Jokalari trebeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 23a, 13:01

Indar handia du eskubaloiak Andoainen eta horren lekuko jokalariek erakusten duten maila ona. Hainbat jokalari euskal selekzioan aritu da hilabete honetan.

Malen Olasagasti, Nagore Arizaga eta Alejandro Colorado Vigon izan dira Kadete mailako Euskadiko selekzioarekin. Kattalin Olasagasti, Oihana Arruti, Itziar Ubillos eta Garazi Lopez jubenil mailako taldearekin izan dira Meridan. Guztiak ere, gustura itzuli dira egindako lanarekin eta bizitako esperientziarekin.


Urtarrilaren 3tik 8ra Vigon izan ziren Kadete mailako jokalariak, Euskadiko selekzioarekin. Aurretik ere hainbat entrenamendu eta kontzentrazio saio eginak zituzten selekzioarekin, taldea ezagutu eta Estatuko txapelketa prestatu asmoz. “Zubi eta jaiegunak aprobetxatuz egiten dira hitzorduak selekzioarekin. Gasteizen izan ginen, Bizkaian ere bai eta lagunarteko partida batzuk ere jokatu ditugu. Aurtengo denboraldia Vigoko txapelketa honi begira prestatu dugu”, azaldu du Malen Olasagasti jokalariak.


Emaitza ona
Hemeretzi talderen artean erabaki zen Estatu mailako txapelduna nor zen. “Kirol instalakuntza bakarrean lehiatu ginen nesken eta mutilen taldeak. Sei pista antolatu ziren eta aldi berean hainbat partida zegoen jokoan. Taldeka antolatu gintuzten eta talde bakoitzeko lehen hiru sailkatuak final zortzirenetarako sailkatu ziren. Guk ez genuen sailkapen hori lortu eta sailkatu gabeko taldeen arteko lehian, irabazle geratu ginen. bederatzigarren postua lortuz. Maila altuko taldeak topatu ditugu. Andaluzia bezalako herrialde handiek, esaterako, jokalari onak izateko aukera gehiago dituzte eta hori nabaritu egiten da”, azaldu du Nagore Arizagak.


Alejandro Coloradorentzak Euskadiko selekzioarekin aritzen zen lehendabiziko aldia zen: “Entrenamendu saioetara joan izan naiz, baina lehian parte hartzen dudan lehen aldia izan da hau. Bosgarren postua lortu genuen txapelketan eta gainera, oso esperientzia ona izan da”. Horretan bat datoz andoaindar guztiak: “Toki askotako jendea ezagutzeko aukera ematen du eta horietako batzurekin harremana izaten jarraitzen dugu ondoren. Vigon egon garen egunak oso motzak egin zaizkigu”, diote.


Astebururo partidak eta astean zehar bi edo hiru entrenamendu izaten dituzte hamabost urteko gazte hauek. “Gustatzen bazaizu, ez da gogorra egiten. Jarraitzeko asmoa dugu”, diote aho batez.


Maila bikaineko jokalariak
Kattalin Olasagasti, Oihana Arruti, Itziar Ubillos eta Garazi Lopez Meridan izan dira Jubenil mailako selekzioarekin. “Iaz mailaz jaitsi ginen eta txapelketatik kanpo geratu ginen. Aurten Estatuko kopan lehiatu gara”, azaldu du Kattalinek. Urtarrilaren 2tik 6ra luzatu zen Meridako lehia: “Partida guztiak irabaztea lortu genuen. Finala 33-35 irabazi genuen. Nafarroaren aurka eta, maila berreskuratu dugu. Bigarren mailako jubenilak gara eta hau zen gure azken urtea. Senior mailan, Zarautz eta Ereintza taldeak lehen mailan dabiltza, baina oso zaila da hor sartzea.


Gainera, datorren urtean nibertsitatean hasiko gara eta ikusi egin behar non egingo ditugun ikasketak. Andoainen badago senior mailako talde bat eta nahiz eta ez
den maila gorenean lehiatzen, aukera bat izan daiteke”, diote.

Esker ona
Maila bikaina erakutsi dute eskubaloiko jokalariek: “Andoainen eskubaloiak indar handia du, batez ere nesken taldeetan. Ume eta gaztetxo asko dabil eskubaloian. Helduxeagotan, ikasketak direla eta, batzuek utzi egiten dute, baina maila ona da”.


Jubenil mailako azken urtean dauden jokalariek, orain arteko ibilbidearen balorazioa bat egin dute. “Inork ez zuen espero horrelako talde bat ateratzea eta oso gustura gaude lortutakoarekin. Entrenatzaileei eskerrak eman behar dizkiegu eskaini diguten laguntza guztiagatik. Gorka Matute eta Josema Fernandez izan dira beti gure entrenatzaileak eta lan handia egin dute. Aurtengo denboraldia ez da hain ona izan, baina gainerantzean oso emaitza onak lortu ditugu”, diote aho batez.

Jokalariak banan bana

Etxeberrieta Berri
Kadete 2. maila. Duela bi urte Gipuzkoako txapeldunorde. Iaz Euskal Ligan garaipena eta Estatuko sektorerako sailkapena.

Malen Olasagasti, 15 urte
Ibilbidea: Euskadiko Selekzioarekin: urtebetez promesa gisa eta aurten Estatuko txapelketan.

Nagore Areizaga, 15 urte
Ibilbidea: Euskadiko selekzioarekin: infantil mailan hasi zen, duela lau urte. Infantil bigarren urtean Estatuko txapelketan parte hartu zuen. Iaz entrenamenduetan aritu zen selekzioarekin eta aurten txapelketan aritu da.


Kadete mutilak
Alejandro Colorado, 15 urte
Selekzioarekin: infantil mailan hasi zen, duela lau urte. Aurten txapelketan aritu da. Leizaran taldearekin: Lau urte darama lehian.
Orain jokoan: Liga territoriala

Leizaran Pegamo
Jubenil 2. maila. Infantil mailan Gipuzkoa eta Euskadiko txapeldun. Kadete 1. mailan: Gipuzkoako txapeldunorde. Kadete 2. mailan: Gipuzkoako txapeldun, Euskadiko hirugarren postua eta estatu mailako sektoretarako sailkapena. Jubenil 1. maila: Gipuzkoako txapeldunorde eta Euskadiko laugarren postua.

Kattalin Olasagasti, 17 urte
Selekzioarekin: Gipuzkoakoarekin infantil mailatik. Euskadikoarekin infantil mailatik. Estatukoarekin infantil 2. mailatik.

Oihana Arruti, 17 urte
Selekzioarekin: Gipuzkoakoarekin infantiletan hasi zen Euskadikoarekin aurrez entrenamenduetan eta iaz lehian.

Itziar Ubillos, 17 urte
Selekzioarekin: Gipuzkoakoarekin kadete mailan. Euskadikoarekin aurrez entrenamenduetan eta kadete 2. mailatik, lehian.

Garazi Lopez, 17 urte
Jubenil 2, maila, Leizaran Pegamo
Selekzioarekin: Gipuzkoakoarekin kadete 2. mailatik. Euskadikoarekin infantil 2. mailatik

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!