2008 urteko Udal aurrekontuak onartu dira

Atzo iluntzeko udalbatzan, gehiengo osoarekin onartu zen EAE-ANV alderdiak egindakoUdal aurrekontuen proposamena.

Zazpi baiezko, ezezko bat eta lau abstentziorekin, gehiengo osoa lortu zuen 2008 urterako aurrekontuen proposamenak. Baiezkoetan, EAE-ANV alderdiko sei botoei Ezker Batuko boto bat gehitu zitzaien. Marijo Sanchez zinegotziak, “ez geneukan kontra egiteko arrazoirik, ados gaude proposamenarekin”, azaldu zuen. PSOE alderdiak ezezkoa bozkatu zuen. EAJ-PNVk, berriz, abstentziora jo zuen. Xabier Azkolain zinegotziak batzarrean parte hartu ez zuenez, lau boto izan zituen PNVk. “Ez geneukan kontra bozkatzeko arrazoirik, aurreko bideari eutsi baitio proposamenak. Ez dago partida arrarorik, nahiz eta aurrekontuak guk egin izan bagenitu, jarri duten partidaren bat kendu eta besteren bat gehituko genukeen. Aurrekontuak osatzen parte hartu ez dugulako jo dugu abstentziora”, azaldu zuen Iker Ariznabarreta zinegotziak. Ezker abertzalea gustura agertu zen, “emaitza espero genuena izan da, baina Ezker Batuaren baiezkoarekin. Aurrekontua aurrera ateratzeko nahikoa zen gehiengo sinplea, baina gehiengo osoarekin onartu dira”.

Zazpi milioi pasatxoko aurrekontua
2008 urterako, zazpi miloi euro pasatxoko aurrekontua izango du Udalak. Aurreko zenbakian aipatu bezala, Kultura, Kirola, Euskara-Hezkuntza, eta bereziki, Ongizate batzordeetan nabarmenduko dira diru-laguntzen igoerak. Berrikuntzak ere badira, horien artean, Nazio Elkartasuna atala. Atal horretako diru-laguntzak Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari nahiz Nazio Eztabaidaguneari zuzenduko zaizkie, besteak beste. Inbertsio nagusienen artean, berriz, Izartu egitasmoa nahiz Santiago egoitzaren zabalpena leudeke: epe luzera begirako egitasmoak biak. Jubilatuen elkartea lekuz aldatzeko asmoak ere inbertsio handia eskatzen du. Baina lehenik eta behin, adostasuna lortu beharko da Txerminen, Zentroan edo Salvadorako etxe berrien azpialdean, non kokatu. Erabaki horren arabera, aukera gehiago edo gutxiago aztertu beharko ditu Udalak. Izan ere, Jubilatuek Zentrora joatea erabakitzen badute, bi egoitza gehiago izango bailituzke Udalak bestelako ekimenetarako: Ludoteka egiteko, besteak beste. Musika eskola dela eta, berrituta geratu da barrutik baina, kanpoaldea berritzea falta da orain. Batetik, fatxada; inguruko obren eraginez oso kolpatuta geratu baita. Bestetik, teilatuko hegala. Gurea zinemari dagokionez, berriz, berogailua ikastetxekotik bereizteko asmoa dute, independenteki funtzionatzeko aukera izan dezan. Bestalde, Aizkardi mendi elkarteak urtetan herrian egin duen lana kontuan hartuta, aspaldian egiten ari diren lokal eskaerari erantzutea eta Larrea auzoan Udalak duen lokala berrituta eskaintzea ere aurreikusi da.


Gastuak                                    

Zor publikoa                             487.379€       %6,9
Udal gobernua                          179.434€        %2,5
Bulegoak                                 924.672€        %13,1
Zerbitzuak                               1.180.725€      %16,7
Udaltzaingoa                            362.661€         %5,1
Gizarte Zerbitzuak                    1.256.270€       %17.8
Euskara eta Hezkuntza               691.603€         %9,8        
Hirigintza                                737.105€         %10,4
Kultura                                   901.638€         %12,8
Kirola                                     197.385€         %2,8
Ingurumena                             148.440€         %2,1

Guztira                                 7.067.314€         %100


Aurreikusitako hainbat inbertsio

Argiteria                                             20.000€
Asfaltatzeak                                        36.000€
Badenak                                             30.000€
Jubilatuen lokaleko obra                        300.000€
Gaztelekua, proiektuaren azterketa            3.000€
Eskoletako obrak                                 125.000€
Izartu egitasmoa                                  610.614€
Musika eskolako teilatua eta fatxada         15.200€
Musika eskolako aurreproiektua                 6.000€
Gurea zinemako berogailua                     24.000€
Aizkardiko lokaleko obra                         50.000€


Sarrerak

Zuzeneko zergak                     1.160.546€

Zeharkako zergak                    297.297€

Tasak                                   423.067€

Diru laguntza arruntak              4.014.020€

Ondarezko sarrerak                  47.274€

Kapital transferentziak              532.960€

Pasibo finantziarioak                 592.147€

Sarrera arrunta                        5.942.206€
Sarrera, guztira                       7.067.314€


Katea etxea Gazte leku?
Katea etxea hutsik geratu da haurtzaindegi berria zabaldu zenetik. Ekimenen bat garatuko al da aurrerantzean bertan? “Etxe hori Gipuzkoako Foru Aldundiarena denez, herriko beharretarako erabiltzeko eskaera luzatu zitzaien Foru Aldundiko kideei. Patrimoniotik etxe hori behar zutela erantzun zuten, baina erabilpena zehaztu gabe. Guk proiektu bezala Gazte lekua kokatzea planteatu genuen, leku egokia iruditu baitzitzaigun horretarako. Baina ezin da ilusio handirik egin, hasiera batean behintzat, baiezkoa baino seguruagoa baita ezezkoa”, azaldu zuen ezker abertzaleak aurkezpenean.


Zertan da Mintzola egitasmoa?
Uneotan, obren bigarren fasean dago Mintzola, “lanak udarako amaituko direla uste da. Gero, hirugarren fasea mobiliarioa sartzeko izan beharko luke”, EAE-ANVko kideen hitzetan. Mintzola egitasmoa Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa eta Villabonako Udalaren arteko proiektua da. Ezker abertzaleak, Villabonako Udalak aportaziorik nagusiena egin zuela uste du, “herriak zeukan etxe zoragarriena ematea. Guri interesgarria iruditzen zaigu proiektua, baina herriak, ez du erabilpen zuzenik izango. Ahozko literaturari buruzko zentroa izango da. Bertan kokatuko dira Xenpelar dokumentazio zentroa, Bertsozaleen elkartea eta Mintzola izeneko fundazioa. Guk ikusi dugunaren arabera, proiektu horrekiko interes handiena Foru Aldundiak erakutsi du, baina Jaurlaritza errenka sumatzen dugu. Proiektua erabat supramunizipala da Villabona bezalako herri txiki batentzat. Kezka daukagu etxea handia delako eta ez dakigulako nolako mantenu gastuak sor ditzakeen”. Dena ondo joanez gero, hurrengo ikasturtean zabalik egongo da Mintzola. “Beheko solairuan 70-80 lagunentzako auditorio ekipatua egongo da. Sarrera independentea izango duenez, herritarrek erabiltzeko aukera izango dute, aurrez eskaera eginda. Ondo etorriko da; udaletxeko eraikinean 30 lagunentzako gela polibalentea eduki arren, zinemaz gain, Villabonan ez baitaukagu biltzeko beste lekurik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!