonako Kale Nagusian jaio zen Pedro 1929 urtean. 13 urterekin, mekaniko lanetan hasi zen Sacem lantegian. 20 urterekin, bulego lanari ekin zion lantegi berean. Saxofoia jotzen zuen eta herriko musika bandako kide izan zen urtetan.


Herriko musika doinuen oihartzunak bildu ziren Lumane aldizkariko lehen zenbakian bere oroitzapenak azaldu zituen, eta besteak beste, Luis Oharretxena Villabonako musikari handia izan zuen hizpide. “Oso gizon azkarra zen Oharretxena. Hain zen azkarra… Pentsa, orria pasatzen zuenerako, irakurritakoa buruan izaten zuen”. Baina argia bezain zuzena zela zioen, “bandaren entseguren batean akatsen bat entzuten bazuen, banaka-banaka, jo ezak, jo ezak esaten zigun, hanka nork sartu zuen jakiteko”.


Eskolako gaiarekin lotutako aldizkarian, berriz, inspektorea urtean behin ikasleei galderak egitera eskolara etortzen zitzaiela gogoratu zuen. Erantzuna asmatzen ez bazuten, maisua inspektorea baino gehiago haserretzen zela esan zuen. “Inspektoreak ez zuen egurrik ematen, ez genuen besterik falta! Guretzat jai eguna izaten zen haren etorrera”, azaldu zuen.


Agur, Benita
Pedro joan eta handik egun gutxira, urtarrilaren 12an zendu zen Benita Ormazabal Murua villabonatarra, 96 urte zituela. Amasa-Villabonako erretratu zaharren liburua osatzeko bere laguntza eta borondate ona eskaini zituen. Aiurri aldizkariaren 209 zenbakian egin genion elkarrizketan, iraganaz hitz egin zuen. Subijana oihaltegian egin zuen lan, zazpi urtetatik jubilatu arte. Bertako enkargatu izatera ailegatu zen. “Hasierako urte haietan langileen laguntzaile aritzen ginen gu, aurrera begirako lana ikasten. Garai hartan zazpi, zortzi eta bederatzi urteko haur asko aritzen zen laguntzaile lanetan. Zazpi erreal jasotzen genituen sari modura. Ez zen ezer askorik baina, etxean laguntzeko egiten genuen lan”. Ofizio eta afizio ugariko emakume langilea zen Benita. Subijana oihaltegiko lanak haur zaintzarekin lotu zituen. “Alkatearen iloba zaintzen nuelako, painuelo zuria lepoan jantzita ibiltzen nintzen”. Era berean, Subijanan lanean aritu zen garaian, botika kontuen zalea eta herriko kallista izan zen. “Gustura egiten nuen kallista lana. Inguruko herri askotatik etortzen ziren bezeroak etxera. Hasieran bi erreal kobratzen nituen. Gustuko lana izateaz gain, diru pixka bat egiteko modua izan zen; ez askorik, jubilazioari laguntzeko adina, besterik ez”.


Aurreko belaunaldiko bi kide maitagarrirekin batera, gure iraganaren zatitxo bat haiekin batera joan zaigu. Mila esker egindako ahaleginagatik. Muxu bana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!