Informazio hitzaldia, datorren asteartean

Zizurkilgo Udalak bilera batera deitu ditu Ugare auzoko bizilagunak gune horretako jarduerei buruzko argibideak emateko.

Zizurkilgo Udalak bilera bat egingo du urtarrilaren 29an Ugare (Ubare) auzoko bizilagunekin, eta bertan gune horretako berrurbanizazio-lanak egiten ari diren enpresa eta erakundeetako ordezkariek jarduera honetako eta aurrera begira egingo diren beste lan batzuen xehetasunak emango dituzte, hainbat zalantza eta galderei erantzuteaz gain. "Ekimen hau auzoa biziberritzeko plana abian jarri zenetik kolektibo honekin hasitako prozesu parte hartzailearen barruan sartzen da".

Bilera Kultur Etxean izango da 19:30etan, eta han izango dira Eusko Jaurlaritzako Ur Zuzendaritzako arduradunak, Mariezcurrena enpresako ordezkariak eta Zizurkilgo Udaleko teknikari eta politikariak, bakoitzari dagokion arloari buruzko argibideak eskaintzeko. "Hala, Eusko Jaurlaritzak eta Mariezcurrena enpresak Oria ibaiaren bideraketa zein fasetan aurkitzen den, eta lanak amaitzeko epeak zein diren azalduko dituzte, atal horien arduradunak diren aldetik.
Udalak bere aldetik, Ugare (Ubare) auzoaren biziberritze-planaren berri emango du. Plana, ordea, ibaiaren arroan egin beharreko lanak esleitu eta hauek egin ondoren jarriko da martxan. Bileran parte hartuko duten guztiek argituko dituzte azken hilabete hauetan gune horretako auzotarren artean sor zitezkeen zalantzak, kontuan izanik batzu-batzuk alarma faltsuak eragiten saiatu direla egiaz inolako arriskurik ez zegoenean, lan hauetan beharrezko segurtasun-neurri guztiak egoki hartuta jardun delako".

Aipatu bezala, ekimen hau Udalak 2005eko irailean gune horretako auzotarrak bilera batzuetara deitu zituenean abian jarritako prozesuaren barruan sartzen da. "Orduan, lehenik eta behin, hasierako biziberritze-proiektuaren berri eman zien, gerora bileretan parte hartzen zutenek eginiko ekarpenekin aldatzen joan den proiektua hain zuzen. Bestalde, Udalak hiritarren partaidetza-foroa irekita mantentzeko bere aldetik hartutako konpromisoa are gehiago sendotzen da datorren asteartean, hilak 29, izango den informazio-hitzaldiarekin".


Aldi berean, Zizurkilgo Udalak argi utzi nahi du herrian burutzen dituen jarduera guztietan gardentasunaren alde egin duela apustu, hirigintzako edozein jardueratan segurtasuna bermatzeko konpromisoa berresteaz gain. Hori horrela, Ugare (Ubare) auzoko bizilagun guztiei gonbita luzatzen die arestian aipatu bilerara etor daitezen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!