Garaian garaiko barazkiak

Uztaro kooperatibak garaian garaiko barazkiak eskaintzen ditu. Amasa-Villabonan zortzi bazkide ditu eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Uztaro nekazal kooperatiba martxan jartzeko ideia Markinako Gazte-mugi topaketan sortu zen. Baina Madrilen, Granadan nahiz Katalunian ere abian dira antzeko egitasmoak. “Egitasmoaren ideia nagusia, produktuaren eta kontsumitzaileen artean gertutasuna sortzea da. Ingurunearen, gizartearen eta elikaduraren arteko duintasuna bermatzea”, azaldu du kooperatibako kide Iker Goikoetxeak. “Baserriak etorkizuna daukala sinesten dugu, baina horretarako, elkarlana beharrezkoa dela uste dugu. Baserritarrak eta kontsumitzaileak proiektu beraren partaide sentiaraztea da gure kooperatibak hartutako bidea”. Egungo merkatuan produktuaren eta kontsumitzailearen artean inolako harremanik ez dagoela uste du Ikerrek, “globalizazioaren eraginez, edozein txokotatik iristen dira produktuak eta kontsumitzaileak erosi besterik ez ditu egiten. Prezioak merkatuak jartzen ditu, gainera”.

Uztaro kooperatiba, baserriak bizi duen krisiari irtenbidea emateko sortu zen, “ez dakigu ondo edo gaizki aterako den, baina aurrera jarraitzeko asmoa dugu”. Besteak beste, Lasarten, Andoainen eta Amasa-Villabonan ditu bazkideak, “bakoitzak bere erara banatzen ditu lanak. Kontsumitzaileak baditu eskubideak baina, baita betebeharrak ere. Horien artean, produktuak banatzea, baserriko lanetan lagundu eta auzolanean aritzea, hileroko asanbladan ordezkari batek parte hartzea…”. Baserritarrak ere baditu bereak, “produktuak modu ekologikoan haztea, produkzioa nola doan azaltzea, barazki aukera ezberdinen berri ematea, trukeak azaltzea…”

Oso produktu ona
Ekimena abian jarri zenetik, kooperatibako kide dira Karmentxu Arana, Miren Vitoria eta Arantxa Mujika ere. Astean behin, Amasan elkartzen dira Beizamatik ekartzen dizkieten barazkiak kaxatan banatzeko, “hasieran Villabonako gaztetxean egiten genuen banaketa. Gaztetxea bota zutenean, Amasako gazte lokala utzi ziguten. Oso ondo moldatzen gara hemen”. Urte luzetan ikastolan lankide izandako hirukoteak, kooperatibaren baitan beste konpromisorik hartu ezin zuenez, banaketaren ardura hartu zuen bere gain, “modu horretan, gainerako kideek kaxa hartu eta etxera eraman besterik ez dute egin behar”.

Kooperatibako kide izateak alderdi onak ditu parte hartzaileen ustez, “garaian garaiko produktuak jaten ditugu. Baratzak une horretan ematen dituenak. Astero barazki sorta ederra eramaten dugu etxera. Oso produktu ona”. Ekimen honen bidez, jasotzen dituzten barazkiak jaten dituztela adierazi dute, “bestela, gaur ez daukat honen gogorik pentsatu eta beste zerbait erosten duzu. Modu honetan, barazkiak etxean dituzunez, daukazuna jaten duzu”, azaldu du Karmentxuk. Arantxak, berriz, oso noizean behin erosten dituela barazkiak dendan esan du, “nik azenarioa asko erabiltzen dut eta falta bada, erosi egiten dut. Patata edo tipula ere tarteka bai. Gainerakoan, ez dut beste barazkirik erosten. Kaxan datorrena jaten dugu”. Kuota bidez funtzionatzen dute, hilean 6 e ordainduz. Kooperatibak hilero 35 kideri sorta emateko egiten du lan. Une honetan 31 kide dira, 4 kide berri sar litezke, beraz. Inork nahiko balu, hortxe aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!