Iñauterien atarian, Kaldereroak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 23a, 13:02

Inoiz baino goiztiarrago, urtarrilaren 26an iritsiko dira kaldereroak Andoainera. Euren kantu eta doinu bereziekin iñauteriak gertu direla jakinaraziko diete andoaindarrei.

Ontza elkartearen parean 18:30etan elkartu eta Goikoplaza aldera abiatuko dira kaldereroak zartariak eta ontziak astinduz. Goikoplazan kanpamendua jarriko dute eta ondoren, herrian barrena abiatuko dira kalejiran. Ontza elkartean bilduko dira gero, afari goxoarekin indarrak berreskuratzeko.


Kaldereroen etorrerak, iñauteriak iristear direla adierazten du. Urtarrilaren 31n, ostegun gizena, ikastetxeetako haurrak izango dira protagonista nagusiak. 15:00etan kalejira koloretsuari ekingo diote. Kale Nagusian egingo dute bat ikastetxe guztietako haurrek eta Los Pasai txarangarekin batera herri guztian zehar zabalduko dute iñauterietako giroa. Amaieran, gozokiak eta gailetak banatuko zaizkie parte hartzaileei. Horrez gain, Play backa, Potxi eta Patxin pailazoen emanaldia, txokolatada, beldurraren etxea, maskara lehiaketaren sari banaketa, kontzertu bufoa…, denetik izango da aukeran.


Ostiralean, otsailak 1, haur parkea egongo da Goikoplazan eta Gazte lokalean koadrilen arteko afaria antolatu dute. Gainera, Gora Kaletxiki txaranga kalean zehar ibiliko da 19:00etatik aurrera.

Konpartsen eguna
Larunbata izaten da egunik garrantzitsuena Andoaingo iñauterietan, ehunka herritar ateratzen baita arratsaldeko mozorro eta konpartsa kalejiran. Goizean goiz hasiko dira andoaindarrak motorrak berotzen. 09:00etan dultzaineroen dianak esnatuko du jendea eta eguerdian, Soinuak musika eskolako ikasleen kalejira egingo da. Ordu horretarako konpartsa ezberdinetako partaideak poteoan arituko dira Gauerdi txarangaren doinuez lagunduta.


Arratsaldeko bostetan hasiko da konpartsen kalejira. Txitibar plazatik aterako dira eta Goikoplazaraino joango dira dantza eta kolorea eskainiz. Iluntzeko 20:30ak arte ibiliko dira konpartsetako kideak kalez kale. Piratak, sabel dantzariak…, urtero bezala, denetik izango da. Gauean berriz, dantza gehiago egiteko gogoz geratzen direnentzat, Abiba Diskojaia izango da Nafarroa plazan.


Igandea iñauteriei agur esateko eguna izango da, baina iluntzera arte izango da festa giroaz gozatzeko aukerarik. Dultzaineroek esnatuko dituzte herritarrak eta 12:00etan mozorro eta konpartsei ateratzeko deia egin zaie. Arratsaldean Kanpanolue ikuskizuna izango da Goikoplazan eta 20:00etan sardinaren segizioa hasiko da. Lutoz jantzita, kandela eskuan hartuta eta negar-zotinka agurtuko dira iñauteriak. 20:45etan ehortziko da sardina Zumea plazan eta datorren urtera arte zain egon beharko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!