Gabiltza artisauen bilgunea Asteasun

Udazkenean zabaldu zuten Asteasun Gipuzkoako artisau elkartearen egoitza berria. Hogeita hamar artisautik gora biltzen da elkartearen baitan.

Adunako Iñaki Gorostidi, Karlos Irazu larrauldarra eta Asteasuko Marijo Gordillo Gabiltza elkarteko kide dira. Harria, egurra eta beira lantzen dute, hurrenez hurren.
Hamabi urte darama martxan Gabiltza elkarteak. “Elkartearen helburua artisautza bultzatzea eta inguruko artisauak elkartzea da. Horretarako urtean zehar hainbat artisau azoka egiten da. Egun bakarrekoak batzuk, luzeagoak beste batzuk… Lehendik zeuden azokei eustea lortzea da helburuetako bat”, dio elkarteko kide den Karlos Irazuk.


“Hogeita hamairu kide gaude guztira. Zilarrezko pitxiak, egurra, larrua, buztina, kristala, harria, alanbrea, jostailuak…, denetik egiten dugun jendea biltzen gara. Elkarteko kide izateko, norberak egin behar ditu saltzen dituen produktuak. Ez du balio beste norbaitek egindako ezer saltzea”, azaldu dute.

Azokaz azoka
Urtean zehar hamabi bat azoka antolatzen du Gabiltza elkarteak: “Ordizian lau bat azoka egiten dira urtean. Bertan egiten da Artisaualdi izeneko azoka ere. Urnietan, Andoainen, Donostiako hainbat gune eta auzotan… Esaterako, udako hilabeteetan igande guztietan antolatzen da Donostiako Bretxan artisau azoka. Oso azoka ona izaten da. Jende ugari ibiltzen da Alde Zaharrean barrena eta hori nabaritu egiten da. Elkarteko kide guztiak batera nahiko tokirik ez dagoenez, txandaka joaten gara. Ekainaren erdialdetik hasi eta iraila bitarte izaten gara bertan, igandero, goiz eta arratsalde. Iaztik, Aste Santuan ere azoka egiteko eskaera egin genuen eta aurten ere bertan izatea espero dugu”, diote Karlos Irazu eta Iñaki Gorostidik. Gabiltzatik bideratutako azoka horiez gain, beste erakunde edo elkartek antolatutako beste hainbat azoka ere izaten da urtean zehar: “Norberak bilatu behar du azoka horietara joateko modua. Bizkaia, Nafarroa, Araba… asko mugitzen gara. Eusko Jaurlaritzak ere turismoa sustatzen topaketak antolatzen ditu eta horietan ere parte hartzen dugu”, diote.

Artisautzaren egoeraz
“Artisauak beti kexan ibiltzen gara artisautzaren egoeraren inguruan eta horretarako arrazoiak baditugu, baina hor ari gara, eta hori, saltzen dugunaren seinale da. Artisautza erosten duenak ez du beharrezko zerbait erosten, kapritxozko zerbait baizik. Orokorrean, ekonomiaren egoera ez da oso ona eta artisautza behar beharrezkoa ez denez, nabaritu egiten da. Gu hasi ginenetik hona, azoketako salmentak jaisten ari dira. Azokak, bestalde, jendeak gu ezagutzeko modu bat ere badira. Bertan erosi ez arren, badago txartela hartu eta etxera etortzen zaigun jenderik ere”, dio Iñakik.

Gune baten beharra
“Azoketan ibiltzea ondo dago, eta beharrezkoa da, baina aurrera egiteko, beste bideren bat bilatu beharko genukeela iruditzen zait eta hori askotan aipatu izan dugu Gabiltzako bileretan. Azoketan saltzea ondo dago, baina haizea, eguraldi txarra, prestatzen diguten tokia…, askotan egoera ez da onena izaten, ez guretzat, ezta azoka ikustera etortzen direnentzat ere. Hori hobeto zaindu beharreko zerbait da. Denda edo gune bat izatea egokia izango litzatekeela iruditzen zait. Artisautza bultzatuko lukeen gune bat egiteak ate asko zabalduko luke. Artisautzako produkturen bat erosi nahi duenak nora jo jakingo luke. Gure lan egiteko modua ere hobetu egingo litzatekeela iruditzen zait, elkarren arteko kolaborazioak egiteko modua erraztuko bailuke. Ikastaroak antolatzeko modua erraztuko litzateke. Horretarako erakundeen laguntza beharko genuke”, gaineratu du Karlosek.


Lan handia egin beharra izaten dute artisauek: “Ordutegirik gabe aritzen gara eta hori abantaila bat da, baina norberak egin behar ditu lan guztiak eta askotan, gogorra egiten da. Materiala bilatu, prestatu, piezak osatu, publizitatea egin, azoketara eramateko prestatu, saldu…, nagusi eta langile postuak bete behar izaten ditugu”.
Asteasuko Kale Nagusian du egoitza berria Gabiltza elkarteak. Materiala gorde eta bilerak egiteko erabiltzen dute, baina hainbat ideia dute buruan: “Polita litzateke eskaparatea prestatu eta bertan gure produktuak jartzea, jendeak jakin dezan nor garen, non biltzen garen eta zer egiten dugun”, diote.

Bertako artisauak

Karlos Irazu, egur lanketa
610 770 131
www.betiarte.com
Larraulen bizi da Karlos Irazu eta bertan du tailerra ere. Duela hamar bat urte hasi zen egurrari forma ematen. Beti aritu izan naiz margotzen eta Ostatu tabernako ardura hartu nuenean, taberna apaintzeko egurrezko gauzak egiten hasi nintzen. “Zainen eta adarren formak interpretatuz hasi nintzen. Jendearen eskaeraren arabera, lan berriak egiten joan naiz. Eskulturak, altzariak, ordulariak, apaingarriak…, hainbat lan egiten dut egurrarekin”. Zabaldu berria du bere lanak erakusten dituen webgunea.


Iñaki Gorostidi, harria
943 693 496
Adunako Apakintza baserrian aritzen da Iñaki Gorostidi harria lantzen. Duela hemezortzi urte hasi zen harri-jasotzeko harri txikiak egiten. “Aurrera egiteko aukera zegoela ikusi, eta ordulariak, Euskal Herriko mapak, lauburuak eta bestelako hainbat lan egiten hasi ginen emaztea eta biok. Oraindik ere gauza berriak ateratzen saiatzen gara. Konpetizioko harri handiak ere egiten ditut eta harri jasotzeko eskola ere jarri nuen; larunbatero biltzen gara harri-jasotzen aritzeko. Ikustera etorri nahi duenak, ateak zabalik aurkituko ditu”.


Marijo Gordillo, beira
661 255 775 / kiaravidrio@gmail.com
Bitxiak, ispiluak, hautsontziak, ordulariak, platerak, apaingarriak…, beira erabiliz hainbat produktu sortzen dute Marijo Gordillo asteasuarrak eta Arantxa Ociok, Kiara izenpean. Duela bi urte hasi ziren lanean eta gustura daude izandako harrerarekin. Azken produktuari ezin diogu aplikatu atzean dauzkan lanorduen prezioa, ezinezkoa da hori guztia ordaintzea, baina honetan hasi aurretik ere bagenekien horrela zela eta ezin dugu kexatu”. Oso gustura daude Kiara enpresako kideak. “Azokatara joaten gara eta oso harrera ona izaten dute gure produktuek”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!